euskaraespañol

Eguneko irudia

George Smoot Nobel sariduna Euskal Herriko Unibertsitatean eta Donostia International Physics Centerren hasiko da

UPV/EHUko Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia sailean arituko da, eta DIPCn kosmologia eta astrofisikako ikerketa lerroko partaide izango da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/20

Ezkerretik eskumara, Pedro Miguel Etxenike, George Smoot (pantailan), Nekane Balluerka errektorea eta Jokin Bildarratz
Ezkerretik eskumara, Pedro Miguel Etxenike, George Smoot (pantailan), Nekane Balluerka errektorea eta Jokin Bildarratz. Argazkia: UPV/EHU.

George F. Smoot irakaslea, 2006ko Fisikako Nobel sariaren irabazlea, ikertzaile lanetan arituko da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) eta Donostia International Physics Centerren (DIPC). Gaur goizean eman dute albiste bikain honen berri prentsaurreko batean Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak eta fisikari estatubatuar ospetsuak. Horiekin batera izan dira Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua; eta Pedro Miguel Etxenike, DIPCko presidentea eta UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna. Smoot irakaslea itzal handiko ikertzaile gisa arituko da orain Euskal Herriko Unibertsitateko Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia sailean eta, gainera, DIPCri esleituta egongo da.

George F. Smootek Fisikako Nobel saria jaso zuen 2006an John C. Matherrekin batera, gorputz beltzaren formaren eta hondoko mikrouhin erradiazio kosmikoaren anisotropiaren aurkikuntzagatik. Haien azterketetan frogatu zuten irregulartasunak zeudela jatorrizko unibertsoan, hau da, Big Bangaren ondorengo lehen uneetan, eta irregulartasun horietan dagoela galaxien jatorria. Kaliforniako Unibertsitateko (Berkeley) irakasle emeritua eta Hong Kongeko Zientzia eta Teknologia Unibertsitateko (HKUST) Funtsezko Fisikako Zentroko zuzendaria, orain arte Parisko Unibertsitateko irakaslea ere bazen, baina postu hori utzi egingo du UPV/EHUn hasteko.

Kontratazio honekin, Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa eta prestakuntza funtzioak indartu nahi ditu, eta UPV/EHUko Fisika saileko Ikerbasqueko Thomas Broadhurst irakasle ikertzailearen lantaldearen eta George Smooten arteko lankidetza estutu. Era berean, DIPCk duela hiru urte abiarazi zuen kosmologia eta astrofisikako asmo handiko ikerketa ildoa indartuko du Smoot irakasleak DIPCn lan egiteak. Horrela, gainera, formalizatu egingo da Ikerbasqueko Silvia Bonoli eta Raúl Angulo ikertzaileekin aktibo daukan lankidetza zientifikoa.

Smootek berak Parisetik telematikoki adierazi duenez (ezin izan da Donostiara etorri, pandemia dela eta): “badaramat denbora bat Euskadiko ikertaldeekin lankidetza estuan lan egiten, zehazki Euskal Herriko Unibertsitatekoekin eta DIPCkoekin, eta zenbait proiektu oso interesgarri ditugu abian, hala nola neutrinoen masaren neurketa zehatza. Donostiara etorri nintzen lehen aldiko arrazoietako bat izan zen hori, eta beste interes eta ikerketa partekatu batzuk ekarri ditu, hala nola grabitazio leiarren edo materia ilunaren nolakotasunaren ingurukoak.

UPV/EHUk eta DIPCk esleipen hitzarmen bat sinatu dute George Smoot azken zentro horretara esleitzeko. DIPCren patronatuko kideetako bat da UPV/EHU. Horrez gain, UPV/EHUk zuzendutako Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campuseko kide da DIPC, Tecnaliarekin batera, eta bikaintasun zentroaren izendapena egin du haren alde Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak BERC (Basque Excellence Research Centers) programaren barruan.

Nekane Balluerka errektorearen hitzetan, Smoot irakaslearen kontratazioa oso da garrantzitsua: “zailtasunez jositako urte bat izaten ari gara, baina hasi bezala bukatuko dugu: Nobel saridun baten kontratazioa iragarrita. Albert Fert izan zen urte hasieran, eta George F. Smoot izango da orain. Ekonomian, neurri antizikliko esaten zaie krisi egoeretan jarduera sustatzeko xedea dutenei. Hala bada, kontzeptu hori gure bizitza akademikoan ere aplika daitekeela uste dut: une zail hauetan, gure ikerketa aktibatzen ari gara, eta nazioarteko maila altuenean kokatzen. Munduko lehen mailako ikertzaileentzako erakargarria den ingurune zientifiko bat sortu dugu. UPV/EHUn Smoot irakaslea izatea oso positiboa izango da master eta doktoregoetako ikasleen prestakuntzarako eta, gainera, haren prestigioa gure ikasle guztientzat izango da onuragarria.

Pedro Miguel Etxenike, bestalde, pozik agertu da sailburuarekin eta errektorearekin egoteagatik, eta honako hau nabarmendu du: “pozik gaude Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan ari garelako lehen mailako ikertzaile bat erakartzeko, George Smoot. Gurean egiten den zientziaren bikaintasunaren erakusgarria da. Gure ikerketa unibertsitatea da haren buru, eta Eusko Jaurlaritzaren baldintzarik gabeko babesa dugu. Albert Fert DIPCren laguna eta kolaboratzailea zen duela urte askotatik. George Smootekin dugun harremana, ordea, nahiko berria da, baina zenbait ikerketa proiektu bateratutan mamitu da dagoeneko. Gurekin elkarlanean aritzeko duen interesa pizgarri handia da guretzat, eta frogatzen du DIPCn ikerketa ildoak fisikaren beste alor batzuetara zabaldu eta dibertsifikatzeko egin genuen apustuak oinarri sendo eta irmoa duela, eta etorkizun oparoa aurretik.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuak nabarmendu duenez, hain zuzen, “ziur nago Euskadin garatuko dituen aurrerakuntza zientifikoez gain, hurbil atzematea eta daukan ilusioa sentitzea gure herrialdeko zientzialarientzat eragingarria izango dela, batez ere zientzialari gazteentzat. Dena den, inork ez du pentsatu behar kontratazio hauek diru kontua bakarrik direla, kontratu bat eskaintzen zaiela eta datozela. Maila horretako ikertzaile batek proiektu baten alde egiten badu, eskaintzen zaion maila zientifiko eta ikertzailea baloratzen duela esan nahi du. Azken urteotan Euskadin lan handia egin da, koordinatuta lan egin dugu Jaurlaritzak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gainontzeko agenteek”.