I. Xare Jardunaldia
Donostiako 487 gaztek euskarazko kultura digitala arnastu dute
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2019/12/17
Euskarazko kultura digitala sustatu eta ezagutaraztea da Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Xarek berak bultzatutako Xare egitasmoaren helburu nagusia: besteak beste, softwareen euskaratzea bultzatzea eta horiek instalatzeko nahiz erabiltzeko ohitura sustatzea, baita euskarazko IKTen sektorea ikusarazi zein balioestea ere. Gaurko (abenduak 17) Donostiako hitzordua prestatzeko UPV/EHUko Informatika Fakultatearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute gainera.
Instituzio babesle nahiz laguntzaileek unibertso digitala eta euskara uztartzeko ahaleginarekin hartua duten konpromisoaren erakusle eta haien ordezkari gisa, Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotzia, eta Itziar Irigoien UPV/EHUko Informatika Fakultateko Kanpo Harremanetarako eta Ikerkuntzako dekanordea bertaratu dira gaur UPV/EHUko Gipuzkoako Campusera, Xare Euskarazko Kultura Digitalaren I. Jardunaldira.
Alde batetik, Insaustik “gazteak zirikatu nahi izan ditugu eta euren buruari begira jarri ditugu: nola ibiltzen dira mundu digitalean? Esparru digitalak baditu bere arriskuak, berezkoak, eta horien aurrean babesteko janzten ikasi behar dugula”, esan du.
Beste aldetik, Irigoien komentatu du “UPV/EHUko Informatika Fakultateak batez ere antolakuntza mailan egin duela ekarpena. Esate baterako, Elena Lazkano irakasleak eta bere robotika taldeak bi robot jarri dituzte martxan Xare jardunaldiko parte-hartzaileak eraikinean zehar gidatzeko”.
Goizeko 9:00etatik 14:00etara bitarte, 7 ikastetxe ezberdinetako (Easo Politeknikoa LHII, Nazaret Zentroa, IES Zubiri-Manteo eta Zubiri-Mateo Zikloa, Elizaran Ikastetxea, Ekintza Ikastola eta Antigua-Luberri BHI) Batxilergoko 1go mailako 487 ikaslek hartu dute parte UPV/EHU-ren Gipuzkoko Campuseko Informatika Fakultateko eta Ignacio Maria Barriola Zentroko hainbat eremu bete dituen ekimenean.
Gazteak eduki ezberdinak eskaini dituzten hiru gunetan barrena mugitu dira:
Info Aretoa (Ignacio Maria Barriola Zentroan)
Ezagutzara bideratutako areto honetan, euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lanean diharduten 5 proiekturen inguruko aurkezpen labur (12’) bana entzun dute ikasleek. Hala, Puntu Eus Fundazioak, Librezale Elkarteak, Ahotsak egitasmoak, Booktegi-k eta Euskal Wikilarien Elkarteak une honetan esku artean dituzten hainbat proiekturen berri eman dute.
Ikas Aretoa (Informatika Fakultatean)
Gune praktiko honek 8 lantegi ezberdin hartu ditu eta, taldetan banatuta, ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izan du. Tailerrak dagokion sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatu dituzte. Honakoa izan da eskaintza:
- Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)
- Bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta)
- AppInventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)
- Errealitate birtualera hurbilpena (Protomakers)
- Harremanak 3.0: emaidazu ‘like’ bat (Emaize sexologia zentrua)
- Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers)
- 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers)
- Raspberry Pi: plaka-ordenagailu txiki eta merkeak (Iñaki Izkue)
Era Aretoa (Ignacio Maria Barriola Zentroan)
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berriek gero eta presentzia handiagoa dute gure egunerokoan. Horregatik, teknologia berriez egiten dugun erabileraren inguruan hausnartzera bideratutako 35 minutuko bi hitzaldi interaktibo hartu ditu areto honek.
- Pribatutasuna Sarean (Maider Likona, Gipuzkoako Software Askea Elkarteko kidea)
- E-makumeak: ezinbestekoak teknologia bidezkoa izan dadin (Olatz Arbelaitz UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea eta UEUko kidea)
Lehenengoak testuinguru pribatu eta intimoan datuak partekatzeak izan ditzakeen arriskuak jarri ditu mahai gainean. Bigarrenak, aldiz, teknologiaren eta informatikaren unibertsoan murgildutako emakumeen proportzio txikiak dituen ondorio larriez ohartarazi du.
Teknologia eta generoa: emakumeak unibertso digitalean
Hain justu Xare jardunaldi honen babesleetako bat den UPV/EHU-ko ikerlari eta irakasle bat arduratu da genero ikuspegia gaurko saioan txertatzeaz. Olatz Arbelaitz UEUko kidea ere bada eta, funtsean, ideia edo mezu borobil bat helarazi du bere hitzaldian: emakumeak unibertso digitalean aktiboki aritzea ezinbestekoa da teknologia bidezkoa izan dadin.
Datuek frogatzen dutena salatu du, alegia, teknologia eta informatika munduan murgildutako emakumeen proportzioa oraindik ere oso txikia dela gizonezkoenarekin alderatuta. Eta argazki horrek ondorio larriak dituela ikusarazi du, bizitzako esparru guztietan txertatuta dagoen teknologiaren diseinuak, neurri handi batean, gizonezkoen eta haien pentsamoldearen esku egoten jarraitzen duelako. Kultura digitala nesken gauza ere badela ulertarazi du Arbelaitzek, eta emakumeek zein/edo beste talde minorizatu batzuek ere tresna informatikoen diseinuan parte hartzearen beharra eta garrantzia aldarrikatu du.
Donostia, aurtengo azken geltokia
Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldia Durangotik pasatu zen urriaren 31n, Azkue Fundazioaren, Durangoko Udalaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Gero, azaroaren 27an, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egin zuen geldialdia Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuaren sostenguz eta baita Eusko Jaurlaritzaren bultzadaz ere.
Aurtengo zikloko hirugarren eta azken geldialdia izan da, beraz, Donostiakoa. Xarek amaiera borobila emango dio guztira 1.200dik gora ikaslerengana heldu den egitasmo arrakastatsu honi.
Ekimenari sostengua eman dioten instituzioei esker (Eusko Jaurlaritza, Azkue Fundazioa, Durangoko Udala, Oihaneder Euskararen Etxea, Gasteizko Udala, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Eukal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU), EAEko 16 ikastetxe ezberdinetako Batxilergoko 1go mailako gazteak kutsatu dira euskarazko kultura digitalarekin. Euskaraz ere teknologia sortzea, erabiltzea eta gozatzea posible dela entzun, ikusi eta frogatu dute.