euskaraespañol

Erdi Aroko nekazaritzaren ureztatze eta ongarritze mailak zehaztu dituzte

UPV/EHUren parte-hartzea izan duen azterlanerako inoiz erabili gabeko metodologia bat baliatu dute Penintsulako Erdi Aroko aztarnategietan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/14

Zornoztegiko Erdi Aroko aztarnategiaren airetiko argazkia | Argazkia: Maite Iris García Collado

'First direct evidence of agrarian practices in the Alava Plateau (Northern Iberia) during the Middle Ages through carbon and nitrogen stable isotope analyses of charred seeds' artikulua argitaratu berri du Environmental Archaeology aldizkariak, eta horretan parte hartu du Maite Iris García Colladok, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arkeologia Arloko doktoratu ondoko ikertzaileak, egun Yorkeko Unibertsitatean egonaldi bat egiten ari denak. Artikuluan karbono eta nitrogeno isotopo egonkorren analisiaren emaitzak aurkeztu dituzte, Zornoztegi eta Aistra aztarnategietan (Araba) aurkitutako hazien 50 lagini egin zaizkienak –K.o. IV. eta XIV. mendekotzat jo dira–.

Argitaratu den ikerketan, isotopoen analisiak egin zitzaizkien Arabako bi aztarnategi horietan berreskuratutako haziei, Erdi Aroko gizarteen nekazaritzako jardunbideak ezagutu ahal izateko. “Datu horiekin zehaztu ahal izan ditugu baliatzen zituzten ureztatze eta ongarritze mailak -azaldu du García Colladok-. Aurkikuntza garrantzitsua da Erdi Aroko nekazaritzari buruz daukagun informazio gehiena idatzizko iturrietakoa delako, eta horrek batez ere aro horretako azken mendeei buruzko delako soilik. Gainera, informazioa ez da zehatza. Teknika horren bidez, ordea, Erdi Aro osoari buruzko datuak lortu ahal izan ditugu, baita zuzeneko idatzizko frogarik ez geneukan testuinguruei buruzkoak ere”.

Teknika horrek aukera ematen du kuantitatiboki ezaugarritzeko iraganeko nekazaritza teknikak; bereziki, ureztatzearen eta ongarritzearen erabilgarritasunari dagokionez. Bestalde, lehen aldiz aplikatu da metodologia hau sistematikoki Iberiar penintsulako Erdi Aroko aztarnategietan. “Hala esan dezakegu Zornoztegiko eta Aistrako Erdi Aroko kokalekuetan garia eta garagarra landu zituztela ureztatze maila txikiekin eta ertainekin eta ia ongarririk gabe. Dena den, gariaren laginek adierazten dute Zornoztegin Aistran baino ohikoagoa izan zela ur erabilgarritasun handiagoa zituzten lursailak aukeratzea, baita gizakien parte-hartzea ere hobetzeko”.

Bestalde, ikerketak zenbait zantzu aurkeztu ditu, eta, horien arabera, badirudi Goi Erdi Arotik laboreen txandakatzea aplikatu zutela, eta leguminosoak erabiltzen zituztela lurra ongarritzeko. Emaitza horiek pizgarria dira gai horretan lanean jarraitzeko, orain arte ezagutzen ez ziren datuak jakinarazi dituztelako Erdi Aroko komunitate nekazariek laborantzan baliatzen zituzten estrategiei buruz. Hala, datu multzo handiagoak aztertu beharko dira, eta zabaldu egin beharko dira bai geografikoki, bai kronologikoki ikerketa kasuak.

“Bi aztarnategien arteko alde nabarmenak ere aurkitu ditugu, bakoitzaren funtzio ekonomikoak, sozialak eta politikoak ulertzen laguntzen dutenak. Zornoztegi nekazarien herrixka bat zen, eta familia taldeen artean ez da alderik aurkitu. Aistra, ordea, eskualdeko leku nagusi bat zen, eta zenbait datuk adierazten dute tokiko eliteak han bizi zitezkeela eta ziurrenik zergak biltzeko zentroa zatekeela. Hasieran uste genuen Aistrako hazien jatorria errentak zirenez, anitzagoak izango zirela. Aitzitik, aldakortasuna antzekoa izan zen bi testuinguruetan. Zornoztegikoetan, gainera, balizko lan inbertsio handiagoa behatu genuen. Hala ere, gure ikerketa mugatua da, ez dagoelako datu isotopikorik erromatarren garaiko nekazaritzako jardunbideei buruz. Horiek beharrezkoak izango lirateke Erdi Aroko aldaketak eta berrikuntzak behar bezala ebaluatu ahal izateko”, amaitu du ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoa