UPV/EHUko ikertzaileek elikagai industriako azpiproduktuz osatutako gailu biomediko bat garatu dute. Gailu horrek ezaugarri bikainak ditu birsorkuntza medikuntzan erabiltzeko. ‘Green Chemistry’ aldizkariko azalean argitaratu dute lan hori, ekaineko zenbakian. Kimikaren alorrean prestigio handien duen nazioarteko aldizkarietako bat da hori, eta, garrantziari dagokionez, bigarrena zientzia jasangarriaren arloan.
Birsorkuntza medikuntzan erabiltzeko gailu biomediko jasangarria
UPV/EHUk birsorkuntza medikuntzan erabiltzeko gailu biomediko jasangarri bat garatu du elikagai industriako azpiproduktuak erabilita
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2020/07/01
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko NanoBioCel eta Biomat taldeetako ikertzaileek elikagaigintzako azpiproduktuz osatutako gailu biomediko bat garatu dute. Gailu horrek ezaugarri bikainak ditu birsorkuntza medikuntzan erabiltzeko. Gailu berritzailea soja proteinaz eta kitinaz osatuta dago, eta organismoaren zenbait ehunen antzeko mikroarkitektura porotsu eta interkonektatuko matrizea eratzen dute.
Biomedikuntzan erabiltzeko terapia berriak garatzeko gero eta premia handiagoari, azken urteotan, gizarteak ingurumena errespetatzeko duen beharra gehitu zaio. Hori horrela, ikertaldeak frogatu duenez, elikagaigintzako azpiproduktu naturalak, industria prozesuetan baztertu ohi direnak, biomaterial iturri bikaina izan daitezke gailu biomedikoak sortzeko.
“Garrantzitsua da adieraztea ezen, orain arte, inork ez duela ustiatu birsorkuntza medikuntzan zer potentzial duten soja proteinak eta kitinak, matrize mikroporotsu batean konbinatuta –nabarmendu dute ikertzaileek–. Ildo horretako lehen mugarri gisa, gailu berritzaile horrek elikagaigintzatik lortutako bi osagai natural ditu, eta, era horretan, behar sozial bati ere erantzuten dio, hau da, ekoizpen industrialeko hondakinei berriz balioa ematen laguntzen du. Gailuak ezaugarri fisikokimiko eta mekaniko ezin hobeak ditu, gainera, birsorkuntza medikuntzako aplikazioetan erabiltzeko. Halaber, guztiz biobateragarria ere bada, hala in vitro zelula lerroetan nola in vivo eredu murinoan. Azkenik, egiaztatu dugu gailuak zelula ama bideragarri kopuru handia har dezakeela bere barruan, eta horien osagai bioaktiboen jariatze maila handitzen duela; terapia zelularrerako oso bide eraginkorra dela ere erakutsi du, orobat”.
Oso litekeena da gerturatze bioteknologiko horrek aplikazio arrakastatsua edukitzea matrizeetan oinarritutako birsorkuntza medikuntzaren industrian. Barruan zelula amak hartzeko gai diren gailu horiek iraultza ekarriko dute, bai ikerketa biomedikora, bai eguneroko praktika klinikora. “Eszenario kliniko oso konplexuei, hala nola zauri kronikoei eta hezurretako arazoei, alderdi askotatik heldu behar zaie, matrize bioaktiboak zein agente biologikoak birsorkuntza ondorioekin elkartuta”, azaldu dute.
Lana hautatu dute, gainera, ‘Green Chemistry’ aldizkariaren ekaineko zenbakiko azalean argitaratzeko; kimikaren alorrean, nazioartean, itzal handien duen aldizkarietako batean, alegia. Mario Arpónek diseinatu du azala.
Informazio osagarria
NanoBioCel UPV/EHUko Farmaziako eta Farmazia Teknologiako Laborategiko ikertalde bat da, eta bi erakunde hauetako kidea ere bada: CIBER-BBN (Bioingeniaritza, Biomaterialak eta Nanomedikuntza Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa) eta Nanbiosis-ICTS azpiegitura zientifiko tekniko singularra.
BIOMAT diziplina anitzeko talde bat da, UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza, Fisika Aplikatua, Enpresen Antolakuntza eta Matematika Aplikatua sailetako irakasleek eta ikertzaileek osatua. BIOMAT taldeak material berriztagarrien eta biodegradagarrien arloan lan egiten du zenbait aplikaziotarako, funtsean, elikagaien ontzi gisa eta birsorkuntza medikuntzan erabiltzeko.
Erreferentzia bibliografikoa
- Soy protein and chitin sponge-like scaffolds: from natural by-products to cell delivery systems for biomedical applications
- Green Chemistry (Junio 2019)
- DOI: 10.1039/D0GC00089B