euskaraespañol

Eguneko irudia

Burmuinaren immunitate sistema, ahulgunea % 100eko hilkortasuna eragiten duen onddo baten aurrean

UPV/EHUko Fungal and Bacterial Biomics ikertaldearen azterketa argitaratu da Cellular Microbiology aldizkarian

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/26

Burmuinaren immunitate sistema, ahulgunea % 100eko hilkortasuna eragiten duen onddo baten aurrean
Andoni Ramirez Garcia, Idoia Buldain, Leire Aparicio, Xabier Guruceaga, Aize Pellon, Aitor Rementeria, Fernando L. Hernando, Leire Martin-Souto, Uxue Perez eta Aitziber Antoran ikertzaileak. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

UPV/EHUko Fungal and Bacterial Biomics ikertaldeak Lomentospora prolificans (L. prolificans) onddoan gaurdaino ezagutzen ez zen infekzio mekanismo berri bat deskubritu du. Mikroorganismo hori erresistentzia anitzekoa da egun onddoen kontra ondutako antibiotikoen, antifungikoen kontra. % 50etik % 100erako hilkortasuna eragiten du immunitate sistema ahulduta duten pazienteetan (birika eta antzeko organoei eraso egiten dienean eta nerbio sistema zentralari eraso egiten dionean, hurrenez hurren) .

“Presazkoa da mikroorganismo horrek gizakia infektatzeko baliatzen dituen mekanismoak argitzea, baita immunitate sistemarekin duen erlazioa ere, horrelako infekzioei efizientzia handiagoaz aurre egiteko”, Aize Pellón UPV/EHUko Fungal and Bacterial Biomics ikertaldeko kide eta egun CIC bioGUNEko ikertzaileak adierazi duenez.

Microglial immune response is impaired against the neurotropic fungus Lomentospora prolificans azterlan berria Cellular Microbiology aldizkariak argitaratu du eta, bertan, UPV/EHUko ikertaldeak deskubritu du eskasa dela onddo horri buruz burmuineko immunitate sistemako zelulek ematen duten erantzuna.

“Makrofagoak mikroorganismoak eta ehun hondarrak suntsitzen dituzten immunitate sistemako zelulak dira, jan eta deuseztatu egiten baitituzte. Zelula horiek ehun mota bakoitzean bizi dira, baina horietan guztietan elkarrengandik bereizten dituzten ezaugarriak dituzte. Alegia, ez dira berdinak burmuineko makrofagoak (mikrogliak), edo esteetakoak, edo biriketakoak. Gure ustez, alde horiek dira mikroglia efizientea ez izatearen eta onddoak burmuina erraz infektatzeko arrazoia, era horretan infektatutako pazienteen % 100eko hilkortasuna eraginez.  Dena den, L. prolificansek zerbait berezia ere izango du bere biologian hori gertatu ahal izateko; izan ere, artikuluan antzeko beste mikrobio batzuekin konparatu dugu, eta agerian geratu da onddoak bereziki gogor egiten diola fagozitazioari”, Aize Pellónek azaldu duenez.

Infekzio oso larriak eragiten ditu

“Onddo harikara bat da, arrunki lizun deitzen dugun multzokoa, eta horietako batzuk galdutako janarian hazten ikus ditzakegu (fruta, ogia, etab.), eta zelula bakarreko legamietatik bereizten dira, adibidez, praktika klinikoan edo elikagaien industrian garrantzia duten Candida albicans edo Saccharomyces cerevisiaetik, hurrenez hurren. L. prolificans onddoa ohikoa izaten da ere hiri edo industrialdeetako lurretan. Harekin kontaktuan gauden arren, ez du gaitzik sortzen pertsona osasuntsuetan, immunitate sistemari esker”, Pellónek azaldu duenez.

Aldiz, infekzio oso larriak  eragin diezazkieke azpiko gaitzen bat (adibidez, fibrosi kistikoa) duten pazienteei, edo immunitate sistema ahuldua dutenei, adibidez, minbiziren bat izateagatik kimioterapia tratamenduan dauden pazienteei, organo transplante bat izan duten pazienteei, edo GIB bidez Hartutako Immunoeskasiaren Sindromea (HIESa) dutenei.

“Gure ikertaldean, saiatzen gara azterketa mikroorganismoen patobiologiara, konposatu antifungikoen erresistentziara eta diagnostiko metodoen garapenera zuzentzen, baina ohituraz erabiltzen direnez bestelako ikuspegietan oinarrituz. Horrek modua ematen digu prozesu horien guztien funtzionamenduari buruzko oinarrizko ezagutza berria sortzeko, eta balioko digute etorkizunean terapiarako zein diagnostikorako tresnak hobetu ahal izateko”, hala azaldu du Pellónek.

Alde horretatik, UPV/EHUko ikertaldeak terapiaren helburuak izan daitezkeen jomuga edo mekanismo berriak proposatzen ditu. “Beste ikertzaile batzuekin lankidetzan dihardugu, hona: Vall d’Hebron Unibertsitate Ospitalea (Bartzelona) eta Angerseko Unibertsitate Ospitale Zentroa (Frantzia). Era horretan, paziente gaixoen lagin klinikoak azter ditzakegu. Hala ere, esan ere egin behar da urteak joko dituela artean ere ezagutza hori benetako terapietan aplikatu ahal izateak”, Pellónek zehaztu duenez.

Diziplinarteko taldea

Fernando L. Hernando, Aitor Rementeria eta Andoni Ramirez Garcia irakasleek zuzendutako ikerketan, Idoia Buldain, Xabier Guruceaga eta Aitziber Antoran ikertzaileek ere parte hartzen dute, Aize Pellónez gain. Azken honen doktorego tesiak lau artikulu zientifiko sortzeko bidea ireki du, L. prolificans mikroorganismoaren jokaera arakatzen duten mekanismoei lotuta. Halaber, azterlan honetan, Achucarro Basque Center for Neuroscienceko eta CIC bioGUNEko ikertzaileek parte hartu dute.

Aize Pellónek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste talde batzuekin lankidetzan aritzearen garrantzia nabarmendu du.“Kontaktua geure taldearen bitartekaritzaz egin zen eta, azteketako hipotesia adierazi eta atariko esperimentuak egiten hasi ondoren, ikusi genuen beharrezkoa genuela zentro horietan egiten zituzten azterketarako zelula ereduak sartzea, jabetzen baikinen egiten zituztela”, azaldu duenez.

Erreferentzia bibliografikoa