euskaraespañol

Eguneko irudia

Gure txokoak: Ospitale militar izatetik Ekonomia eta Enpresa Fakultate izatera

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/15

Arantza Beitia, Arabako Campuseko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko alboetako batean
Arantza Beitia, Arabako Campuseko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko alboetako batean | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Arabako Campuseko eraikin asko espazio zaharrak hirirako berreskuratzeko prozesuaren ondorio dira. Flandes kuarteleko pabiloi militarretan edo Elurreta zahar egoitza zaharrean, Euskal Herriko Unibertsitatearen fakultateak, laborategiak eta beste zerbitzu batzuk daude orain.

Ekonomia eta Enpresa Fakultateak Gasteizen gaur egun duen tokiak 2003an ireki zituen ateak, XIX. mendearen amaierako eraikin enblematiko bat zaharberritu ondoren; hots, hiriko ospitale militarra izan zena, harrizko eta adreiluzko fatxada duena. Ospitale horrek etxadi osoa hartzen zuen, eta pabiloika antolatuta zegoen. Mende batez baino gehiagoz eman zien zerbitzua militarrei eta haien familiei.

Eraldaketa horren lekuko izan naiz, beste garaipen bat balitz bezala. Gogoan dut 15-16 urterekin ospitale militarrera joan nintzela senide bat bisitatzera; soldadutzan hanka hautsi zuen. Nork esango zidan niri urte batzuk geroago hori izango zela nire lantokia.

Gogoan dut lehen solairuan gela handi-handi bat zegoela, eta bi aldeetan ohe ilara luzeak zeudela. Soldadutzan –nahitaezkoa zuten garai hartan– osasun arazoren bat izan zuten gazteek erabiltzen zituzten.

Gaur egun, toki horretan bertan ikasgelak daude, eta argi askoko korridore bat ere bai. Kristalera handi bat du, parkera ematen duena, eta urteko zein garaitan gauden irudi bat edo beste hartzen du. Toki hori unibertsitatera egunero joaten diren ikaslez beteta dago.

Fakultateak ospitale zaharraren xarma du oraindik ere, campuseko gainerako eraikin zaharberrituek bezalaxe. Jatorrizko egiturak eta erabat integratuta dauden beste berriago batzuk tartekatzen dira, iraganarekin harmonian dagoen zaharberritze baten adibide, zalantzarik gabe.

Toki hori aukeratu du Arantza Beitia Ruiz de Medarozqueta ikastegi horretako irakasle eta testuaren egileak.

Nola iritsi: 42°50'14.7"N 2°40'07.0"W