UPV/EHUko Elikadura Jasangarria ikerketa-taldeak ikerketa batean ondorioztatu duenez, elikagai-makinetako produktuen ia erdiak nutrizio-kalitate txikikoak dira, eta hiru laurdenak prozesatze-maila handikoak. Gainera, ikusi dute nutrizio-balio txikiko elikagaiak eta edariak merkeenak direla eta gainerakoak baino maizago sustatzen direla.
Elikagai-makinen erradiografia bat
UPV/EHUko ikerketa batek elikagaien eta edarien makinen elikadura-eskaintza aztertu du nutrizioaren ikuspegitik
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2021/08/12
Obesitatearen eta gehiegizko pisuaren prebalentzia handia dela eta, gai horretan adituak direnek diote beharrezkoa dela zenbait esku-hartze egitea patologia horiek prebenitzeko. “Frogatu da helburu horretara iristeko moduetako bat osasuna sustatzea dela antolakuntza-inguruneetan, hala nola unibertsitateetan”, adierazi du Naiara Martínez Pérezek, UPV/EHUko Erizaintza Saileko irakasleak. Horretarako, “edozein esku-hartze hasi aurretik, egoera ezagutu behar da. Lan honetan, zehazki, unibertsitateko elikagai-makinen elikadura-eskaintzari buruzko informazioa jaso dugu, erraz eskuratzeko modukoak direlako, ia fakultate eta zentro guztietan daudelako eta produktuak, oro har, merkeak direlako”, erantsi du Naiara Martínezek.
Gainera, “Espainia makina horien erabileran Europako liderretako bat da; makina bat 80 biztanleko, Europako batezbestekoa 180 biztanleko bat denean. Europako unibertsitateetan makina horietan saldutako elikagaien eta edarien nutrizio-balioari eta beste faktore batzuei buruzko daturik ez dagoenez eta sektore horrek Espainian duen garrantzia kontuan hartuta, beharrezkoa da gai horri buruzko datu zientifikoak jasotzea”, adierazi du ikertzaileak.
“Lan honen helburua izan da UPV/EHUko makinetan eskaintzen diren elikagaiak aztertzea, haien nutrizio-profilari eta prozesatze-mailari arreta berezia jarriz, eta nutrizio-profilean kostuaren eta sustapenaren arabera dauden aldeak ikertzea”, adierazi du UPV/EHUko Elikadura Jasangarria ikerketa-taldeko ikertzaileak. “Produktuek makinan duten kokalekua, marketin-irizpideen arabera ebaluatuta, tresna berria da produktuen sustapena aztertzeko; ez da lehenago erabili elikagai-makinen ebaluazio-azterketetan”, erantsi du.
Elikadura-lehentasunak, prezioak eta sustapena
Ikasleek erabil ditzaketen UPV/EHUko fakultate eta zentro guztietako makina guztiak aztertu dira. 202 makina, hiru campusetan (35 Araban, 65 Gipuzkoan eta 102 Bizkaian). Eskainitako produktuen datuak Kontsumoaren, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziaren (AECOSAN) eta Erresuma Batuko Osasun Sailaren irizpideak erabiliz aztertu dira, gehien erabiltzen diren ereduetako bat baita. Halaber, artikuluak industria-prozesamenduaren mailaren arabera sailkatu dira. Azkenik, produktu bakoitzaren prezioari buruzko informazioa erregistratu da, eta haien sustapena neurtu da, makinen barruan non kokatze diren aztertuta.
Emaitzen arabera, “gehien saltzen diren produktuak gozokiak (aukera guztien % 23,4), kafea (% 20,3) eta aperitibo gaziak (% 11,7) dira”, dio Martínezek. Gainera, “elikagaien nutrizio-balioa, oro har, txikia dela ikusi dugu; produktuen % 48,6 nutrizio-balio apalkotzat sailkatu dira”, erantsi du. “Produktuen prozesatze-mailari dagokionez —dio lanaren egilekideak—, artikuluen % 73,8 ultraprozesatutzat sailkatu dira”.
Elikagaien gustu eta lehentasunez gain, prezioak eta promozioa dira kontsumitzaileen erosketan eragina izan dezaketen beste faktore batzuk. Batetik, “azterketa honek berretsi du nutrizio-balio handiko elikagai eta edariek aukera gehiago dituztela garestiagoak izateko”, adierazi du Naiara Martínezek.
Bestalde, artikuluak makinetan non kokatzen diren aztertuz gero, “ikusi dugu gomendio dietetiko osasungarriak betetzen dituzten elikagaiak eta edariak nutrizio-kalitate txikiagokoak baino gutxiago sustatzen direla”, azpimarratu du Naiara Martínezek. Adibidez, “ez da ohikoa fruta-pieza bat aurkitzea makinen erdian edo begien parean; nutrizio-kalitate handieneko elikagaiak makinaren izkinetako batean jartzen dira, oro har beheko aldean... nekez ikusten dira edo, gutxienez, lokalizatzeko ahalegina eskatzen dute”, esan du UPV/EHUko irakasleak.
Informazio osagarria
Lan hau Campus Bizia Lab programaren proiektu baten testuinguruan kokatzen da. Proiektu hori UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren Errektoreordetzak, Eusko Jaurlaritzak (2016) eta UPV/EHUko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak (Eusko Jaurlaritzarekin egindako kontratu-programaren bidez) finantzatu dute (17ARRO, 18ARRO, 19ARRO y 20ARRO). Campus Bizia Lab programa Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) 2013-2016 bitartean parte hartu zuen Erasmus University Educators for Sustainable Development (540051-llp-1-13-1) ekimenetik eratorria da. Proiektu horren bidez, irakasleen, administrazioko eta zerbitzuetako langileen eta ikasleen arteko lankidetza prozesua bultzatu nahi da (diziplinaz haraindiko ikuspegia), Unibertsitatean bertan iraunkortasunaren aldeko erronkei erantzuteko.
Erreferentzia bibliografikoa
- Availability, Nutritional Profile and Processing Level of Food Products Sold in Vending Machines in a Spanish Public University.
- International Journal of Environmental Research and Public Health 2021, 18, 6842.
- DOI: 10.3390/ijerph18136842