euskaraespañol

Klorhexidinak eraginkortasun mugatua du aho interbentzioetan infekzioak saihesteko

Hala ere, kostua txikia denez eta kontrako erreakziorik eta konplikaziorik ez dakarrenez, UPV/EHUko ikerketa taldeak irakuzketa horiek erabiltzea gomendatzen du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/05

Klorhexidinak eraginkortasun mugatua du aho interbentzioetan infekzioak saihesteko
Iciar Arteagoitia, ikerketa egin duen taldeko partaide bat. Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

Bakteria ugari dago gizakien ahoan, eta odolera pasatu daitezke, interbentzioak egiten direnean, besteak beste, hortzen bat ateratzen denean. Klorhexidinarekin irakuzteak mikrobioen aurkako efektu ahaltsua du, baina horrelako kasuetan erabiltzeko gomendioetan elkarren kontrako iritziak daude. UPV/EHUren ikerketak erakutsi du hura erabiltzean % 12 saihestuko liratekeela bakteriemia kasuak.

Gizakiaren aho barrunbean askotariko bakteria ugari dago. Prozedura kirurgikoak egiten direnean, besteak beste, hortzen bat ateratzen denean, odol zirkulaziora igaro daitezke eta, ondorioz, normalean iragankorra izaten den bakteriemia eragin. Ez dago argi, oraindik, horrelako bakterien presentziak odolean jatorrian eta zenbait prozesu infekziosoren bilakaeran duen garrantzia, besteak beste, bihotz balbulen endokarditisaren bilakaeran, balbula protesienean, artikulazioen protesienean (normalean hanka eta belaunekoa), eta infekzio lokalean duen garrantzia.

Hainbat azterlanek erakutsi dute klorhexidinarekin ahoa garbitzeak mikrobioen aurkako efektu ahaltsua duela listu mikrofloran eta plaka bakterianoan. “Hipotesi hori oinarri hartuta, ondorioztatu dezakegu aho irakuzketa antimikrobiarrek, hortzen prozedura baten aurretik erabiliz gero, pazientearen odol zirkulazioan sartutako mikroorganismo kopurua murriztu beharko litzatekeela; hala ere, desadostasun handiak daude alderdi horretan”, esan dute UPV/EHUko ikerketa taldeko kideek.

Horrela, American Heart Association-ek (AHA), 1997an, iradoki zuen endokarditis infekziosoa duten pazienteek aho  irakuzketa antimikrobiarra egin beharko luketela, aho tratamendua egin aurretik. 2006an, Kimioterapia Antimikrobiarraren Sozietate Britainiarrak (BSAC) klorhexidinarekin aho irakuzketa bakarra gomendatu zuen, % 0,2an (CHX) (10 ml 1 minutuz), arriskua duten pazienteetan bakteriemiarekin lotutako hortz prozedurak egin aurretik. Hala ere, 2007an, AHAk gomendatu zuen profilaxi antiseptikoko protokolorik ez erabiltzea.

Gai horren inguruko ebidentzia zientifikoa emateko, Iciar Arteagoitiak, Carlos Rodriguez Andrések eta  Eva Ramosek eratzen duten UPV/EHUko ikerketa taldeak erabaki zuen ausazko saiakera kontrolatuen berrikuspen sistematikoa eta metaanalisia egitea, PRISMA Adierazpenari jarraikiz. Helburua klorhexidinak hortzen bat atera ondoren bakteriemia prebenitzeko duen eraginkortasuna ebaluatzea izan zen. Ikerketa UPV/EHUko Epidemiologia Sailarekin lankidetzan egin zen, eta Plos Onen argitaratu zen, munduan sarbide irekia duen lehen aldizkari zientifikoan, ikerketa zientifiko zorrotzak eta berritzaileak onartzen dituen aldizkarian.

Azterlanean 8 saiakera kliniko jaso ziren, 523 pazienterekin; 267 klorhexidinarekin tratatutako taldean, non bakteriemiako 145 kasu erregistratu baitziren, eta 256 kontrol taldean, non bakteriemiako 156 kasu erregistratu baitziren. Ikerketaren emaitzek adierazten dute, beraz, klorhexidinarekin prebentzioa eginez gero saihestu daitekeen bakteriemia kasuen ehunekoa % 12koa dela. NNTa, bakteriemia bat prebenitzeko tratatu beharreko gutxieneko paziente kopurua 16 da.

Emaitzek eraginkortasun erlatiboa eta esangura gutxikoa erakusten dute klorhexidinaren erabilerari dagokionez, hortzen bat ateratzean ahoan dauden bakteriak odol zirkulazioan sartzeko saihesteko orduan. UPV/EHUko ikerketa taldeak zera ondorioztatu du:  “Hala ere, kostu gutxikoa denez eta kontrako erreakziorik eta konplikaziorik ez dakarrenez, uste dugu gomendagarria dela klorhexidinarekin irakuzketa egitea, horrelako interbentzioren bat egin aurretik”.

Erreferentzia bibliografikoa