euskaraespañol

Eguneko irudia

Iker Badiolak Real Academia Galega de Ciencias elkartearen saria jaso du

UPV/EHUko eta Santiago de Compostelako Unibertsitateko ikertzaileek parte hartu duten terapia esperimental baten bidez, koloneko minbiziak eragindako gibeleko metastasia % 80 murriztea lortu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/24

Iker Badiola (UPV/EHU) eta Santiago de Compostela Unibertsitateko Inés Fernández-Piñeiro eta Alejandro Sánchez.

Iker Badiolaren taldeak (Signaling Lab) Santiago de Compostelako Unibertsitateko, Biodonostia-Osasun Ikerketa Institutuko, Düsseldorfeko (Alemania) Unibertsitateko Ikerketa Mediko eta Biologikoen Zentroko eta Frantziako Osasunaren eta Ikerketa Medikoaren Institutu Nazionaleko ikertzaileekin lankidetzan garatu du teknologia.

Real Academia Galega de Ciencias elkarteak saritu duen taldeak koloneko minbiziak eragindako gibeleko metastasia % 80 murriztea lortu du. Horretarako, nanopartikulak baliatu dituzte, tumore zeluletara iristen diren odol hodien hazkuntza geldiarazteko eta, era horretan, zelula horietarako oxigenoaren eta elikagaien ekarpena murrizteko, zelulen hazkuntza ere txikiagoa izan dadin. Errekonozimenduaz gain, 6.000 euroko saria jaso du taldeak.

Terapia hori zortzi urteko lanaren amaiera da. “Proiektua gauzatzeko, hainbat jakintza arlotako (hala nola biologia molekularra, farmazia, proteomika –proteinen eta, bereziki, haien egitura eta funtzioaren eskala handiko azterketa– eta biologia konputazionala) zenbait taldek parte hartu behar izan dute”, adierazi du UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia Saileko Signaling Lab ikerketa taldeko kide Iker Badiolak.

Bestalde, metastasiaren kontrako teknologia berri hori nanopartikulak erabiltzen dituzten beste batzuk baino askoz merkeagoa da, eta, gainera, sinplea eta eraginkorra. Hori dela eta, patente nazional bat lortu du, eta nazioartean eskatzeko prozesuan dago.

 “Egin dugun ikerketari azken bultzada emateko eta, era horretan, etorkizunean gizakiengan aplikatu ahal izateko une kritiko batean gaude. Fase klinikoan sartzeko ahalmena duen farmazia industria batekin elkartu behar dugu”, adierazi du Badiolak.

Tratamendu osagarria

Badiolarentzat, positiboa da metastasiaren tamaina % 80 murriztu ahal izatea, baina garbi dauka “inoiz tratamendu gisa erabiltzen bada, tratamendu osagarria izango dela. Ez da ahaztu behar metastasiak % 20ko proportzioan hazten jarraitzen duela; gainera, tumore zelulak ez dira suntsitzen, ez zaie zuzenean erasotzen. Nolanahi ere, oraindik ez dute dosi-erantzun azterketarik egin, eta baliteke azterketa horiek metastasia ehuneko handiagoan murrizteko aukera ematea. Metastasiari aurre egiteko lortu dugun estrategiak elikagaien eta oxigenoaren ekarpena mugatzen du; hau da, laguntza murrizten diogu".

Informazio osagarria

Lana bi unibertsitateko ikertzaileek zuzendu badute ere (Iker Badiolaren UPV/EHUko taldeak zelulen portaera aztertu du, eta Alejandro Sánchezen Santiago de Compostelako Unibertsitateko taldeak, berriz, nanopartikulak diseinatu ditu), beste zentro batzuen laguntza ere jaso dute, hala nola Biodonostia institutuarena, Düsseldorfeko Unibertsitatearena, Bordeleko Unibertsitatearena eta UPV/EHUko SGIKER Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrena.