euskaraespañol

Iñaki Milton Laskibar

Dieta bat haur bakoitzeko: makrobiota nola erabili haur obesitateari aurre egiteko

IMDEAko eta UPV/EHUko ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/09/19

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Gehiegizko pisuak estetika edo autoestimu arazo handia izateaz gain, larriki handitzen du 2. motako diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, gibel koipetsua eta are minbizi mota batzuk garatzeko arriskua. Kalkuluen arabera, Europar Batasuneko helduen % 50 inguruk gehiegizko pisua edo obesitatea du.

Eta are okerragoa dena, haurren obesitatea duela 40 urtekoa halako hamar izateak gaur egun oraindik eta gehiago okerragotu du helduen osasuna. Ez da txantxetako arazoa. Obesitatea gaixotasun metaboliko kronikoa da, eta gantz gehiegi metatzea du ezaugarri; arriskutsua da epe luzera.

Oro har, ahorakinen eta gastu energetikoaren arteko desoreka kronikoaren ondorioa da, eta, horrenbestez, elikadura ohitura desegokiak eta bizimodu sedentarioa izateak areagotu egingo luke obesitatearen pairatzeko arriskua. Arazoa zera da, kaloria gutxiko dietetan oinarritutako tratamenduek eta ariketa fisikoa sustatzeak jarraipen maila txikia izan ohi dutela.

Horregatik, gero eta ikertzaile gehiagok dihardute haurren obesitatearen markatzaile goiztiarrak identifikatzen, tratamendu pertsonalizatuak diseinatzeko eta erremedioa garaiz jartzeko.

Gorputz masaren indizea eta mikrobiota

Obesitateari aurre egiteari dagokionez, hesteetako mikrobiota –gure digestio sisteman bizi diren mikroorganismoen multzoa– nabarmendu ohi da kausa posible gisa. Ahalmen handiko arma da, obesitatea duten pertsonek mikrobiota eskasa eta ez hain anitza izan ohi baitute oro har, bita heste iragazkortasun handiagoa eta metabolitoen ekoizpen (mikroorganismoek sortutako konposatuak) asaldatuaere.

Esan izan da egoera horrek zerikusia duela hantura sortzen duten bitartekari gehiago ekoiztearekin, eta odol zirkulaziora iristean obesitateak berezko duen hantura egoera sortuko lukete halakoek.

Haurren kasuan, badakigu hesteetako mikrobiotaren aniztasuna eta aberastasuna orduan eta txikiagoak direla gorputz masaren indizea zenbat eta handiagoa izan. Kate laburreko gantz azidoen (mikrobiotak sortutakoak) mailetan ere asaldurak ikusi izan dira, eta Proteobacteria generoko mikrobioen ugaritasunarekin lotuta egongo litzateke hori.

Hesteetako mikrobiota aztertuz gero obesitatea izateko arrisku handiena nork duen identifika genezakeela esan nahi al du horrek? Agidanez, bai. Abian jarritako ekimen ugarien artean, CLiMB-Out ikerlana da nabarmentzekoa; IMDEA Alimentación taldeko ikertzaileok ikerlan horretan hartzen dugu parte. Ekimen honen helburuetako bat obesitatea prebenitzeko eta tratatzeko nutrizio pertsonalizatu bat diseinatzea erraztuko duten baliabideak garatzea da.

Mikrobiotan funtsatutako neurrirako dieta

Hesteetako mikrobiotaren konposizioa irensten dugunaren araberakoa da neurri handi batean (baina ez soilik). Adibidez, badakigu zuntzez eta/edo almidoi erresistentez –ez digerigarriz– aberatsa den dieta bat 4 astean izateak aldaketak eragiten dituela hesteetako mikrobiotaren konposizioan eta metabolitoen ekoizpenean.

Alabaina, badakigu halako aldaketak txikiagoak izan ohi direla hasiera batean mikrobio aniztasun handiagoa zuten pertsonengan. Obesitatea izanik argaltzeko dieta egiten ari diren pertsonen kasuan, onurak hasiera batean ‘Akkermansia muciniphila’ espezieko bakterio ugari izatearen araberakoak dira neurri batean. Edo bestela esanda, ‘Akkermansia muciniphila’ komunitate aberatsa duten pertsonek pisu gehiago galduko dute (gauza bera janda ere) mikrobio horren kopuru eskasa dutenek baino.

Era berean, ikusi da ‘Prevotella copri’ eta ‘Blastocystis spp’. bakterioen presentzia jan ondoren odolean glukosa maila hobea izatearekin lotuta dagoela. Eta, azkenik, identifikatu da zenbait bakterio taldek (hala nola ‘Bacteroides fragilis’, ‘Clostridium leptum’ eta ‘Bifidobacterium catenulatum’) aurreikusi egiten dutela dieta hipokalorikoa duen eta ariketa fisikoa egiten duen pertsona batek pisu gehiago edo gutxiago galduko ote duen aurreikusteko.

Horregatik, pertsona baten mikrobiotaren konposizioa ezagutzeak eta informazio hori beste ezaugarri batzuekin konbinatzeak (herentzia genetikoa, adibidez) aukera emango du aurretiaz jakiteko pertsona batek zer-nolako erantzuna emango dion tratamendu bati.

Gure aliatu mikroskopikoak

Horrexegatik dira garrantzitsuak CLiMB-Out –EiT Food plataforma europarraren barrukoa– eta halako ikerketak, obesitatearen kausa edo ondorio gisa gorotz mikrobiota identifikatzen laguntzen baitute. Gainera, haur obesitatea eta helduengan obesitateak sortzen dituen konplikazio metabolikoak prebenitzeko tratamendu eta metodo posibleak ezartzeko balio dute.

Gaur egun, algoritmoen eta ereduen erabilerak mikrobiotaren, dietaren eta obesitatearen arteko lotura hobeki ezagutzeko aukera ematen digu. Hau da, badakigu zein mikroorganismok ohartarazten diguten dieta espezifiko bat efikaza dela gizabanako jakin batentzat, baita tratamenduarekin hasi aurretik ere.

Badakigu, halaber, beste faktore batzuek –hala nola sexuak edo pertsona baten ezaugarri genetikoek– eragina dutela prozesu horretan. Hurrengo urratsa informazio hori guztia neurrirako dietak diseinatzeko erabiltzea izango da. Horretarako, ezinbestekoa da horrelako dietak egingo dituzten pertsonen hesteetako mikrobiota erraz aztertzea.

Eta, gainera, dieta horiek aginduko dituzten profesionalek informazio hori guztia barneratzeko behar diren ezagutzak eta prestakuntza izan beharko dituzte.

Laburbilduz, hesteetako mikrobiotak, obesitatea garatzeko arriskuan eragina izateaz gain, alarma gisa ere joka dezake, obesitatea pairatzeko arrisku handiena nork duen identifikatzeko eta nutrizio pertsonalizatua agintzeko. Haurrei aplikatuta, haurren obesitatearen goranzko joera aldatzeko baliagarria izango da agian.