Drug Discovery Today aldizkariaren azken zenbakiak UPV/EHUko irakasle Gorka Oriveren artikulu bat dakar. Gaur egun antibiotikoekiko dugun gero eta erresistentzia handiagoa, horrek biztanleriaren osasunean duen eragina, neurri prebentiboetan egindako aurrerapen nabarmenenak eta medikamentu berrien garapena jorratzen ditu, bada, artikuluak. Antibiotikoekiko erresistentziak 26.000 pertsonaren heriotza ekarriko du aurten Espainian, egungo farmakoei erantzuten ez dieten mikroorganismoekin kutsatuko baitira.
Gizartea kontzientziatzea: antibiotikoekiko gero eta erresistentzia handiagoaren kontra borrokatzeko gakoa
UPV/EHUko irakasle batek arazo honen eragina analizatu du; hain zuzen ere, 26.000 pertsonaren heriotza ekarriko du aurten Espainian
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2019/09/16
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Gorka Orivek artikulu bat idatzi du Arabiar Emirerri Batuetako Sharjah Unibertsitateko irakasle Taleb H. Al-Telek zuzendu duen taldearekin batera, eta Drug Discovery Today aldizkarian argitaratu berri da. Lanak antibiotikoekiko erresistentzia eta azken aukerako antibiotikoekiko –antibiotiko indartsuak, gainerako guztiek balio ez dutenean erabiltzen direnak– erresistenteak diren bakterioen hedapena jorratzen du. Analisia izen handiko aldizkariaren azken zenbakiko editorialaren protagonista da.
Artikuluan (Superbugs but no drugs: steps in averting a post-antibiotic era), antibiotikoekiko gero eta erresistentzia handiagoa izatearen arrazoiak aztertu dituzte egileek. Horien artean daude, bada, gehiegi preskribatzea, pazienteek gaizki erabiltzea eta ospitalean kutsatzea. Hain zuzen ere, ospitale zentroak dira azken aukerako antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak hedatzea ekarri duen hedapen foku nagusietako bat.
Arazo hau konpontzeko, funtsezkoa da hautagai terapeutiko berriak bilatzea. Aurrerapen horietako batzuek jada ekarri dute hautagai antimikrobiarrik; esate baterako, intsektuen mikrobiotaren azterketatik datozenak; teixobaktina, agian laster merkaturatuko dena; edo malazidina berriagoak, lurzoruko hainbat laginetan aurkitu zirenak eta arratoietan bakterio gram positiboak hiltzeko gai izan direnak.
«Gizartea eta, batik bat, pazienteak erresistentzia hauen ondorioei buruz kontzientziatu behar ditugu, baina biziki garrantzitsua da, halaber, ospitalean hedatzeko arriskua gutxitzea –azaldu du Gorka Orivek–. Funtsezkoa izango da antibiotiko berriak eta horiez bestelako irudimenezko alternatibak bilatzea, osasun publikoko arazo hau kontrolatzeko.»
Antibiotikoekiko erresistentziak 26.000 pertsonaren heriotza ekarriko du aurten Espainian, egungo farmakoei erantzuten ez dieten mikroorganismoekin kutsatuko baitira, Gaixotasun Infekziosoen eta Mikrobiologia Klinikoaren Espainiako Sozietatearen (SEIMC) txosten baten arabera.
Informazio osagarria
Gorka Orive doktorea UPV/EHUko Farmaziako eta Farmazia Teknologiako Laborategiko NanoBioCel ikertaldeko kidea da, eta hori, bere aldetik, CIBER-BBN (Bioingeniaritza, Biomaterial eta Nanomedikuntzako Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa) plataformako kidea. Gainera, University Institute for Regenerative Medicine and Oral Implantologyko irakasle, Arabiar Emirerri Batuetako Sharjah Unibertsitateko kolaboratzaile eta Singapore Eye Research Instituteko (SERI) ikertzaile nagusi ondokoa da. 250 argitalpen zientifiko baino gehiago egin ditu, eta 59ko h indizea du (Google Scholar).
Erreferentzia bibliografikoa
- Superbugs but no drugs: steps in averting a post-antibiotic era
- Drug Discovery Today (August 2019)
- DOI: 10.1016/j.drudis.2019.08.004