euskaraespañol

Eguneko irudia

Kirolarekin lotutako bat-bateko heriotza oso ezohikoa eta aurreikusteko zaila da

2010 eta 2017 bitartean 25 probintziatan egindako 288 autopsia oinarri izan dituen populazio-ikerketa batean hartu du parte UPV/EHUk

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/19

Benito Morentin, Auzitegiko Medikuntzaren Euskal Institutuko Patologia Zerbitzuaren burua eta UPV/EHUko Medikuntza eta Kirurgia Espezialitateak Saileko irakasle elkartua. Argazkia: UPV/EHU.

Ikerketa forentsean ondorioztatu dutenez, kirolarekin lotutako bat-bateko heriotzak oso intzidentzia baxua du, aisialdiko kirola egiten duten adin ertaineko gizonezkoei eragiten die eta jatorri kardiobaskularra du. Ikertzaileek ohartarazi dute prebentzio-estrategiak garatzeko kontuan izan behar direla datu klinikoak eta ohitura toxikoak, eta beharrezkoa dela kirola egokitzea pertsona bakoitzaren adinaren, osasun-egoeraren eta kondizio fisikoaren arabera.

Benito Morentin doktoreak (Auzitegiko Medikuntzaren Euskal Institutuko Patologia Zerbitzuaren burua eta UPV/EHUko Medikuntza eta Kirurgia Espezialitateak Saileko irakasle elkartua) ikerketa bat egin du lankidetzan, zeinetan helburu izan baitute Espainian kiroleko-jarduerekin lotutako bat-bateko heriotzaren inguruko intzidentzia, ezaugarri kliniko-patologikoak, ohitura toxikoak eta harekin lotutako kirol-jarduerak ezagutzea. Morentin doktoreak behin eta berriz nabarmentzen du “kirol-jarduerek onura argiak dituztela osasun kardiobaskularrerako, eta kirola ezin dela hartu bizitzarako mehatxu gisa. Kirolarekin lotutako bat-bateko heriotza oso gutxitan gertatzen da, baina katastrofikoa da, eta ondorio kliniko eta sozial garrantzitsuak ditu. Horregatik, kirolariei azterketa medikoak egin behar zaizkie, isilean izan ditzaketen kardiopatiak detektatzeko, kirol-ekitaldietan parte hartu aurretik”.

Zentro askoren artean egindako ikerketa hau estatuan halako ezaugarriekin egindako ikerketa handiena da, eta Europako handienetako bat: 2010-2017 bitartean 25 probintziatan egindako 288 autopsia forentse ikertu dituzte. Kasuen % 98,6 gizonezkoak ziren. Urteko eta 100.000 biztanleko intzidentzia 0,38koa izan zen (0,82ko intzidentzia, ohiko kirolarien artean); gehienak (% 54) 35-54 urte bitarteko gizonezkoak izan ziren. Kirol ohikoenak (% 96, aisialdikoak) txirrindularitza (% 28), futbola (% 18) eta lasterketa (% 17) izan ziren. Heriotzak jatorri kardiobaskularra izan zuen kasuen % 99an: kardiopatia iskemikoa (% 63), miokardiopatiak (% 21) eta bat-bateko heriotza arritmikoaren sindromea (% 6). Gazteen artean, miokardiopatiak (% 38) eta kardiopatia iskemikoa (% 30), 20 urtetik gorakoetan, izan ziren prebalentzia handienekoak. Aztertutako 23 kasutan, bizirik zeudela diagnostikatu zitzaien gaixotasuna; aurrekari kliniko garrantzitsuak aurkitu ziren 30 kasutan, eta arrisku kardiobaskularreko faktoreak, obesitatea bereziki, 95 kasutan. Analisi toxikologikoen arabera, kasuen % 7an substantzia kardiotoxikoak detektatu ziren (alkohola, legez kanpoko drogak eta psikofarmakoak), eta nabarmena izan zen kalamuaren eta kardiopatia iskemiko akutuaren arteko erlazioa.

Prebentzio- eta heziketa-neurriak

Ikerketa hau baliagarri izan daiteke prebentzio-estrategiak ezartzen laguntzeko, bai eta herritarrak hezteko elementu gisa ere. Morentin doktorearen iritziz, “kirol-ekitaldiren batean parte hartuko duten pertsonen azterketa medikoen helburua izan beharko luke bat-bateko heriotza kasuak murriztea, baina herritarrak hezteko ere balio beharko lukete: zer elikadura-mota hartu dezakeen, drogak ez kontsumitzeko gomendioak ematea, jakinaraztea sintomarik izanez gero kardiologo batengana jo behar dela, kirol-jarduera egokitzea...”. Morentinek azpimarratzen du “kirola ahalik eta modurik seguruenean egin beharra dagoela, eta kirol-intentsitatea adinaren, osasun-egoeraren eta norberaren egoera fisikoaren arabera” egokitzeko gomendioa egiten du.

Halaber, ikertzaileak dio “oso zaila dela aurrez esatea nori gerta dakiokeen bat-bateko heriotza kardiobaskularra”, baina adierazi du kirolarekin lotutako bat-bateko heriotzaren prebentzioa hobetu egin daitekeela, baldin eta datu fidagarri gehiago badaude haren intzidentziari, heriotza eragiten duten faktore kliniko eta toxikologikoei eta heriotzaren arrazoiei buruz —autopsia forentseen bidez—, prebentzio-estrategiak ezartzen lagundu baitezakete. “Beharrezkoa da ohitura toxiko eta dietetikoekin edota inguruneko toxikoen eraginpean egotearekin lotutako ikerketa epidemiologikoak egitea, baita faktore genetikoen ikerketa ere”, adierazi du. Horren harira, ikerketaren egileek premiazko dei bat egin dute “kirolarekin lotutako bat-bateko heriotzaren erregistro nazional nahitaezko bat sortzeko, eta auzitegiko medikuek eta patologoek, kirol-medikuek, kardiogoloek eta interesa duten gainerako alderdiek parte hartzea”.

Informazio osagarria

Ikerketa honetan, UPV/EHUko Neurozientziak Saileko irakasle Javier Ballesteros doktoreak ere hartu du parte. Honako erakunde hauek parte hartu dute ikerketa honetan: Auzitegiko Medikuntzaren eta Zientzia Forentseen Euskal Erakundeko Auzitegiko Patologia Zerbitzua; Biocruces Osasun Ikerketako Institutua; UPV/EHUko Medikuntza eta Kirurgia Espezialitateak Saila; Las Rozaseko Toxikologiako eta Zientzia Forentseetako Institutu Nazionaleko Histopatologiako Zerbitzua (Madril); Auzitegiko Medikuntzaren eta Zientzia Forentseen Valentziako Institutuko Auzitegiko Patologia Zerbitzua; UPV/EHUko Neurozientziak Saila; CIBERSAM, Osasun Mentaleko Sareko Ikerketa Biomedikoaren Zentroa; Auzitegiko Medikuntzaren eta Zientzia Forentseen Sevillako Institutuko Auzitegiko Patologia Zerbitzua.

Erreferentzia bibliografikoa