euskaraespañol

Antonio Casado da Rocha

Gehiago gutxiagorekin

Etika Garaikidean irakasle-ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/10

Antonio Casado da Rocha
Antonio Casado da Rocha. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Inoiz ez da jakiten zertarako balioko duten koaderno xume batean erregistratutako datuek, pentsamenduek edo gertaerek. Adibide bat: 1852tik aurrera, Henry David Thoreau idazle iparramerikarrak bere egunkarian idazten zuen udaberriko basa landareen loratze data, baita zuhaitzen hostoen eklosioarena ere. Datuok gaur egungoekin alderatuz, botanista eta ekologo-biologo talde batek baieztatu du klima aldaketak bi fenomeno horiei eragiten diela, baita elkarrekintzari ere, eta horrek ondorio kaltegarriak eragiten dizkiela espezie horiei. Zuhaitzen hostoek tenperaturaren igoerari azkarrago erantzuten diotenez, oihanpeko landare basatiek lehen baino argi gutxiago jasotzen dute, eta horrek fitness-a murrizten die (Heberling et al. 2019).

Jakina da Japonian mendeak daramatzatela gereziondoen loraldia erregistratzen, eta 20. mendean zehar data hori pixkanaka aurreratzen joan dela, ia bi aste ehun urtetan. Aldaketa horiek beste espezie batzuetan edo gurean duten eraginari buruz askoz gutxiago dakigu. Pandemiaren aurretik uste genuena baino interdependenteagoak gara, hori ziur.

Thoreaura itzuliz, egunkariaren ohitura hori hain sakon bereganatu zuen, ezen 1854ko abuztuaren 9an, bere liburu handia, ‘Walden’, argitaratu zen egunean, gertakaria lerro batean jaso besterik ez baitzuen egin, intsusa baiak eta Celastrus scandens-en kolore horia agertzearekin batera. Irakur dezagun orain, Walden euskarara (Katakrak) eta gaztelaniara (Alianza) itzuli berri dutenez, ez bakarrik bere oharren literatura kalitateagatik, baita klima aldaketarekin lotutako hiru arrazoirengatik ere.

Klasiko baten bi edizio berri

Thoreau ermitau antisozial eta sasiburuaskia zela dio topikoak. Zer diote Waldenen itzulpen berri horiek? Liburua beste modu batean irakur daitekeela: beste espezie batzuekin (giza espeziea barne, jakina) hobeto eta elkarrekin bizitzeko aukera emango ligukeen ekonomia klaseari buruzko ikerketa interaktibo eta kokatua bezala.

Joan den abenduan argitaratu zen euskarazko ediziorako hitzaurre bat eskatu zidaten, liburu osoaren irakurketa errazteko. Arazoa da Thoreauk bere kapitulurik luzeena eta zailena jarri zuela liburuaren hasieran, hain zuzen ere, ‘Ekonomia’ izena duena. Bertan, kapitalismo erauztzailea kritikatzen du Hegoaldeko landaketetan, baita Iparraldeko lantegietan ere. Eta argudioak ematen ditu esplotazioa saihesteko: desioak doituz gutxiagorekin bizitzen ikastea eta horrela, zalantzekin bada ere, gehiago eta hobeto bizi ahal izatea. Duela gutxi Nature aldizkarian argitaratu den artikulu batek (Burgess et al. 2021) erakusten du auzia zabalik dagoela egungo ekonomialari eta gizarte zientzialari: 20. mendeko hazkundea moteltzen bada, zeintzuk izango dira ondorioak? Nola prestatu?

Etimologikoki, ekonomia hitzak “etxeko arauak” esan nahi du. Thoreauk aztertzen du ekonomia oro oinarritzen den etika: gizarte baten lehentasunak ulertzeko modua. Zentzu horretan, Walden bizitza antolatzeko modu desberdinak probatzean datza batez ere: ikasteko, idazteko, hitz egiteko eta kontenplatzeko denbora nola irabazi, kostuak kanporatu gabe.

Erradikala dirudike, baina ez da berria. “Enough is as good as a feast” da John Heywoodek 1546an jasotako atsotitzetako bat, Mary Poppins filmean ere agertzen dena; Euripidesen obran aurki daitekeen ideia berbera, edota Aristotelesek ekonomia (beharrak asetzera zuzendutako jarduera) eta krematistika (dirua edo aberastasunak eskuratze hutsera bideratua) bereizten dituenean. Kim Stanley Robinson zientzia-fikziozko eleberrigileak dioen bezala, nahikoa ez da ona bakarrik: are hobea da, gehiegikeriek mina eragiten baitute.

