euskaraespañol

Eguneko irudia

Inoiz hautemandako galaxia nano urrunena aurkitu dute

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/04/18

Tom Broadhurst UPV/EHUko Ikerbasque irakaslea | Argazkia: UPV/EHU
  • Tom Broadhurst UPV/EHUko Ikerbasque irakaslea eta DIPCn elkartua galaxia hori kasualitatez aurkitu duen nazioarteko taldeko kide da. Big Bang-a gertatu eta 500 milioi urte soilik igaro ondoren sortu zen aipatutako galaxia.
  • James Webb Space teleskopioa erabiliz ikusi ahal izan zuten, eta Science aldizkarian eman dute behaketaren berri.

Tom Broadhurst Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikerbasque Research irakasle eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) irakasle elkartua parte den nazioarteko talde batek ondorioztatu du, James Webb Space (JWST) teleskopioaren bereizmen handia eta  grabitazio-lente ahaltsu bat erabiliz, hasierako unibertsoan sortu ziren galaxiak oso txikiak zirela; horrek adierazten du bilakaera-prozesu hierarkiko bat gertatu zela, zeinetan galaxia nanoetatik abiatuta —zeinak elkarrekiko grabitatearen eraginez elkartu baitziren— galaxia handiak sortu baitziren, hala nola Esne Bidea. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Urruneko unibertsoko zenbait galaxiaren espektroak aztertuz, taldeak orobat baieztatu ahal izan zuen inoiz aurkitu den galaxia nano urrunena hauteman dutela. Broadhurstek azaldu duenez, “galaxia txiki eta argitasun oso gutxiko hori eratu zen lehenetariko bat izan zen, Big Bang-a gertatu eta 500 milioi urte soilik igaro ondoren, unibertsoaren bolumena gaur baino milaka aldiz txikiagoa zenean.

Broadhurst kide duen nazioarteko taldeak aukera du JWST teleskopioa denbora luzez erabiltzeko unibertso urruneko izarrak eta galaxiak ikertzeko grabitazio-lenteen bidez. Grabitazio-lenteen metodoan, objektu masiboak erabiltzen dira —hala nola galaxia-multzoak—, eta haien atzean dauden helburuen argitasuna eta tamaina handitzen dira. Urte hasierarako, taldeak aztertuak zituen teknika horren bidez zenbait izar eta galaxiaren espektroak, eta “zirrara handia sentitu genuen galaxiaren gorriranzko lerrakuntza handi hori hauteman genuenean”. Azken behaketei esker, taldeak baieztatu ahal izan du “galaxia horren distantzia zenbatetsia fidagarria dela % 100ean, gai izan ginelako haren espektroan elementu bereizgarriak hautemateko, hala nola hidrogenoa, karbonoa, oxigenoa eta neoia, zeinak haren gas berotik baitatoz.”

 

Ustekabeko aurkikuntza

Galaxia horren tamaina neurtuta, jakin ahal izan da oso argitasun gutxiko galaxia nano bat dagoela 13.200 milioi argi-urtera. Neurketa horiek egitea posible izan da “James Webb teleskopioaren bereizmen handiari esker, zeina konbinatu baita lehen planoan dagoen eta lente erraldoi gisa jokatzen duen galaxia-multzo masibo horren handipen-gaitasunarekin”, azaldu du irakasleak. Broadhurst espektroskopista esperientziaduna eta grabitazio-lenteen aditua denez, haren lanaren parte bat izan da “galaxia horren espektroa interpretatzea eta handipena zenbatestea, kasu honetan lente gisa balio izan duen galaxia-multzo handi baten grabitazio-eremuaren eredua erabiliz”.

Ikerlariak azaldu duen bezala, “galaxia hori ez zen gure lehenengo helburua, baina, zorionez James Webb teleskopioarekin lortutako irudietan agertu zenez, erabaki genuen espektroskopia osagarriaren helburuen zerrendan sartzea”. Ustekabeko aurkikuntza horren ondorioz, taldeak ondorio hau atera du: “oso litekeena da argitasun gutxiko galaxia nano mota hori ohikoa izatea unibertso goiztiarrean sortutako lehen galaxietan, grabitazio-lentea erabiltzen ez duten beste talde batzuek baieztatutako galaxia distiratsuak izan ordez”.

 

Erreferentzia bibliografikoa

“A magnified compact galaxy at redshift 9.51 with strong nebular emission lines” artikulua Science aldizkarian argitaratu da 2023ko apirilaren 13an. DOI: 10.1126/science.adf5307

Hayley Williams, Patrick L. Kelly, Wenlei Chen, Gabriel Brammer, Adi Zitrin, Tommaso Treu, Claudia Scarlata, Anton M. Koekemoer, Masamune Oguri, Yu-Heng Lin, Jose M. Diego, Mario Nonino, Jens Hjorth, Danial Langeroodi, Tom Broadhurst, Noah Rogers, Ismael Perez-Fournon, Ryan J. Foley, Saurabh Jha, Alexei V. Filippenko, Lou Strolger, Justin Pierel, Frederick Poidevin, and Lilan Yang.