euskaraespañol

Europako etxe txakur zaharrenetariko bat Euskal Herrian bizi izan zen

UPV/EHUren Giza Biologia Ebolutiboko taldeak aztertu duen humeroa duela 17.000 urte Paleolitoan bizi izan zen espezimen bati dagokio

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/21

Irudia
Ezkerretik eskumara, Conchi de la Rua, Santos Alonso, Montse Hervella y Neskuts Izagirre. | Argazkia: UPV/EHU

Txakurra da gizakiak etxekotu zuen lehen espeziea, nahiz eta oraindik eztabaidagai izaten jarraitzen duten otsoaren etxekotzearen jatorri geografikoak eta tenporalak. 1985ean, Jesus Altunak Errallako koban (Zestoa, Gipuzkoa) zuzendu zuen indusketa batean, humero bat aurkitu zuten, ia osorik zegoena, kanido batena, otsoak, txakurrak, azeriak eta koioteak -besteak beste- biltzen dituen haragijale familia. Une hartan ez zegoen baliabiderik identifikatzeko hezurra zein kanido espezieri zegokion. 

Orain, Conchi de la Rúa irakasleak zuzentzen duen UPV/EHUren Giza Biologia Ebolutiboko taldeak sakon aztertu du hezur hondakina, eta analisi morfologiko, erradiometriko eta genetikoak berretsi egin du espeziearen identifikazio genetikoa: Canis lupus familiaris (etxe txakurra). Karbono 14a erabiliz eginiko zuzeneko datazioaren arabera (masen espektrometria eta partikulen azeleragailu bidez), humeroaren antzinatasuna 17,410–17,096 cal. BP-koa da (calibrated years before the present esapidearen laburdura; hau da, emaitzak doitu egiten dira kontuan hartuz erradiokarbonoaren kontzentrazio globalean izandako aldaketak denboran zehar). Beraz, Errallako txakurra Goi Paleolitoaren Madeleine aldian bizi izan zen eta, horrenbestez, Europako etxe txakur zaharrenetariko bat dela esan daiteke. 

Errallako txakurraren eta orain arte aztertu diren Madeleine aldiko txakur urrien etorki mitokondriala berberak dira. Etorki horren jatorria lotuta dago Azken Izozte Maximoarekin bat datorren klima hotzeko aldi batekin, Europan duela 22.000 urte inguru izan zena. “Emaitza hauek ikusita, litekeena da otsoaren etxekotzea orain arte uste zena baino lehenago gertatu izana, Mendebaldeko Europan behintzat, non areagotu ahal izan zen Paleolitoko ehiztari-biltzaileen interakzioa espezie basatiekin, hala nola otsoarekin, krisi klimatikoaren aldian izoztetik babestuta egon ziren eremuetan (Franko-Kantauriar eremuan, adibidez)”, azaldu du Conchi de la Rúa Giza Biologia Ebolutiboko taldearen zuzendariak.  

Erreferentzia bibliografikoa