Hobeto bizitzeko ikerketa

Waldenera itzultzeko bigarren arrazoia da gizarte berrikuntzako ariketa bat dela. Krisi sistemiko baten aurrean (energetikoa, klimatikoa, migraziokoa, etab.) azkarrak izan behar dugu irtenbideak asmatzeko eta esperimentazioak sortzen duen ezagutza ahalik eta lasterren gizarteratu. Bestela, bizitzan eta bizitzen galera oso handia izan daiteke.

Zientzia orain bezain profesionalizatua edo espezializatua ez zegoen garai batean, Thoreauk oinarrizko giza eskubide bat erabili eta defendatu zuen: ikerketarako eskubidea. Eskubide hori ez da formala, materiala baizik, azpiegitura eta praktika zehatzetan oinarritua. Horregatik, bere egunerokoan datuak jasotzeaz gain, Harvardeko liburutegira ere joaten zen eta horri esker era sistematikoan hobetu zuen bere familia mantentzen zuen arkatzak ekoizteko metodoa, besteak beste.

Ikerketarako eskubidearen ideia hori Arjun Appadurai antropologo indiarrak garatu du, eta klima aldaketaren aurkako borrokaren testuinguruan berreskuratzea komeni da. Mundu aldakor, konplexu eta zalantzagarri honetan, informazio asko dugu, baina zarata handia ere bai, anbiguotasun handia, eta herritarrek galdu egin dezakete horrelako mundu batean bizirauteko beharrezkoak diren ezagutzak sortzeko eta aplikatzeko gaitasuna.

Lan enpirikoa —dokumentatzea eta erregistratzea, datuak lortzea eta behar dituenaren eskura jartzea— lehenengo urratsa da. Lan kontzeptuala eta teoria filosofiko-politikoa ere behar dira gertatzen ari dena ulertzeko eta giza gaitasunen zerbitzura dagoen ekonomian oinarritutako irtenbideak proposatzeko: lana, ongizatea, demokrazia edo bizikidetza Antropozenoan ulertzeko modu berriak. Eta horretarako ez dago oso urrutira joan beharrik: lau horiek dira UPV/EHUk Arantzazulaben beste euskal unibertsitateekin batera garatu nahi dituen lan ildoak. Izan ere, ez dago 19. mendera itzuli beharrik; aitzitik, orain Kate Raworthen “erroskillaren ekonomia”ri buruzko lanera jo dezakegu, besteak beste, edo Marina Mazzucatok egindakora “Estatu ekintzailea”ri buruz.

Zabal dezagun koaderno berri bat; etorkizuna hemen dago eta egiteko asko dugu. Klimarena ez da larrialdi bakarra, baina denak daude lotuta ekonomia eta osasun globalarekin. Eta horixe da egun Thoreau irakurtzeko hirugarren arrazoia: giza zientziek ere badute zer ekarria klima aldaketaren aurkako borrokan, batez ere natur zientzien eta gizarte zientzien arteko zubilana egiten dutenean. UPV/EHUn horretan ari gara lanean, adibidez urtarrilaren 12an egin zen klima aldaketari buruzko ENLIGHT sarean egindako solasaldian.

 

Erreferentziak

Burgess MG, Carrico AR, Gaines SD, Peri A, Vanderheiden S. 2021. Prepare developed democracies for long-run economic slowdowns. Nature Human Behaviour 5(12): 1608-1621. DOI: 10.1038/s41562-021-01229-y

ENLIGHT Lecture Series: Tackling Climate Change: The Humanities Perspective (https://www.youtube.com/watch?v=33qM6Vn_p1o).

Heberling JM, MacKenzie CM, Fridley JD, Kalisz S, Primack RB. 2019. Phenological mismatch with trees reduces wildflower carbon budgets. Ecology Letters 22 (4): 616. DOI: 10.1111/ele.13224.

Thoreau HD. 2021 [1854] Walden. Madrid: Alianza. Trad.: Carlos Jimenez Arribas.

Thoreau HD. 2021 [1854] Walden. Iruñea: Katakrak. Itzul.: Danele Sarriugarte Mochales.