euskaraespañol

Familia-ingurunea, lehen urteetako garapen kognitiboaren iragarle

UPV/EHUko ikertzaileek aztertu dute zer garrantzi duen familiako giro emozionalak haurren garapen kognitiboan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/08

Ezkerretik eskuinera, Manuel Sánchez de Miguel, Florencia Barreto eta Enrique Arranz.
Ezkerretik eskuinera, Manuel Sánchez de Miguel, Florencia Barreto eta Enrique Arranz. Argazkia: UPV/EHU.

Familia-ingurunearen kalitateak lehen haurtzaroko garapen kognitiboan duen eragina aztertu du UPV/EHUko HAEZI ikerketa-taldeak, Biodonostia Institutuarekin lankidetzan. Ikerketan ondorioztatu dute garapen kognitiboa bultzatzeko gurasoen eta seme-alaben arteko interakzio egoki hutsa ez dela nahikoa, eta beharrezkoa dela familiako giro emozionala kalitatekoa izatea.

Haurren garapenaren lehen urteetan familia da beren garapen kognitibo, pertsonal, emozional eta sozioafektiboan gehien eragiten duen alderdietako bat. Familiaren eragina zenbait urtez luzatzen da, baina lehenbiziko urte horietan da funtsezkoa eragin hori, familia-taldea baita haurrari hasieratik maitasun-, aintzatespen-, onarpen- edo gutxiespen-, arrakasta- edo porrot-seinale guztiak ematen dizkiona. Hori dela eta, “oinarrizkoa da lehen etapa horietako familia-ingurunea aztertzea, eta ikustea nola eragiten duten familia-bizitzaren zenbait alderdik haurraren garapenean”, azaldu du Florencia Barreto ikerketaren egileetako batek.

UPV/EHUko Psikologia Fakultatean, Biodonostia Institutuarekin elkarlanean, egin den ikerketa honek familia-ingurunearen kalitatea eta faktore soziodemografikoak ebaluatu ditu 2 urteko haurrengan, eta aztertu du nola eragiten duten garapen kognitiboan 4 urte dituztenean; hala, identifikatu dute zer aldagaik eragiten duten gehien. Horretarako, Gipuzkoako 295 haurren populazio-kohorte bat eta haien familiak aztertu dituzte. INMA proiektuko (Infancia y Medio Ambiente) familiak dira guztiak; ingurumen-faktoreak eta haiek haurren garapenean duten eragina aztertzeko Europar Batasunak planteatutako beharrari erantzuteko sortu zen proiektua.

“Familia-ingurunea ebaluatzeko, etxez etxeko bisitak egin ziren. Informazioa eskuratzeko, zuzenean behatu ziren seme-alabekiko elkarrekintzak eta ingurunearen kalitatea, gurasoek galdetegiak bete zituzten eta elkarrizketa bana egin zitzaien; hala, ingurune fisikoaren kalitatearen eta estimulazio kognitiboaren inguruko informazioa lortu zen, alegia, zenbat ipuin eta puzzle zegoen etxean, afektibitate-adierazpenen kalitatea edo gaizki ahoskatutako hitzak zuzentzen ziren eta abar”, azaldu du Barretok. “Garapen kognitiboa bakarka ebaluatu zitzaien 4 urte betetzean; horretarako, garapen kognitiboa zenbait azpieskalaren batura gisa ebaluatzen duen tresna bat erabili zen. Azpieskala horien bidez, haurraren zenbait gaitasun neurtzen dira: hitzezko gaitasuna, pertzepzio- eta manipulazio-gaitasuna, zenbakizko gaitasuna, memoria-gaitasuna eta gaitasun orokor kognitiboa”, dio UPV/EHUko ikertzaileak.

 

Lehen haurtzaroan gehien eragiten duten aldagaiak

Lortutako emaitzek agerian utzi dute, batetik, gurasoen eta seme-alaben artean kalitate handiko elkarrekintza sozioemozionala duten familiak direla aldi berean garapen kognitibo eta linguistikoa estimulatzeko gaitasun handiena dutenak. Horri aldamio-egitura deritzo. “Gurasoek seme-alaben garapena propio bultzatzeko asmoarekin lotutako prozesua da hori. Haurren gaitasunen zertxobait gainetik dagoen jarduera edo eginkizunak ezartzen dizkiete gurasoek, betiere haurrari frustraziorik eragin gabe. Gurasoak gidari bihurtzen dira jarduera egiten lagunduz, eta haurraren jakintza osatuz eta barneratuz doan neurrian, gurasoak urrundu egiten dira. Hala, neuronen arteko konexioak estimulatzea lortzen dute gurasoek, eta, horrenbestez, haurraren garapen kognitiboa aktibatzen”, azaldu du Florencia Barretok. “Estimulazio sozioemozionalaren kalitatearen araberakoa da beti aldamio-egitura edo estimulazio-prozesua; alegia, garapen kognitiboa behar bezala sustatzeko, ez da nahikoa aldamio-egitura sortzeko prozesua abian jartzea, baizik eta prozesuak kalitate oneko interakzio sozioemozionalarekin lotuta egon behar du nahitaez, hala nola autonomia eta autoestimuaren sustapenarekin, giro afektibo positiboarekin eta, azken batean, atxikimendu seguru bat ezartzearekin”, adierazi du Barretok.

Bestalde, egiaztatu da gurasoen baliabide ekonomikoen eta gurasoek berekin pasatzen duten denboraren esklusibitateaz balia daitezkeela seme-alaba zaharrenak, betiere familia-ingurunea kalitatekoa bada garapena estimulatzeko. Horrez gainera, “ikusi dugu familia horietan guztietan etxean bertan bigarren hizkuntza bat erabiltzearekin osatzen dela estimulazioaren aberastasuna”, dio Barretok.

Ikertzailearen arabera, “emaitza horiek gidari izan daitezke haurren garapen kognitiboaren sustapena sendotzen duten hazkuntza-programak sortzeko”. Era berean, “familien populazio orokorrari informazio hau helarazteak lagunduko die kontzientzia har dezaten zenbaterainoko eragin-aukera handia duten beren seme-alaben garapen intelektualaren inguruan”, esanez amaitu du.

Erreferentzia bibliografikoa