euskaraespañol

Gaurko irudia

Gasteizko Ingeniaritza Eskolako taldeak errebelazio ibilgailu onenaren saria eskuratu du Formula Student United Kingdomen

Ekimen horretan, mundu osoko unibertsitateetako ikasleak biltzen dira ibilgailuak diseinatzeko, eraikitzeko eta horiekin lehiatzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/07/24

Formula Student Vitoria taldea Formula Student United Kingdomen | Argazkia: Formula Student Vitoria

Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Vitoria (FSV) taldeak ‘Best Newcomer’ saria lortu du, Formula Student United Kingdom lehiaketako errebelazio ibilgailu onenari. Duela gutxi egin da lehiaketa hori, Silverstoneko ibilbide ikonikoan, eta nazioarteko unibertsitateek bidalitako 63 bolidoren parte hartzea izan du.

“Urtebeteko lan gogorraren ondoren, gure monoplaza berria, Bizkor EV03, lehiatzeko prest zegoen. Ahalegin handia egin ondoren, lehiaketan bi mugarri handi lortu genituen: diseinu-proban finalista izatea, autoaren diseinuaren eta manufakturaren atzean dauden ingeniaritza-alderdiak ebaluatzen dituena, eta taldearen kudeaketak eskatzen duen antolaketa. Amaiera gisa, "Best Newcomer" saria lortu genuen, Williem Todt bezalako pertsona ospetsuen onespenarekin batera, Formula 1eko talde askotan aerodinamikako burua, eta taldearen bilakaerari hitz handiak eginez, hurrengo lehiaketei baikortasunez begiratzea ahalbidetzen diguna”, diote Formula Student Vitoria taldetik.

Formula Student United Kingdom, urtero antolatzen du Institution of Mechanical Engineers (IMechE) erakundeak eta, mundu mailan, ingeniaritzako ikasleen txapelketa entzutetsuenetako bat da. Ekimen horretan, mundu osoko unibertsitateetako ikasleak biltzen dira Formula motako ibilgailuak diseinatzeko, eraikitzeko eta horiekin lehiatzeko. Ingeniaritzaren munduko etorkizuneko aurrerapenen gainean lan egitea da asmoa, horren proiektu anbiziotsua garatzeko behar diren antolaketa, diseinu eta fabrikazio prozesuak modu errealistan eta zuzenean tratatuta. Txapelketak 40 urtetik gorako ibilbidea du, eta proba eremu ezin hobea da etorkizuneko ingeniariek euren ezagutzak eta trebetasunak erakutsi ditzaten.

Formula Student United Kingdomen lehiatu ondoren, Ingalaterrako Silverstone zirkuituan, “orain hurrengo bi lehiaketetarako prestatu beharra dago: Formula Student Spain, abuztuaren 1etik 7ra, Montmeloko zirkuituan, eta Formula Student Germany, Hockenheimeko zirkuituan, abuztuaren 12tik 18ra. Azken hori munduko lehiaketarik garrantzitsuena da, eta lehen euskal taldea izateko pribilegioa dugu”, azpimarratu du Formula Student Vitoria taldeak.