euskaraespañol

Uda Ikastaroak: Jakin-mina piztu asmoz

Noiz eta non

Noiztik: 2023/06/13 Noiz arte: 2023/09/29

Kokapena

Miramar Jauregia
Mirakontxa Pasealekua 48. -20007- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Irudia
Argazkia: Uda Ikastaroak

Deskribapena

Ezagutzaren alde jakin-mina piztu asmoz, 152 ikastaroko eskaintza prestatu du Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroak 2023rako.

Akademikoak, zientzialariak, enpresariak, langile profesionalak, administrazioko ordezkari eta beharginak, gizarte eragileak, belaunaldi ezberdinak... guztiak elkartu nahi ditu UIK-k ezagutzaren plazan, gizarteak egun dituen erronken inguruan hausnartu eta ezagutzaren bitartez gizartearen baitan eraldaketa bultzatu asmoz.

Askotariko profilei zuzenduriko eskaintza zabala du Uda Ikastaroak. Aurten, arreta berezia jarriko da gazteengan, eta, gazteei zuzenduriko ikastaro andana izango da Uda Ikastaroez bete-betean goza dezaten: Itsasoan murgildu ahal izango dute Saltillo eskola-ontzian zenbait egunetako zeharkaldia eginez ozeanoaren iraunkortasunaz eta nabigazioaz aritzeko, edo eta surfaren onurei buruz nahiz futbolak gizartearen eraldaketa tresna gisa duen garrantziaz aritu ahalko dute, baita sexologiari zein musikak gizartean duen eraginari buruz ere.

Gazteei zuzenduriko ikastaroez gain, gazteek egun dituzten erronkei buruz aritzeko ikastaroak ugariak izango dira.

Pertsonen garapenean oso eraldatzailea den garaia da gaztaroa eta gizartean ematen diren aldaketen aurrean etengabe egokitzen asmatzea da beraien egunerokotasunaren ezaugarrietako bat. Egungo gazte belaunaldiak erronka esanguratsuak ditu aurrez aurre: demografia, aldaketa klimatikoa eta ekonomia, bestek beste.

Garaiko erronka berrien aurrean gazteria nola egokitzen den eta sortzen zaizkien aukerak eta zailtasunak zeintzuk diren aztertuko dugu propio antolatutako ikastaroen bitartez. Denetariko gaiak landuko dira: alokairuko etxe bizitza publikoaren eredu berriak, ziberindarkeria, kirolaren onurak eta lesioak, iraunkortasunaren aurrean duten erantzukizun.

Ezagutzaren alde, jakin-mina pizteko irrikaz dagoenak aukera bikainak topatuko ditu UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan.

Informazioa gehiago eta izen-emateko: www.uik.eus