Minbiziaren aurkako ikerketa, UPV/EHUk parte hartzen duen G9Missions proiektuaren dibulgazio programa zabal baten xedea
Sareetarako informazio-kanpaina, hitzaldi eta landa-inguruneko ikasgelarako jolas bat prestatu dira, G-9ko unibertsitateek minbiziaren aurka egiten duten ikerketa ikusarazten laguntzeko
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2023/01/30
“Azken 40 urteetan, minbizia duten pazienteen biziraupena bikoiztu egin da”. Mezu hori —bibliografia zientifikoak babestua—, otsailaren 4an egingo den Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunean minbiziari buruzko ikerketak duen garrantzia aldarrikatzeko, G9 Unibertsitate Taldeak abian jarri duen sentsibilizazio-kanpainaren parte da.
Dibulgazio-programa honek ezagutzaren, ikerketa zientifikoaren eta prebentzioaren garrantzia nabarmendu nahi du, eta G9Missions proiektuaren Europako Gauaren aurreko ekitaldiaren parte da. Ikerketa-talde askok parte hartzen dute ekintza horietan, eta gizarteari eritasun horren atzean egiten duten lanaren eta zientziaren berri ematen diote. Horrela, proiektuak Horizonte Europa: Ikerketako Programako Minbizia Misioaren helburuak sustatzen laguntzen du; bereziki, minbizia eta bere arrisku faktoreak ulertzen eta diagnostikoa eta tratamendua optimizatzen, milioika europarren bizitza eta etorkizuna hobetzeko 2030era arte.
Dibulgazio-programa honek ezagutzaren, ikerketa zientifikoaren eta prebentzioaren garrantzia aldarrikatzen du, eta G9Missions proiektuaren ikertzaileen Europako Gauaren aurreko ekitaldiaren parte da
Partzuergoko zortzi unibertsitateek “Descifrando el genoma del cáncer” izeneko jarduera egingo dute, Asturiasko Onkologiako Unibertsitate Institutuko eta Oviedoko Unibertsitateko Álvaro Fernández Fernández eta Ana Gutiérrez Fernández ikertzaileek diseinatutako joko bat. Horren bidez, ikasle gonbidatuek, batez ere landa eremuetakoek, zelula osasuntsu baten eta zelula kantzerigeno baten DNA sekuentzia ezagutu ahal izango dute. Jarduera otsailaren 3an egingo da aldi berean toki guztietan. Euskal Herriko Unibertsitateak Bergara herria aukeratu du horretarako, bertako Aranzadi ikastola hain zuzen.
Bestalde, Zaragoza eta Oviedoko unibertsitateek “Día Mundial Contra el Cáncer” izeneko erakusketa prestatu dute. Bertan, zenbaki eta mezu laburrak erabilita, minbiziaren eragina eta prebentzioaren garrantzia erakusten dira, artikulu zientifikoetako emaitzen arabera. Erakusketa hori partzuergoko hiri guztietan egongo da ikusgai.
Baina, partzuergoko kide guztientzat antolatutako jarduerez gain, unibertsitate bakoitzak bere programa diseinatu du. Programa hori proiektuaren webgunean kontsultatu daiteke: nocheinvestigag9.es. Euskal Herriko Unibertsitateak hamabi taldek egindako ikerketari buruzko infografiak ipiniko ditu ikusgai, arlo hauetakoak: onkogenomika, psikobiologia, digestio onkologia, lipido bioaktiboak minbiziaren kontrolean, minbizia eta antzutasuna, minbiziaren kontrolerako teknologi emergenteak, eta ahoko minbizia, besteak beste. Infografiak UPV/EHUko Bizkaia Aretoan egongo dira ikusgai, Bilbon, otsailaren 3an eta 4an. Informazio gehiago: ikertzaileengaua-ehu.org/minbiziaren-aurkako-munduko-eguna
GaztelaMantxako Unibertsitateak “Investiga, que no es poco” irratsaio bat grabatuko du “Descifrando el genoma del cáncer” programan parte hartzen duten haur, irakasle eta ikertzaileekin. Saio hori otsailaren 7an emango du "Radio CastillaLa Mancha Media" irratiak. Extremadurako Unibertsitateak "Nuevos métodos diagnósticos y terapias de última generación en cáncer" hitzaldia antolatu du otsailaren 2an, 20:00etan. Hizlaria Pedro Fernández Salguero izango da, Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna eta Extremadurako Unibertsitateko errektorea.
"Únete al reto de los 5 km" nazioarteko ekimena –bizikletaz, igerian, oinez, menditik ibiliz bost kilometro egin eta sare sozialetan argitaratzea– da Kantabriako Unibertsitatearen apustu nagusietako bat, urtarrilaren 30etik otsailaren 5era bitartean egingo dena.
Azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak "Cancer y la importancia de la investigación" hitzaldia antolatu du otsailaren 3rako, Lizarraldea BHIko Batxilergoko 1. mailako ikasleentzat. Hizlaria Paula Aldaz Donamaría izango da, Navarrabiomedeko ikertzailea eta NUPeko irakasle elkartua. Egun horretan bertan, Zaragozako Unibertsitateak “Tumoreen aurkako terapietarako Troiako zaldi ezin hobearen bila’ hitzaldia emango die Comunidad de Daroca BHIko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei. Hizlaria Pilar Martin Duque ikertzailea izango da, Medikuntza eta Kirurgiako doktorea, farmazialaria, Zaragozako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko irakasle titularra, NFP taldeko eta Aragoiko Osasun Ikerketarako Institutuko (IIS Aragón) kidea.
Minbiziaren kontrako munduko eguna
Minbiziaren kontrako munduko eguna Minbiziaren aurkako Nazioarteko Batasunaren ekimen bat da, eta 2000ko otsailaren 4an onartu zen Parisen, milurteko berrian minbiziari aurka egiteko munduko goi bileran. Egun horren helburua da ikerketa sustatzea, minbiziari aurrea hartzea, pazientei zerbitzu hobeak eskaintzea, kontzientzia sortzea eta mundu osoko ikertzaileak mobilizatzea minbiziaren aurkako aurrerapenak lortzeko.
G9 Missions
G9 taldea osatzen duten unibertsitateak, Kantabriako Unibertsitatearen koordinaziopean, hirugarren urtez jarraian elkartu dira partzuergo batean, “G9 Missions. Go for the Missions!" izenekoa, ospatzeko batera 2022. eta 2023. urteetako Ikertzaileen Europako Gaua. Partzuergoak, bestalde, aurkeztu ditu, berritasun moduan, urteko aldez aurreko bi ekitaldi eta Zientzia Zirkularra dibulgatzeko programa.
Partzuergoa osatzen duten unibertsitateek (Kantabriakoa, GaztelaMantxakoa, Extremadurakoa, Balear Uharteetakoa, Oviedokoa, Euskal Herrikoa, Nafarroako Publikoka eta Zaragozakoa) Errioxako Unibertsitatearen laguntzarekin egiten dituzten jarduerak helbide honetan aurki daitezke: nocheinvestigag9.es
Proiektua Europako Batasunak finantzatzen du Horizonte Europa: Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programaren barruan, 101061455 zenbakia duen diru laguntza emanez.
#World CancerDay #G9Missions