euskaraespañol

Eguneko irudia

Prestakuntza Dualari buruzko lehenengo nazioarteko batzarrak 150 lagun baino gehiago bildu ditu UPV/EHUn

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/17

Prestakuntza Dualari buruzko lehenengo Nazioarteko Batzarra egin da UPV/EHUren Carlos Santamaria Zentroko auditorioan, unibertsitate horrek eta IMH Makina Erremintaren Institutuak Univertsitat de Lleidarekin elkarlanean antolatua.

‘Unibertsitateko Prestakuntza Duala Europako Unibertsitate Eremuan’ izenburupean, 150 lagun baino gehiago bildu ditu nazioarteko batzarrak, eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko gero eta zabalduagoa dagoen irakaskuntza eredu berri honi buruz.

Batzarraren inaugurazioan, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea izan dira.

UPV/EHUko errektoreak, batzarraren balioa nabarmentzeaz gainera, prestakuntza duala “mende honetako hezkuntza arloko eredu gakoetako bat” dela adierazi du. “Beste hezkuntza ibilbide batzuetara ere zabaldua, unibertsitatea du garatzeko oinarrizko eremuetako bat. Prestakuntza eredu berean horren desberdinak diren bi eragile konbinatzeak –unibertsitatea eta enpresa– behartu egiten gaitu espazio fisiko eta antolakuntza desberdinak bateratzera, eta norabide berean jartzera mendez mende bereiz hazi diren lan kulturak. Bateratze horrek dakarren desafioa ez dugu ikusi behar gatazka gisa, eredu misto hori aberasteko eta haren posibilitate guztiak garatzeko aukera gisa baizik”.  

Bere aldetik, Cristina Uriarte sailburuak nabarmendu duenez, “eskaintza handiago eta dibertsifikatuago baten beharretik harago, Euskal Herriko eredu dualak hainbat helburu ditu etorkizunari begira. Prestakuntza duala eta esperientzia akademikoa –duala edo ez– konbinatzeak unibertsitate prestakuntza eredu berri eta sendo bat eskaintzen du nazioarte mailan. Horrela, euskal prestakuntza dualak aurreikusita du nazioarteko prestakuntza duala garatzea, i-dual eredua izenekoa, nazioarteko dimentsioa erantsiz titulazio dualei”.

Lehenik, Europako erakundeen kasu arrakastatsuen berri eman da; hala nola Frantziako FORMASUP Nord Pas de Calais eta Alemaniako Duale Hochschule Baden-Württemberg Mosbach (DHBW). Frédéric Sauvage FORMASUP Nord Pas de Calais-eko zuzendariak bereziki azpimarratu du duela 10 urtetik hona duten harreman estua, proiektu komunen bidez, Elgoibarko IMH Unibertsitate Eskolarekin eta UPV/EHUrekin. “Atsegin handiz ikusi dut zer-nolako bilakaera izan duen Elgoibarko ikastegiak eredu dualean urte hauetan guztietan. Oro har, Europan mugimendu garrantzitsu bat dago alternantziaren alde. Frantzian, prestakuntza alternantzian egin daiteke edozein motatako domeinuan; haren ezarpena garrantzitsua da eta hazten ari da urteko % 10eko erritmoan. Macron presidentea gogoeta garrantzitsu bat egiten ari da 2020. urteari begira. Izan ere, sistema dualak ondo funtzionatzen badu ere unibertsitatean, hobetu beharra dago hezkuntzaren oinarrizko mailetan”.

Bestetik, Bern Bachert Duale Hochschule Baden-Württemberg Mosbach-eko Nazioarteko Departamentuko teknologiako zuzendari akademikoak adierazi duenez, “Alemaniako prestakuntza dualak prestakuntza eskaintza zabal eta askotarikoa du, eta ikasleek prestakuntza ibilbide askotarikoak erabil ditzakete, bai batxilergotik bai lanbide heziketatik, zeina formatu dualean ere egin baitaiteke. Alemanian, enpresa da ikasleen kontratazioa zuzentzen duena, eta jarraipena eta tutoretza oso ondo egituratuta daude oro har unibertsitatearekin, funtsezkoa dena ikasleen prestakuntza garapen egokian. Gaur egun, enpresen ikasle-dualen eskaerak gainditu egiten du matrikulatutako ikasleen kopurua, eta irtenbide bat eman behar zaio egoera horri, pertsona kualifikatuak bideratzeko gure enpresetara”.

Batzarraren amaieran, hitza hartu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta azpimarratu duenez, Gipuzkoa “lurralde dual” bat da, kontuan izanik prestakuntza eredu honek Gipuzkoako ikastegietan duen ibilbide “zabal eta oparoa”, eta horren erakusgarri dira LH duala ematen ari den emaitza onak, IMHren esperientzia aitzindaria unibertsitateko prestakuntza dualean eta eredu honek unibertsitate esparruan duen hedapena, bereziki aipagarria izanik UPV/EHUren “ahalegin erabakigarria”. “Industria gure ekonomiaren ardatz nagusia da, gure gizartearen ongizatearen oinarrian dagoen sektorea. Eraldaketa sakon bati aurre egin behar dio, eta esparru berrietarantz jo. Testuinguru horretan, gure enpresek zailtasunak dituzte profil profesional jakin batzuk aurkitzeko”, gehitu du Olanok, eta dei egin die enpresei eta unibertsitateari beren “lankidetzan” sakontzen jarraitzera, aurrera egiteko unibertsitateko prestakuntza dualerantz, elementu “kritikotzat” duena gure industriaren eta lurraldearen etorkizunerako.