euskaraespañol

«Preskripzio kalitate handiagoko lehen mailako arretako medikuek farmakoen gastu txikiagoa eragiten dute»

UPV/EHUko tesi batek aztertu egin du faktore desberdinek medikamenduak errezetatzeko orduan nola eragiten duten

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/22

Javier Martínez Gorostiaga
Javier Martínez Gorostiaga. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Javier Martínez Gorostiagaren tesiaren helburua da aztertzea Araba Eskualdeko lehen mailako arretako medikuek farmakoak errezetatzen dituztenean hainbat faktorek farmakoen gastuan nola eragiten duten eta ebaluatzea horiek preskripzio kalitatearen adierazleekin zer-nolako erlazioa duten. Medikuaren kuotan dauden pentsiodunen ehuneko handia eta medikamendu berrien erabilera dira faktore horietako batzuk.

Javier Martínez Gorostiagak bere doktore tesia defendatu zuen, ‘Factores relacionados con el gasto farmacéutico y la calidad de la prescripción en un área de Atención Primaria’, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultatean. Horren helburua zen Osakidetzako Araba Eskualdean lan egiten zuten lehen mailako arretako medikuen errezeten kopurua zehaztea eta farmakoen kalitate adierazleekin duten erlazioa argitzea. Horretarako, farmakoetako gastuaren kopuru aldetiko azterketa deskriptibo bat egin zuen, preskripzio profilak aztertu zituen (azpitalde terapeutikoen eta printzipio aktiboen mailan), eta ebaluatu zuen farmakoetako gastuen eta Preskripzio Kalitatearen Indizearen (PKIren) arteko erlazioa. Gainera, medikuen ezaugarriak eta preskripzio kalitatearen adierazleak aztertu zituen eta, bukatzeko, familiako medikuek farmakoak errezetatzeko orduan eragina duten faktoreen balorazioa egin zuen.

Ikerketarako datuak 2009tik 2014ra Araba Eskualdeko 200 familiako medikuek agindu eta farmazietan banatutako errezeten bidez lortu dira. Ebaluatutako aldagaiak bat datoz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Programa Kontratuan bildutako farmakoen preskripzio kalitatearen adierazleekin: medikamendu generikoak, medikamendu berriak, antibiotikoak, analgesikoak, hipertentsio-kontrakoak, hipolipemianteak, antidepresiboak, ultzera-kontrakoak, osteoporosirako medikamenduak eta Osakidetzako Gida Farmakoterapeutikoko medikamenduak, eta faktore profesionalekin duten erlazioa: adina, sexua, irakaskuntza, landa edo hiri ingurunea, lan egonkortasuna eta mediku plazako antzinatasuna.

Datuen azterketaren ondoren, Javier Martínez Gorostiagaren ikerlanetik nabarmentzekoa da ez direla aldeak antzeman pertsona bakoitzeko farmakoen gastuan medikuen sexu eta adinaren arabera, ezta lan egonkortasunaren arabera, baina bai preskripzio kalitatean baldin eta horiek mediku egoiliarrei irakasten osasun zentroetan lan egiten badute. “Irakaskuntzako Tutoretzari dagokionez, irakasle aritzeko akreditazioa duten medikuek ontzi gutxiago errezetatzen dituzte, batez besteko prezio txikiagoaz ontzi bakoitzeko, eta Medikamenduaren Erabilera Arrazionalerako arteztarauen jarraipen handiagoa egiten dute. Izan ere, mediku irakasleek gehiago errezetatzen dituzte lehen mailako arretan lehentasunezko erabilera duten antibiotiokoak; gutxiago, berriz, hobekuntza terapeutikorik ez dakarten medikamendu berriak; Lehen Mailako Arretako Gida Farmakoterapeutikoan aukeratutako printzipio aktibo gehiago agintzen dituzte, eta osteoporosiaren tratamendurako lehen aukera gisa aholkatutako bisfosfonatoak gehiago agintzen dira", hala dio doktore berriak.

Ikerlanaren beste emaitza nabarmen batek farmakoen gastuan eragin handiena duten faktoreei erreparatzen die, adibidez, medikuaren kuotan dauden pentsiodunen ehuneko altuari, medikamendu berrien erabilerari eta protoi gradienteak (IBP) inhibitzen dituzten estatinak eta ultzera-kontrakoak errezetatzeari. “Pazienteei, oro har, erreparatzen badiegu, mediku plazaren antzinakotasunak, lan egonkortasunak eta preskripzio kalitatearen indize handiagoak (PKIak) farmakoen gastu txikiagoan eragiten du pertsonako; pentsiodunen kasuan, kontuan hartzekoa da ere mediku bakoitzeko esleitutako pentsiodunen kopurua. Bitxia da ikustea kuotan pentsiodunen ehuneko handiagoa duten medikuek gastu gutxiago egiteko joera dutela pentsiodun bakoitzeko”, Martínez Gorostiagak nabarmendu duenez.

Ikerketatik ondoriozta daiteke, halaber, lanean luzaroen daramaten medikuek kalitate adierazle okerragoak dituztela, eta lehen mailako arretan gomendatutako medikamendu gutxiago errezetatzen dituztela. “Horren arrazoia da gutxiago errezetatzen dituztela antibiotiko beta-laktamikoak, gutxiago errezetatzen dituztela lehen mailako arretan lehentasunez erabiltzen diren analgesiko-antiinflamatorio ez-esteroideoak (AINE), alegia, ibuprofeno eta naproxemo; aldiz, gehiago erabiltzen dituzte IBP ultzera-kontrakoak, eta preskripzio kalitatearen adierazle okerragoa lortzen dute. Horrek aditzera ematen du okerrago ezartzen dituztela segurtasun eta efizientziara bideratutako medikamenduen hautuari buruz Osakidetzak eta Osasun Sailak ezarritako gomendioak”, azaldu duenez.

Bukatzeko, ikerlanak ezartzen du medikuak errezeta gehiegi egiteko faktoreetan lar eragiten duten faktoreak ondorengoak direla: ultzera-kontrako medikamendu gehiago agintzea, preskripzio kalitate txikia, kuotan pentsiodunen ehuneko altua izatea, eta adinez 50 urtetik gora izatea.

 

Informazio osagarria

Javier Martínez Gorostiagak Lehen Mailako Arretan lan egiten du Osakidetzaren Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Integrazio Asistentzialeko Zuzendaritzan. Bere doktore tesia, ‘Factores relacionados con el gasto farmacéutico y la calidad de la prescripción en un área de Atención Primaria’, Medikamenduen Ikerkuntza eta Ebaluazioa. Teknologia Farmazeutikoaren Aplikazioa Terapia Aurreratuen Garapenerako doktorego programan kokatuta egin zen, eta M. Begoña Calvo Hernáez irakasleak, Farmazi eta Farmazi Teknologia Arlokoak, eta Enrique Echevarría Orellak, UPV/EHUko Fisiologia Sailekoak, zuzendu dute.