euskaraespañol

Eguneko irudia

Bizitegiren Homeless Film Festival-ak bere sariak banatu dizkie UPV/EHUko ikasleei

Edizio honetan Komunikazio Komertziala, Korporatiboa eta Instituzionala ikasgaiko ehun ikaslek parte hartu dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/19

Homeless Film Festival-aren sariak
1. saria, "Oportunidad": Vasanti Reymond, Itsasne Rivera eta Pablo Rodríguez

Bizitegi elkarteak antolatzen duen Homeless Film Festival-en seigarren edizioa egin da azaroaren 17an eta 18an Bizkaia Aretoan. Azken egunean, besteak beste, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Komunikazio Komertziala, Korporatiboa eta Instituzionala ikasgaiko ikasleek egindako film laburrak proiektatu ziren, eta irabazle suertatu ziren ikasleen hiru proposamenei sariak eman zitzaizkien.

Seigarren edizio honetako hiru proiektu irabazleak honako hauek izan ziren:

Vasanti Reymond, Itsasne Rivera eta Pablo Rodríguez

Ainhoa Balado, Diego Barturen, Amal Benslaiman eta Yaiza Blanco.

Maialen Devesa, Laura Diosdado, Maider Echarri eta Haizea Erdocia

Bizitegi elkarteak antolatuta, zinema eta antzerki sozialeko jaialdi honek pertsona etxegabeen eta gizarte bazterketako egoeran daudenen ikusgarritasuna eta inklusioa azpimarratzen ditu. Ekitaldiak garrantzi handia du Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Miren Gabantxo irakasle den Komunikazio Komertziala, Korporatiboa eta Instituzionala ikasgaian –urteak daramatza ekimen sozial honekin kolaboratzen–.

Oraingo honetan, lehen mailako irakasgai honetako ehun bat ikaslek parte hartu dute beren ikus-entzunezko proposamenekin. Gabantxok azaldu duen bezala, ikasleak interes handia agertu dute “gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonekin egindako esperientzia honekin, eta horretarako hainbat ordu eman ditugu lanean irakasgaiaren barruan”.

Komunikazio Komertziala, Korporatiboa eta Instituzionala ikasgaiko irakasleak gaineratu duenez, “ikasleentzat irakaskuntza-ikaskuntza prozesu berritzaile bat da BIZITEGI erakundearekin, ezagutzaren transferentzia hori lortuz eta gizartea eraldatzeko mezu bat zabalduz, Garapen Jasangarriko Helburuekin (GIH) bat datozenak, zehazki pobreziarekin lotutakoarekin”.

Jaialdian parte hartzea “ikaskuntza esperientziala da; lau asteko egiazko proiektu batean parte hartzen da, lehen eskola astetik hasita”, nabarmendu du Gabantxok. Bere iritzian: “Campusetik irten eta errealitate ezezagun batean barnatuta Bilboko pertsona etxegabeen kolektiboarekin solastatzea pizgarri handia da ikasleentzat”.

Bilboko Udalaren, BBKren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Santurzine Jaialdiaren lankidetza duen ekimen bat da zinema eta antzerki sozialeko jaialdi hau. Bilbon egiten den Homeless Film Festival-a 2011n Manchesterren (Erresuma Batua) hasi zen jaialditik dator, eta zinema industria pertsona etxegabeengan arreta jartzeko erabiltzen duen munduko bakarra da.