euskaraespañol

Eguneko irudia

Javier Aizpurua fisikariariarentzat 2022ko Euskadi Ikerkuntza Saria

Materialen Fisika Zentroko (UPV/EHU-CSIC) Ikerketa-irakaslea da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/04/27

Argazkia: Paula Arbide. CFM

2022ko Euskadi Ikerkuntza Saria Javier Aizpurua Iriazabal fisikariarentzat da, sariketako epaimahaiaren erabakiz. Aizpurua irakaslea Materialen Fisika Zentroko (CSIC-UPV/EHU) ikertzailea da, Nanofotonika arloan. Zientzia eta Teknologia esparruan entzute handiko bost ikerlarik osatutako epaimahaiak aho batez onartu du Aizpurua fisikariaren aldeko ebazpena, 27. edizio honetan aurkeztutako hautagaien artean aukeratzeko goiza elkartuta eman ondoren. 

Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bikoitietan –hau da 2022ko deialdiaren kasua- Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia; urte bakoitietan aldiz, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du sariak. Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hau ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin.

Javier Aizpurua Iriazabal

Javier Aizpurua Iriazabal (Donostia, 1971) Materialen Fisika Zentroko (UPV/EHU-CSIC) eta Ikerketa irakaslea da. Zentroa CSICek eta Euskal Herriko Unibertsitateak partekatutako ikerketako institutu mistoa da.

Aizpuruak argiaren eta nanoeskalako materiaren arteko elkarrekintza aztertzen du, nanoantena metalikoen erantzun optikoan eta efektu kuantikoetan arreta berezia jarriz. Aizpuruak eredu teoriko eta kalkulu berritzaileak sartu ditu, eta horiek azaleko plasmonen eszitazioa ulertzen lagundu dute nanofotonikan interesa duten espektroskopiako eta mikroskopiako hainbat teknikatan, hala nola, itzaltzeko espektroskopia optikoan, tunelizatze-ekortzeko mikroskopian (STM) edo transmisio elektronikoko ekortzeko mikroskopian (STEM), besteak beste. Egoera horietan guztietan erantzun optikoan izandako eragin kuantikoen azterketak gidatu du bere karrera zientifikoa, eta mundu osoko plasmonika kuantikoaren ikerketan aitzindari izatera eraman du, eremuan funtsezko ekarpenak eginez.

Aizpurua irakaslea Fisika Zientzietan lizentziatua da Zaragozako Unibertsitatean (1994) eta Fisika Zientzietan doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean (1998). Goteborgeko (Suedia) Chalmers University of Technology-n eta Gaithersburgeko (AEB) National Institute of Standards and Technology-n (NIST) ikerketa-egonaldiak egin ondoren, 2004an Donostiako DIPCn (Donostia Interntional Physics Center) sartu zen, eta 2008an zientzialari titularraren plaza lortu zuen Materialen Fisika Zentroan (CSIC-UPV/EHU) eta Materials Physics Center BERCean. Gaur egun bertako ikerketa-irakaslea da. Gainera, nazioarteko lankidetza zientifikoak mantentzen ditu Orsay, Cambridge, Stanford, Toulouse, Munich, Washington D.C. eta Houstoneko ikerketa-zentroekin, besteak beste; gainera, 2014an Alemaniako Jena Unibertsitatean Abbe irakaslearen aitortza jasotzeaz gain, Bordeleko Unibertsitatean irakasle bisitari ere izan da (2022an).

Aizpuruaren ikerketa-taldeak nanoeskalako argiaren eta materiaren arteko elkarrekintzari buruzko ikerketa teorikoari eskaintzen dio bere jarduera zientifikoa. Ikerketa arlo horri, eskuarki, "nanofotonika" deitzen zaio. Aizpuruak eta bere taldeak azken 15 urteetan egin dituzten ekarpen zientifikoak oinarrizkoak izan dira Nanofotonikako efektu kuantikoen deskribapenean, Euskadin Nanofotonika Eskola teoriko bat ezarriz. Ekarpen horiek eragin handia izan dute nazioartean atomo gutxi batzuen dimentsioetan lokalizatutako argiaren ikerketan, eta erreferentzia gisa balio izan dute mundu osoko ehunka ikerketa-talderentzat. Eragin horri esker, Aizpuruak highly-cited researcher aitortza eskuratu du Clarivateren 2017tik 2020rako zerrendaren arabera gisa.

Era berean, Aizpurua irakaslea oso inplikatuta egon da Euskadiko zientziaren aurrerapenean eta kudeaketan. Materialen Fisika Zentroko (CFM) eta Materials Physics Center BERCeko (MPC) bikaintasun-zentroko zuzendaria izan da(2015-2019) Donostian; 2006an CIC nanoGUNEren estrategia zientifikoaren eta jardueren diseinuan parte hartu zuen, eta mugaz gaindiko lankidetza-laborategiaren proiektuaren (LTC) buru ere izan da, fotonikan, Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean, Bordeleko Unibertsitatearekin batera, besteak beste. Horiez gain, Ikerbasqueren (Zientziarako Euskal Fundazioaren) eta Euskampus Fundazioaren patronatuan parte hartzen du.

Javier Aizpurua Iriazabal irakaslearen zientzia-lan bikainaz gain, epaimahaiak nabarmendu ditu, batetik, bere ikerketa-ibilbide oparoa eta, bestetik, Nanofotonikako fenomeno kuantikoen arloan egindako ekarpen bikainengatik nazioarteko erreferente bihurtu den ikerketa-talde ospetsu bat sortu eta zuzentzea. Halaber, epaimahaiak nanoantena optikoak, plasmonika kuantikoa eta optomekanika molekularra bezalako alor garrantzitsuetan egindako funtsezko lanak ere nabarmendu nahi izan ditu. Bere ekarpenak maila klasikotik kuantikora igarotzeko mundu mailako joeran kokatzen dira, eta horren froga litzateke, adibidez, konputazio kuantikoaren garapena.