euskaraespañol

Eguneko irudia

Euskal Herriko Antzinate Berantiarreko lehen gaztelua aurkitu da

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/08/25

Brontzezko plaka zurruneko gerriko paparrekoa, Berbeian aurkitua. | Argazkia: GIPyPAC

Euskal Herriko Unibertsitateko Ondarearen eta Paisaia Kulturalen ikerketa taldeak Berbeiako indusketa arkeologikoen bigarren kanpaina amaitu du. Aurkikuntza berriek Euskal Herriko Antzinate Berantiarreko lehen gaztelu euskalduna azaleratu dute.

Berbeiako gaztelua 849 metroko altitudean dago, Gaubean, Barrio eta Bachicabo herri arabarren artean. Euskal Herriko Erdi Aroko beste gotorleku batzuk ez bezala, leku horretan ez dago eraikin monumentalik edo babes-sistema handirik. Hala ere, Goi Erdi Aroko boteregune nagusietako baten historia ikusten da haren itxurazko apaltasunaren atzean. Juan Antonio Quirós Castillok, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia saileko katedradunak, eta Ondarearen eta Paisaia Kulturalen ikerketa taldeko (GIPyPAC) zuzendariak berretsi duenez, “Euskal Herriko Erdi Aroko lehen gazteluen ezaugarriak eta funtzioak ulertzeko aukera ematen digu Berbeiak”.

Dokumentuen arabera, eremu horretan XII. mendean soilik zegoen gaztelu bat, baina dokumentu zaharrago batzuetan Gaubeako eta Lantarongo Goi Erdi Aroko konderriko biztanleentzat gune hori erreferentzia espazial eta sozial garrantzitsu bat zela aipatzen da. Milagarren urte inguruan, justizia administratzeko toki bat zen Berbeia, eta bertan hainbat lehiakideren arteko gatazkak ebazten ziren. Horrez gain, gotorleku militar bat zen; bertatik Ebro ibaiaren ibilguak eta Omecilloko haranak hartzen duten lurralde zabala kontrolatzen zen. Haatik, Valpuestako apezpikutzarekin eta Gaubeako beste erdigune batzuekin ezartzen ziren harremanen sare baten bidez konderri hori gobernatzen zuten eliteen bizileku ere bazen. Gainera, gaztelu horrek bigarren mailako beste zentro batzuk zituen; adibidez, gertuko Los Castros haitzean aurkitutako gotorlekua. “Bi tokietan tronpa zeramikoak aurkitu direnez, bi gotorlekuen artean albisteak igortzeko soinu abisuak erabiltzen zirela ondoriozta dezakegu”, azaldu du ikertzaileak.

Berbeian egindako indusketa arkeologikoen bigarren kanpainari esker, zenbait material arkeologiko berreskuratu ahal izan dira, gaztelua Goi Erdi Arotik jada erabiltzen zela erakusten dutenak. Izan ere, Euskal Herrian orain arte ezagutzen den adibide bakanetako bat da. Alabaina, horrez gain, brontzezko plaka zurruneko paparreko orratz bitxi baten aurkikuntzak, ebakidura motiboekin apaindua, Erdi Aroko lehen okupazioa VI. eta VII. mendeetan kokatzeko aukera ematen du. “Ezagutzen diren ale bakanak Aldaieta, Axkoeta, Buzaga edo antzeko nekropolietatik datoz. Aurkikuntza honi esker, gazteluko biztanleek egunero bereizketa estrategia landu baten bitartez balio handiko objektuak erabiltzen zituztela pentsa dezakegu” nabarmendu du Quirósek.

Gaur egun aztertzen ari diren beste aurkikuntza batzuei esker hobeto ulertuko dira gotorlekuan bizi ziren eliteen bizimodua eta okupatzeko modu desberdinak.

Halaber, Erdi Aroko okupazioaren azpian Burdin Aroko kastro baten aztarnak aurkitu dira; denboran zehar tokiak izan duen garrantzi estrategikoaren adierazgarri da kastro hori. “Datu horiek guztiak kontuan hartuta, gero eta indar handiagoa hartzen ari da Berbeiako gotorleku sistema Lantarongo gazteluarekin erlazionatzen duen hipotesia”, ondorioztatu du UPV/EHUko katedradunak.