UPV/EHUko eta BC3ko ikertzaile batzuek Espainiako elektrizitatearen eskariak eta sorkuntzak datozen hamarkadetan izango duten eboluzioaren proiekzioa egin dute; energia nuklearrik eta ikatzetik eratorritakorik gabeko etorkizuna iragarri dute, eta iturri berriztagarriek, berriz, pisu handiagoa izango dute etorkizunean. Hornidura elektrikoaren segurtasuna simulatu dute egoera horretarako, eta, proposatu dute, beste neurri batzuen artean, zentral hidraulikoek lagun dezaketela hornidura falta egoteko arriskua arintzen.
Zentral hidraulikoen kudeaketa malguak lagun lezake hornidura elektrikoaren segurtasunean
Zentral nuklearrik eta ikatzezkorik gabeko etorkizunean elektrizitate-hornidura bermatzeko moduak aztertu dituzte UPV/EHUn eta BC3n
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2020/08/04
Bi ikertzailek, UPV/EHUko Ekonomia Publikorako Institutokoa bata, eta BC3 Klima Aldaketaren aurkako Euskal Zentrokoa, bestea, urteak daramatzate elkarlanean Espainiako elektrizitate-horniduraren segurtasuna aztertzen eta horren proiekzioak egiten. “Uharte elektrikotzat” jotzen dute Espainia, interkonexio gutxi baititu ondoko herrialdeekin. Ezaugarri horretaz baliatu dira datozen hamarkadetan herrialdeak izango duen energia-eskariaren eta sorkuntza- eta hornidura-gaitasunaren proiekzioa egiteko. Hala, horniduraren segurtasun-maila aurreikusi ahal izan dute, eta ebaluatu dute nola aldatuko den segurtasuna, bultzatuko eta baztertuko diren elektrizitate-iturrien arabera. Energy aldizkari zientifikoak berriki argitaratu du ikerketa horri lotutako bigarren artikulua; aipatutako ikertzaileez gain, BC3ko beste bik ere hartu dute parte oraingoan.
Elektrizitate-kontsumoaren eta -sorkuntzaren datu ezagunetatik abiatuz, eredu bat sortu dute ikertzaileek, eta 2020, 2030, 2040 eta 2050 urteetan bi aldagai horien eboluzioaren proiekzioa egin dute. “Beste egile batzuek kontsumo elektrikoaren proiekzioak egin dituzte, eta badirudi kontsumoak gora egingo duela hamarkadaz hamarkada, % 1 baino gehixeago urtero. Elektrizitate-iturriei dagokienez, proiekzioen arabera, datozen 10 urteetan nabarmen gutxituko da ikatzetik eta iturri nuklearretatik sortutako elektrizitatea, eta 2040. urterako, erabat baztertuko dira teknologia horiek”, dio José Manuel Chamorro Gómez UPV/EHUko Ekonomia Publikorako Institutoko ikertzaileak. Galduko den sorkuntza-gaitasuna energia berriztagarriak ugarituz orekatuko da. Are gehiago, “martxan jarriko diren zentral berriztagarrien gaitasuna, guztira, handiagoa izango da une honetan instalatuta dauden iturri ez-berriztagarrietako zentralena baino, baina, hala ere, badirudi horniduraren segurtasuna ahuldu egingo dela”, gaineratu du ikertzaileak.
Elektrizitate-iturri berriztagarrien berezko izaeraren eraginez, gora egingo du sistemaren ziurgabetasunak, aldizkakotasunak eta kudeatzeko zailtasunak, eta, horrenbestez, gora egingo du, halaber, erabilgarri dauden iturrien bidez elektrizitate-eskariaren zati bat hornitu gabe gelditzeko arriskua. Hori dela eta, horniduraren segurtasuna txikitu egingo da. “Gaur-gaurkoz, martxan dagoen sistemak ez du horniduraren % 100 bermatzen edozer egoeratan, baina ereduetan ikusi dugu eskariaren zati askoz handiagoa geldi daitekeela hornitu gabe etorkizunean, eta maizago gertatuko dela hornidura ezin bermatzea”, zehaztu du ikertzaileak.
Oraingo ikerketan, sakon aztertu dute zer aukera eskaintzen dituen malguago kudea daitekeen energia-iturri berriztagarri batek: hidraulikoak. “Kudeatzaileek modulatzeko modukoak dira zentral hidraulikoak, eta uneoro egokitu dezakete turbinara bideratzen duten ur-fluxua; horrek, zalantzarik gabe, hein batean arinduko luke hornidura falta izateko arriskua. Are gehiago, turbina itzulgarriak dituzten zentral hidraulikoek funtzio bikoitza izan dezakete: elektrizitate-eskariak gora egiten duenean, elektrizitate gehiago sortzeaz gain, eskariak behera egiten duenean, ura presaren goiko aldera ponpatzeko erabil dezakete turbina (energia kontsumituz), eta, hala, ura pilatu, eskariak gora egiten duenean berriz ere elektrizitatea sortu ahal izateko. Ereduetan frogatu dugu horrek hein batean arinduko lukeela elektrizitate-eskariari ezin erantzun gelditzeko arriskua eskariak gora egiten duen uneetan”, dio.
Nolanahi ere, egileek nabarmendu dute ezinbestean hartu behar direla aintzat ingurumenari lotutako alderdiak zentral hidroelektrikoen erabilera eta kudeaketa antolatu eta planifikatzean: “Elektrizitate-sorkuntzaren ikuspegitik, ura baliabide bat da, baina, jakina, baliabide hori testuinguru batean dago. Ukaezina da zentralek eta presek eragina dutela ibai-arroetan. Horrenbestez, administrazioek edo zentraletan jardunean dabiltzanen gainetik dauden eragileek zehaztu behar dituzte joko-arauak. Eta joko-arauek garbiak izan behar dute emari ekologikoei, deskarga-maiztasunei eta bestelako parametroei dagokienez”, deritzo Chamorrok.
Zentral hidraulikoen baliabideaz gainera, ikertzaileak beste zenbait neurri ere aipatu ditu eskariari erabat erantzun ahal izateko, eta, hala horniduraren segurtasuna bermatzeko: “Alde batetik, ikerketa asko dago elektrizitatea metatzeko gaiari lotuta. Lortuko balitz sistema bat haizeak eskari gutxiko ordu-tarte batean sortutako elektrizitatea biltzeko, beharrezkoa den unean erabiltzeko modua izango genuke. Edo kontsumitzaileak bultza litezke etxetresna elektrikoak erabiltzera elektrizitatearen prezioa merkeena den ordu-tarteetan. Auto elektrikoak ere baliatu litezke une jakinetan sarera elektrizitatea sartzeko, hornidura osatzeko. Alderdi askotan ari dira aurrera egiten, eskari-goraldiei ahal bezainbeste erantzuteko”, dio bukatzeko.
Informazio osagarria
José Manuel Chamorro Gómez UPV/EHUko Ekonomia Publikorako Institutoko kideak, eta Luis María Abadie Muñoz Klima Aldaketaren aurkako Euskal Zentroko (BC3) ikertzaileak urte asko daramate elkarlan estuan, ekonomia energetikoari eta klimatikoari buruzko ikerketetan. Azkeneko azterlanean, baliabide hidraulikoetan adituak diren BC3ko beste bi ikertzaileren laguntza izan dute, Sébastien Huclin eta Dirk-Jan van de Ven.
Erreferentzia bibliografikoa
- On flexible hydropower and security of supply: Spain beyond 2020
- Energy (2020)
- DOI: 10.1016/j.energy.2020.117869