euskaraespañol

Eguneko irudia

Interneten eta bideojokoen erabilera problematikoa bizi-kalitate txarragoarekin erlazionatu dute nerabeengan

UPV/EHUk parte hartu duen ikerketa baten arabera, parte-hartzaileen % 15,5ek maila altua erakutsi dute Interneten erabilera problematikoan, eta bideojokoen erabiltzaileen % 3,3k nahasmendu-zantzuak dituzte

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/13

Juan Manuel Machimbarrena Psikologia Fakultatean | Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Espainiar estatuko 16 ikastetxetako 11 eta 18 urte bitarteko 2.024 gaztek Internet eta bideojokoak nola erabiltzen dituzten aztertu du UPV/EHU partaide izan den azterlan kolaboratibo batek. Interneten erabileran edo onlineko bideojokoen erabileraren nahasmeduan, banaka edo batera, arazoak dituztela erakutsi duten parte-hartzaileek puntuazio baxuagoak lortu dituzte osasunarekin lotutako bizi-kalitatean.

Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, 2019an 10 urteko haurren % 79k ordenagailua zuten, eta % 22,3k mugikorra; 15 urterekin, ehuneko horiek % 93,6 eta % 93,8 ziren, hurrenez hurren. Azterlan epidemiologikoen arabera, nerabeen % 15ek Interneten edo mugikorraren erabilera problematikoa erakusten dute.

Euskal Herriko Unibertsitateko, Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileek Ziberpsikologia Taldearen esparruan egindako azterlan batean lehen aldiz erlazionatu dira Interneten erabilera problematikoa eta Internet bidezko jokoaren nahasmendua, batera, nerabeen osasunarekin lotutako bizi-kalitate txarragoarekin, hau da, ongizate fisiko, mental eta sozial okerragoa izatearekin. Bi arazo horiek ugaritzen ari dira nerabeengan. Juan Manuel Machimbarrena UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak —Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Sailekoak— espainiar estatuko 7 eskualdetako 16 ikastetxetan 11-18 urte bitarteko 2.024 gazterekin egin den azterlanean parte hartu du.

Interneten erabilera problematiko orokortuak berekin dakar Internet, oro har, disfuntzionalki erabiltzea eta kudeatzea: “Berez ez da nahasmendu bat. Erabilera problematikoa izan dadin, onlineko elkarrekintza lehenesteaz gain, gatazkak sortzen dituen erabilera konpultsiboa izan behar da”, azaldu du Machimbarrena doktoreak. Bestalde, Internet bidezko jokoaren nahasmendua lineako bideojokoekin lotutako jokabide espezifikoa da: “Adikzio baten ezaugarriak ditu. Nahasmendu hori duten pertsonak urduri jartzen dira jokatu ezin dutenean; sintoma psikologikoak edo psikosomatikoak izan ditzakete. Eta horrek arazoak sor diezazkieke eguneroko bizitzan”, gehitu du.

Teknologia ez da deabrutu behar, ulertu egin behar da, eta bere testuinguruan ulertu behar da

Ikerketaren emaitzek erakusten dutenez, parte-hartzaileen % 15,5ek puntuazio handia lortu dute Interneten erabilera problematiko orokorrari dagokionez, eta bideojokoetan jokatzen duten nerabeen % 3,3k jokoaren nahasmenduaren zantzuak dituzte. Machimbarrenak egiaztatu duenez, “parte-hartzaile gehienek ez zuten inolako arazorik; ez zuten bi arazo horietako bat ere, ez behintzat kezkatzeko moduan. Baina Interneten erabilera orokorrean arazoak zituztenek eta bideojokoak erabiltzeagatik nahasmenduak zituztenek osasunarekin lotutako bizi-kalitate txarragoa zuten”.

Ikertzaileek honako hau azpimarratu nahi dute: “ezin dugu kausalitaterik ondorioztatu. Badakigu une jakin batean bi arazo horiek aldi berean dituen jendeak bizi-kalitate txarragoa duela. Alabaina, baliteke jende horrek bizi-kalitate txarragoa duelako izatea arazo horiek, edo arazo horiek dituelako izatea bizi-kalitate txarragoa”. Bestalde, ikusi dute “korrelazio handia dagoela Internet modu problematikoan erabiltzen duten eta bideojokoekin arazoak dituzten pertsonen artean”. “Baina, era berean, badago jendea aldartea erregulatzeko biak erabiltzen dituena, inolako arazorik izan gabe. Horrek esan nahi du Internet edo bideojokoak maiz erabiltzen dituzten guztiek ez dutela arazo bat”.

UPV/EHUko ikertzaileak azaldu du ezen pertsona guztiek erabiltzen dituztela aldartea hobetzeko estrategiak: “Estrategia batzuk, hala nola drogak edo alkohola, kaltegarriagoak dira; beste batzuk, berriz, hala nola kirola, osasungarriagoak dira. Bideojokoen eta sare sozialen kontsumoa ez da erregulazio-mekanismorik onena, beste mekanismo bat besterik ez da; erabileraren arabera, kaltegarria izan daiteke edo ez”.

Machimbarrenaren ustez, gehiago ikertu behar da “adingabeak teknologiarekin nola erlazionatzen diren” ulertzeko. “Gehiago ikertu behar dugu bideojokoekin arazoak dituzten edo beren bizi-kalitatean arazoak dituzten haur horientzat irtenbide bat bilatzeko. Arazoa ez da bideojokoek mendekotasun handia sortzen dutela, baizik eta haurrei beren gogo-aldartea erregulatzen laguntzen dieten estimulu erraz eta erakargarriak direla. Eta hor landu beharreko gauza bakarra ez da bideojokoekiko mendekotasuna, baizik eta pertsona horiek beren bizitzetan dituzten beste alderdi batzuk. Ahalegina egin behar dugu bideojokoak entretenitzen eta motibatzen dituzten gauza bakarra izan ez daitezen”. Era berean, Machimbarrenak dioenez, “gaindimentsionatu egin dira, nolabait, adikzio teknologikoen arazoa edo teknologiaren erabilera problematikoak. Garrantzizkotzat jotzen dugu ustezko mendekotasun horiek testuinguruan kokatzea, arazo horiek dituztenei lagundu behar zaiela ahaztu gabe, baina teknologia deabrutu gabe”.

Informazio osagarria

Juan Manuel Machimbarrena Psikologiako doktorearen ikerketa-ildoek ardatz hauek dituzte: Internetek nerabeentzat dituen arriskuak eta Internetek osasunarekin lotutako bizi-kalitatean duen eragina. Machimbarrenak irakasgaiak ematen ditu, bai Psikologiako graduan (Psikopatologia eta Osasuna eta Mendekotasunen Nahasteak), bai Osasun Psikologia Orokorra masterrean (Aurrerapenak psikopatologian eta esku-hartzea indarkeria- eta biktimizazio-egoeretan), bai Psikologia: Gizabanakoa, Taldea, Erakundea eta Kultura masterrean (Ikerketa Psikologia Klinikoan).

Erreferentzia bibliografikoa