euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUn egin zen Crue Universidades Españolas erakundearen Etengabeko Batzordearen bilera

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/31

Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusean egin zen Crue Universidades Españolas erakundearen Etengabeko Batzordearen bilera. Gobernu-organo horrek erakundea ordezkatu eta horren interesak kudeatzea du helburu, Batzar Nagusiaren jarraibideen arabera. Bertaratutakoek unibertsitate-politikari buruzko gaiak eztabaidatu zituzten, esaterako, Crue gizarte-eragileekin batera sustatzen ari den dokumentua, Parlamentuari eskatzeko Unibertsitate Lege berria egitea. Horrez gain, Hezkuntza, Kultura eta Kiroleko ministroaren iragarpena ere aztertu zuten. Horren arabera, lehenengo ikasturtean matrikularako diru-laguntza eskatzeko gutxieneko nota, berriz ere, 5 puntukoa izango da. Crue Universidades Españolasen aldarrikapen historikoa izan da hori.

Halaber, Crue Universidades Españolasen Etengabeko Batzordeak Nekazari-Ikerkuntzarako Valentziako Institutuaren eta REBIUN Unibertsitate Liburutegien Crue-Red-en arteko liburutegi-lankidetzarako Hitzarmena sustatzea erabaki zuen, baita Mexikoko Zientzia eta Teknologiaren Batzorde Nazionalarekin Hitzarmena ere, ikasle mexikarren graduondokoak eta ikerketa-egonaldi laburrak diruz laguntzeko. Crue-ren gobernu-organoak, gainera, Salamancako Unibertsitatean egindako Universia Errektoreen Nazioarteko IV. Jardunaldien balorazio positiboa egin zuen, eta datorren uztailean Cadizko Unibertsitatean egingo den Crue Universidades Españolasen hurrengo Batzar Nagusia prestatu zuen.

Euskal Herriko Unibertsitatean ospatutako Etengabeko Batzordearen bilera horrekin batera, Crueren presidentearen nahia bete da: erakundearen gobernu-organoa Espainiako unibertsitate ezberdinetara eramatea. Etengabeko Batzordea hilean behin biltzen da eta honako hauek osatzen dute: erakundearen presidentea (Roberto Fernández, Lleidako Unibertsitateko errektorea), bi presidenteorde (Alejandro Tiana, UNEDeko errektorea eta Julio Luis Martínez Pontificia Comillas Unibertsitateko errektorea); lau batzordekide (Josep M. Garrell, Ramon Llull Unibertsitateko errektorea; Pilar Aranda, Granadako Unibertsitateko errektorea; Nekane Balluerka, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta Francisco Mora, Valentziako Unibertsitate Politeknikoko errektorea 2005etik 2013ra eta Xavier Grau, Rovira i Virgili Unibertsitateko errektorea 2006tik 2014ra) eta idazkari nagusia (Mª Teresa Lozano).