EHU-ekinean podcast atalaren hirugarren emanaldia. Sail horretan, zientzialariaren estereotipoak betetzen ez dituzten ikertzaileei egindako elkarrizketaren audioa eta idatzizko laburpena kaleratzen ditugu hilean behin. Gaur Borja Doncel García erizaina eta UPV/EHUko AgeingOn taldeko ikerlariaren txanda da.
ERIZAINA ETA UPV/EHU DOKTOREA
Borja Doncel: «Adinkeria zabalduago dago sexismoa eta arrazakeria baino»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2023/03/29
EHU-ekinean 3. podcasta: Borja Doncel García
Borja Doncel García erizaina, ikertzailea eta irakaslea da. Oraindik ere, adimen artizialeko itzultzaile gehienek erizaina femeninoan itzultzen dute, adibidez, gaztelaniara: la enfermera. Doncelek argi utzi du erizaintzan eta Osakidetzan emakumezkoak gehiengoa direla. Horrek, ordea, ez zuen ikasketak aukeratzeko garaian: “Batetik, osasun-arloa gustuko nuen, eta, bestetik, erizainok pazientearekin harreman estua izaten dugu, eta hurbiltasun hori asko gustatzen zait. Horregatik aukeratu nuen erizaintza”.
Estereotipoei uko egin zien beraz, eta, hain zuzen, estereotipoak ikertu ditu eritzaintzan; zehazki, adinkeria edo adinekoek pairatzen duten diskriminazioa. “Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatearen masterra egin nuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta amaierako lanerako adinkeria aukeratu nuen, baita bere doktorego-tesian ere, azken urteotan sexismoak eta arrazakeriak arreta jasotzen ari direlako, baina adinkeriari, aldiz, ez zaiolako hainbeste erreparatzen”, azaldu du Doncelek. Adinagatiko diskriminazio hori gutxiago aipatzen den arren, sexismoa eta arrazakeria baino are ohikoagoa dela ere nabarmendu du Doncelek.
Horrez gain, aipatu du oso txikitatik ikasten dela adinkeria. “Testu batzuek esaten dute jada 5 urterekin hasten garela ikasten horrelako jarrerak, eta, adinean aurrera joan ahala, indartzen doaz. Horregatik, uste dugu oso garrantzitsua dela neurriak hartzea eta esku-hartzeak egitea, eskolatik eta etxetik hasita”.
Hala ere, adinkeriaren aurkako esku-hartze gehienak hezkuntzan oinarrituta daudela ikusi dute, baita belaunaldien artekoak ere, normalean nerabeekin. Eta horietan ere adinkeria adibide garbia ikusi dute, gazteei zuzenduta egoten direlako, eta ez adinekoei. “Pixka bat ironikoa da: adinkeriari aurre egiteko esku-hartzeetan, adinekoak baztertzen ditugu”, ohartarazi du Doncelek. Hori dela eta,haiek egin zuten esku-hartzea adinekoentzat izan zen.
Adinkeriaren kontrako esku-hartzeak, adin guztietan
Azkenaldian, dena den, komunikabideetan, hezkuntzan eta esku-hartzeetan gero eta gehiago hartzen da kontuan adinkeria. Izan ere, ondorio oso kaltegarriak ditu adin nagusiko pertsonetan: osasunean, isolatze sozialean, autonomian… Horrek guztiak, gainera, kostu bat dakar. “Baina adinekoak ere gero eta gehiago entzuten dute adinkeria terminoa, gero eta gehiagok parte hartzen dute diskriminazio horri aurre egiteko programetan, eta haiek ere kontzientziatzen ari dira”.
Garbi du, beraz, esku-hartzeek garrantzia handia dutela eta eraginkorrak direla. Bestalde, kontuan izanda geriatria ez dela aukerako espezialitatea izaten, Doncelek bere lanaren alderdi onak azpimarratu ditu, gazteak erakartzeko asmoz. Batetik, gogorarazi du adinekoen artean heterogeneizitate handia dagoela. “Era askotako harremanak sortzen dira haiekin”. Bestetik, ikerketan, benetan polita iruditzen hasieratik emaitzak lortzera egiten den bidea: “Lehenik helburu bat jarri, gero metodo bat sortu, esku-hartze bat egin, emaitzak eta ondorioak atera… Prozesu hori guztia aurrera eraman, eta Ikusten duzunean gero gizartean aplikatu dezakezula, asko asebetetzen zaitu”.
Aitortu du osasun-profesionalek ere izaten dituztela aurreiritziak adinekoen kontra, baina adinekoek ere badute eskubidea arreta ona jasotzeko. “Azkenean, denok iritsi nahi dugu zahar izatera”.
Ikertzaileari buruz
Borja Doncel García Erandion jaioa da, 1992an. Eritzaintza ikasi zuen UPV/EHUn, eta gero Zahartze Osasuntsua eta Bizi-Kalitatea masterra eta Ikerketa Biomedikoa Doktoregoa egin zituen unibertsitate berean. Erizaina da Errekaldeko Osasun Zentroan (Osakidetza – OSI Bilbao-Basurto), adinkeria ikertzen du AgeingOn Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa-taldean eta Biocrucesen (Osakidetza), eta irakaslea ere bada UPV/EHUn.
EHU-ekinean Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordetzaren ekimena da.
Testua: Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia (CC-BY-SA-3.0)