euskaraespañol

Estomatología II Saileko irakasle eta ikertzailea

Irene Lafuente Ibañez de Mendoza: «Ahoan hasten da gorputz osoaren osasuna»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/03

Irene Lafuente Ibañez de Mendoza | Argazkia: Unai Zorriketa. Oficina de Comunicación. UPV/EHU.

Irene Lafuente Ibañez de Mendoza odontologiako ikertzaileak hasiera eman dio EHU-ekinean podcast atalari. Sail horretan, zientzialariaren estereotipoak betetzen ez dituzten ikertzaileei egindako elkarrizketaren audioa eta idatzizko laburpena kaleratuko ditugu hilean behin.

EHU-ekinean 1. podcasta: Irene Lafuente Ibañez de Mendoza

Irene Lafuente Ibañez de Mendozak odontologian ikertzen du, nahiz eta, dioenez, "mediku frustratua" zen. Izan ere, medikuntza ikasi nahi zuen. Baina, notagatik eta beste kontu batzuengatik, ez zuen lortu medikuntzako graduan sartzea, eta odontologia ikasten hasi zen, hura baitzen bere bigarren aukera. Eta ez zaio damutu: "Bigarren mailan, gustuko izan nuen ikasgai bat, eta laugarren mailan berriro hartu nuen. Ikasgai haren irakasleak ikerketa-mundua eagutzeko aukera eman zidan, eta, geroztik, hemen nabil".  

Argi dio irakasle hari esker dagoela ikerketa-arloan, eta irmo baieztatzen du asmatu duela bide hori hartzean: "Oso garbi nuen ez nuela nire burua ikusten klinikan. Ikusten nuen unibertsitatean, ikerkuntzan, eta, haren laguntzarekin, pixkanaka joan zaizkit ateak irekitzen eta joan naiz bidea egiten".  

Dena ez da erraza izan, eta, zailtasunen artean, nabarmendu du odontologian ikertzeko diru-laguntza gutxi daudela. "Ikerketarako bekak eta diru-laguntzak beste arloetara batera doaz, gurean ez baitaude aurrekari asko; ondorioz, oso laguntza gutxi iristen dira gurera". Haren ustez, jende askok ez daki ahoan hasten dela gorputz osoaren osasuna: "Gero eta argiago dago ze erlazioa duen ahoko higieneak eta osasunak gorputz osokoarenarekin".  

Lafuentek ahoko minbizian ikertzen du; zehazki, ahoko minbiziaren prebentzioan. Azaldu duenez, emakumeen artean minbizi-kasu gehiago daude, eta horren arrazoiak argitu nahian dabiltza. "Lehen, gizonetan ohikoagoa zen emakumeetan baino. Izan ere, alkohola eta tabakoa minbiziaren arrisku-faktoreak dira, eta gizonek gehiago edaten eta erretzen zuten. Orian kontsumoa berdinduta dago. Eta begiratzen badiogu erretzen eta edaten ez duen jendeari, ahoko minbiziaren prebalentzia handiagoa da emakumeetan. Gure hipotesia da faktore genetikoengatik dela".

Kabia ez, txoriak dira garrantzitsuak 

Lan horrek guztiz betetzen du, gizarte osoaren mesedetan ari baita. Horrez gain, oso motibagarria zaio, ikerketaren bidez, zerbait ezagutzera iritsi arren, beti geratuko dela askoz ere gehiago ezagutzeko eta ikertzeko.  

Arrazoi horiek baliagarriak iruditzen zaizkio gazteak ikertzera animatzeko. Izan ere, "jendea behar da. Ez bakarrik baliabideak. Baliabideak ere behar dira, baina, batez ere, jendea behar da. Irakasle batek dioen moduan, kabiak baino garrantzitsuagoak dira txoriak". Hala ere, onartzen du ikerketa-mundua zaila dela, ez dagoelako diru-laguntza nahikorik, bere arloan behintzat. 

Etorkizunera begira, ikertzaile-lanetan ikusten du bere burua. "Gradua egin nuenean, apustu egin nuen hemen geratzeko. Masterra egin nuen, doktoretza egin dut, eta honaino heltzeko eman ditudan pauso guztiei eutsi nahi diet. Bidea hori da: unibertsitatean jarraitzea eta ikertzen jarraitzea. Azken finean, Espainian, odontologian ikertu nahi baduzu, unibertsitatean izan behar du".  

Gainera, aitortu du oso gustuko duela irakasle-lana: "Euskarazko taldean ematen ditut klaseak, eta oso gutxi dira. Horrek aukera asko ematen ditu, gertuko harremanak lantzeko". Ikasle ia guztiak emakumeak dira. Hain zuzen, bere arloan gehiengo dira, eta ez du inoiz bazterkeriarik sentitu emakume izateagatik. Bestalde, ez du baztertzen bere ikasleren bat ikerketa-munduan sartzea. “Baliteke baten batek bide hori hartu nahi izatea, bai”.

Ikertzaileari buruz

Irene Lafuente Ibáñez de Mendoza Bilbon jaioa da, 1994an. EHUn Odontologia Gradua egin ondoren, Aho Patologia Masterra egin zuen, eta 2022an lortu zuen doktoretza "Analisi genetikoa, zitologikoa eta mikologikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Periinplantitisa diagnostikatutako pazienteetan" tesiarekin. Orain, ikertzaile eta irakasle dabil EHUko Aho Patologian eta Medikuntzan. 

 

EHU-ekinean Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordetzaren ekimena da.
Testua: Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia (CC-BY-SA-3.0)


Honen harira