euskaraespañol

Eguneko irudia

Erakusketa: Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen

Noiz eta non

Noiztik: 2023/11/28 Noiz arte: 2023/12/29

Kokapena

Txillardegi aretoa - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Argazkia: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa, UPV/EHU

Deskribapena

Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak eta Garabide Elkarteak antolatutako ‘Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen’ izeneko erakusketa Gipuzkoako Campusean ikusgai dago. Erakusketa EHUkultura Gipuzkoa programaren barruan antolatu da eta azaroaren 28tik abenduaren 29era bitartean egongo da zabalik, UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian, 08:00etatik 20:30era, astelehenetik ostiralera.

Sarrera librea da.

“Erakusketa honek-diote antolatzaileek- euskal herritarrei bi kontu jakinaraztea du helburutzat. Batetik, kooperazio linguistikoa nola ulertzen dugun adieraztea, zein balio, zein garrantzi eta zein aukera dituen. Bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea, haien sentipenak eta sentiberatasunak ezagutu ditzagun. Halaber, bioaniztasunaren eta hizkuntza-aniztasunaren arteko harremana ere badu gogoeta-gai. Erakusketara hurbiltzen den bisitariak hainbat kontakizun aurkituko du bertan, bakoitza hizkuntza indigena batean eta mundu batera hurbiltzen gaituen irudi batez lagunduta, indigenen hitzak eta indigenen begiradak islatzen dituzten paneletan bilduta. Munduan dauden hizkuntza gutxituen lagin bat besterik ez dute osatzen kontakizunok. Galzorian dauden hizkuntzak dira gehienak; bizirik irauteko zailtasun ugari dutenak eta, sarritan, gatazkaz inguratutako gizartean kokatuta daudenak, baina hiztunen lan eta gogoari esker biziberritzeko ahaleginetan ari direnak. Irudi eta kontakizunez gain, fitxa tekniko labur baten bidez, ikusgai dagoen hizkuntza bakoitzaren egoerari buruzko informazioa eskaintzen da panel bakoitzean, eta gainera, QR kode baten bitartez, kontakizun horiek jatorrizko hizkuntzan entzuteko aukera eskaintzen da. Halaber, pantaila batean Beltzean Mintzo dokumentalaren zati bat eta hizkuntza-lankidetzarekin lotutako irudi sorta bat ikusteko aukera eskaintzen da.”