euskaraespañol

Eguneko irudia

Eva Ferreira: «UPV/EHU garrantzi handiko eragilea da euskararen aurrerapen sozial eta akademikoan»

Euskal unibertsitate publikoak 130.000 profesional trebatu ditu euskaraz, gradu guztiak euskaraz ematen ditu gaur egun, irakasleen bi heren elebidunak dira eta 1.000 argitalpen zientifiko baino gehiago kaleratu ditu hizkuntza horretan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/20

Argazkia: Laura López, Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

“Euskal Herriko Unibertsitatea garrantzi handiko eragilea da euskarak azken hamarkadetan izan duen aurrerapen sozial eta akademikoan. UPV/EHU gabe, ezin izango litzateke azaldu euskararen garapena hizkuntza zientifiko bezala, ezta ere euskaren hedapena gizarte eremu hauetan, besteak beste: hezkuntza, osasuna, ekonomia, zuzenbidea eta kazetaritza”. Horiek dira Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreirak gaur esan dituen hitzak Bizkaia Aretoan egindako prentsaurrekoan.

“Gure unibertsitateak euskararekiko konpromiso sendoa hartu zuen bere sorreratik –adierazi du–, eta konpromiso horrek emaitza onak ekarri ditu; orain ezagutzaren mugan garatzen ari da, hizkuntza teknologiaren sarea sendotuz, euskararen presentzia areagotzeko eremu digitalean, eta hizkuntzaren erabilera ikertuz adimen artifiziala bezalako eremu berritzaileetan”.

Prentsaurreko hau Euskararen Nazioarteko Egunaren hurrengo ospakizunaren barruan egin da, eta errektorearekin batera egon dira Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreorde Junkal Gutiérrez eta Itziar Laka, Euskara Sustatzeko zuzendaria, euskal unibertsitate publikoan euskarak izan duen garapenari buruzko informazioa emateko, arreta berezia eskainiz azken urteotako aurrerapenei.

Aurkezpenak lau atal izan ditu: euskararen bilakaera graduko eta graduondoko ikasketetan; unibertsitateko langileen euskalduntzea; argitalpenen eta material didaktikoaren ekoizpena; eta euskararen erabileraren sustapena unibertsitateko bizitza sozialean.

Lehenengo atalean, Euskal Herriko Unibertsitateko arduradunek aurrerapen esanguratsuen berri eman dute. Duela hamarkada bat, Boloniako prozesua abian jarri zenean, ECTS kredituen % 75 ematen ziren euskaraz; gaur egun, % 95. Nabarmentzekoa da, baita ere, 2023/2024 ikasturtean graduko ikasleen % 54 matrikulatu direla euskaraz. Gaur egun, gradu amaierako lanen % 41 euskaraz egiten dira. Orain dela hamarkada bat % 34. Graduondoko ikasketei dagokienez, 2013. urtean kredituen % 18 ematen ziren euskaraz eta orain, 2023. urtean, % 25. Ikasleen % 23 matrikulatzen dira euskaraz graduondoko ikasketetan, eta orain dela hamar urte master amaierako lanen % 13 egiten baziren euskaraz, gaur egun%  29ra heldu gara. Egun, euskaraz egiten diren tesi guztien % 90 UPV/EHUn egiten dira eta, kontuan hartuz gero Euskal Autonomia Erkidegoan egiten direnak, zenbaki hori % 93ra igotzen da. Gainera, aipatzekoa da Euskal Herriko Unibertsitatean euskaraz egiten diren tesien erdiak baino gehiagok nazioarteko aipamena daukatela.

Langileen euskalduntzeari buruzko atalean ere zenbakiak esanguratsuak dira: 2010. urtean irakasleikertzaileen plazen %45 ziren elebidunak, eta 2023. urtean % 66 dira. Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kasuan ere aurrerapena handia izan da: 2010. urtean langileen % 29 ziren elebidunak eta 2022. urtean, berriz, % 42. Aurkezpenean, unibertsitateko arduradunek urte hauetan zehar erakundeko kolektiboentzat antolatutako prestakuntza programen berri eman dute.

Argitalpenen eta material didaktikoen ekoizpenaren atalaren barruan, Euskal Herriko Unibertsitateak arlo horretan egin duen ahalegin handiaren berri eman da. Ahalegin horrek, zifra absolutuez gain, gogoeta berezia merezi du: euskal unibertsitate publikoak argitalpen zientifiko eta material didaktiko asko ekoizten du, eta ekoizpen hori, unibertsitatean bertan erabiltzeaz gain, hezkuntzako beste maila batzuetan, beste unibertsitate batzuetan eta erakunde akademikoetan ere erabiltzen da. Euskal Herriko Unibertsitatea da euskarazko argitalpen akademiko gehien ekoitzi eta argitaratzen dituen eragilea gaur egun.  Esate baterako, 2022. urtean argitalpenak mila baino gehiago ziren (1.048). Beste atal garrantzitsu bat artikulu zientifikoena da: gaur egun 2.203 dira euskaraz argitaratutako artikulu zientifikoak, Euskal Herriko Unibertsitatean egindako ikerketen emaitza direnak. Euskarazko argitalpenen corpusa mota askotako hiztegiekin osatzen da: hala Egungo Euskararen Hiztegia bezalako lan enblematikoak nola erizaintzarekin, sexologiarekin edo zuzenbidearekin lotutako hiztegi tematikoak.

Azkenik, unibertsitateko bizitza sozialean euskararen erabilera sustatzeko atalaren barruan, Aktibatu eta antzeko programen garapenaren berri eman da, bai eta Unikoak edo Euskal Game Jam bezalako deialdiei lotutako ekintzen berri ere, urtero egiten direnak euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. Atal honetan beste ekintza garrantzitsu bat Bikain agiria da: Bikain ziurtagiriak euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen ditu, eta Euskalitek kudeatzen du. Hasiera batean, enpresa munduari zuzenduta zegoen, baina 2015ean administrazio publikora zabaldu zen. Orduz geroztik, UPV/EHUk urtero hartu du parte deialdian, eta gaur egun, euskal unibertsitate publikoko zortzi fakultate eta eskolek dute egiaztagiri hori. Atal honetan aipatzekoak dira, halaber, euskal hizkuntzari eta kulturari lotutako unibertsitate katedrak sortzea (Jose Migel Barandiaran eta Gabriel Aresti katedrak, bakarrik agindu horretan), baita Kultura Zientifikoko Katedrak egiten duen dibulgazio lan handia ere, 3.620 artikulu eta 238 bideo zientifiko euskaraz argitaratuta.