euskaraespañol

Eguneko irudia

Hortz inplanteak unibertsalizatzeko estrategia

Kimika Fakultateko Gradu Amaierako Lan batek biobateragarriak izan daitezkeen hiru estaldura garatu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/24

Irene Toledo Kimika Fakultateko biomaterial polimerikoen laborategian | Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Hortz bat galtzeak kalte egin diezaioke nabarmen pertsonen bizi kalitateari. Odontologian, hortzetako inplantologia arduratzen da arazo horretaz. Hala ere, batzuetan, hortz inplanteak ezin dira erabili arrisku faktoreak dituzten zenbait paziente profiletan: diabetesa, alkoholismoa, tabakismoa, adinekoak, menopausia edo tratamendu terapeutiko erasokorrak pairatzen ari diren pertsonak.  Arrisku faktore horiek mugatu egiten dute hezurrak birsortzeko duen gaitasuna, eta zuzenean eragiten dio horrek hortz inplanteak pazientearen hortzetako egitura osoan mimetizatzen diren prozesuari.

Hori dela-eta, UPV/EHUko Kimika Fakultateko Biomaterial Polimerikoak Sailaren asmoa da hortz inplanteak unibertsalizatzeko estrategia bat sortzea, profil guztietarako balioko duen hortz inplantologia bat garatze aldera. Irene Toledo Aldayk bere Gradu Amaierako Lanean planteatzen duenez, estrategia horren oinarria izango litzateke “sinbastatina izeneko farmakoa erabiltzea hortz inplantearen gainazalari itsatsitako estalduran.” Estrategia horren helburua da farmako bat askatzea modu lokalizatu batean, inplantearen inguruko hezurra birsortzen laguntzeko. “Estrategiaren bideragarritasuna aztertu dut laborategian -adierazi du Irene Toledok-, baldintza fisiologikoak simulatuta, hiru sol-gel estaldura garatuta proportzio desberdinetan gehitutako sinbastatinarekin.” Biomaterial Polimerikoen taldeak dagoeneko aztertu eta optimizatu du sol-gel estaldura horien izaera kimikoa, eta talde horren ikerketek erakutsi dute estaldurak erabil daitezkeela molekula aktiboak hedatzeko. “Hedatzea gertatzen da estaldurak ingurune akuoso batean daudenean, estaldurak barne hartzen dituen matrizearen degradazioaren edo higaduraren bidez, edo matrizearekin lotzen dituzten esteken hidrolisiaren bitartez”.

Sinbastatina duten estalduren portaera aztertzeko, Irene Toledok hiru sol-gel estaldura sortu zituen, % 1, 3 eta 5ean erantsitako sinbastatinarekin, hurrenez hurren, estaldurak eratzen dituzten aitzindariei dagokienez. “Karakterizazio fisiko-kimikoko eta funtzionaleko saiakuntza batzuen ondoren, sintetizatutako estaldurek erakutsi zuten matrize egokia izan daitezkeela farmakoa askatzeko. Askatze hori pixkanaka gertatzen zen, lau astean zehar, aho barrunbearen baldintzak simulatzen dituen ingurune batean. Epe hori erabakigarria da hortz inplante baten arrakasta klinikorako; bereziki, aipatutako arrisku faktoreak dituzten pertsonen kasuan.” Zitotoxikotasun azterlan batek adierazi du sortutako hiru estaldurak biobateragarriak izan daitezkeela, eta aukera bideragarri bat izan daiteke, beraz, hortz inplanteak unibertsalizatzeko. “Azterlana osatzeko, karakterizazio biologiko oso bat egin beharko litzateke, eta estaldurak pazienteekin erabiltzeko aukera berretsi, zelula saiakuntza espezifikoagoen bidez”, adierazi du amaitzeko Irene Toledok.

Egileari buruz

Irene Toledo Aldayk bere Gradu Amaierako Lana defendatu du aurten, ‘Incorporación de simvastatina a recubrimientos sol-gel para implantes dentales’ izenburupean, UPV/EHUko Kimika Fakultatean, Isabel Goñi Echave eta Iñaki García Arnáez Biomaterial Polimerikoen taldeko kideen zuzendaritzapean. Gaur egun, Kimika eta Polimeroak masterra egiten ari da, UPV/EHUko Kimika Fakultatean.