euskaraespañol

Radio Bilbao irratiak Bikaintasun Saria eman die HiTZ Zentroari eta Sara de la Ricari

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/17

Irudia
Sara de la Rica katedraduna eta Eneko Agirre, HiTZ zentroko zuzendaria | Argazkia: Radio Bilbao irratia

Zazpigarren urtez, Bikaintasun Sariak banatu zituen Radio Bilbao irratiak. Sarituen artean izan zen HiTZ Zentroa, zeinak Euskara kategorian jaso baitzuen Bikaintasun Saria, “teknologiak euskaraz garatzeko egindako lanagatik eta euskararen sustapen eta kontserbazioaren alde erakutsitako konpromisoagatik”. Ikerketa eta garapen teknologikoen bitartez, HiTZ Zentroak nabarmen lagundu du euskara eremu digitalean normalizatzen. Hala, ekarpen garrantzitsua egin du bai bikaintasunarekiko konpromisoaren alde, bai gure hizkuntzaren alde, betiere begirada aro digitalean eta etorkizunean jarrita”.

HiTZ Hizkuntza Teknologiako Zentroa, IXA eta Aholab ikerketa taldeak barnebiltzen dituena, erreferentziazko ikerketa zentroa da hizkuntzari eta lengoaiari aplikatutako Adimen Artifizialari dagokionean. Zentroak Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean du egoitza nagusia. Hizkuntza teknologia adar ugariko eremua denez, HiTZ Zentroan biltzen dira hainbat jakintza arlotako ikertzaile eta adituak (informatika, hizkuntzalaritza, ingeniaritza, itzulpengintza eta soziologia, besteak beste). Guztira, nazioarteko 60 kide aritzen dira zentroan, langile teknikoak eta ikertzaileak kontuan hartuta (irakasleak, doktorego ondokoak eta doktoregoko ikasleak). Besteak beste, HiTZ Zentroan biltzen dira Informatikako Ikerketa Sari Nazionala irabazitako bat eta eremuko elkarte zientifiko nagusiak Europan dituen 15 fellow-etako bat, baita Adimen Artifizialari buruzko Europako tesirik onenaren sariduna ere.

Zentro sarituko zuzendariaren, Eneko Agirreren, hitzetan, “sari honek urte luzez egindako lanaren aitortza dakar berekin. Zentroko ikertzaile guztiok energia eta ilusio handiz aritzen gara lanean, eta sari honek orain arteko gogo beraz jarraitzeko bultzada ematen digu, baita adorea ere". HiTZ aitzindaria izan da lengoaiaren teknologiari Adimen Artifizialeko teknikak –ikasketa sakona, bereziki– aplikatzen. “Euskarari lotutako hainbat aplikazio eta baliabide sortzen aitzindari izateaz gain (zuzentzaile ortografikoa, ahots sintesia edo itzultzaile neuronala), gaztelaniarako lengoaia eredurik onenak ere garatu dira zentroan, baita beste hizkuntza batzuen –hala nola errusieraren edo turkieraren– prozesamenduan hobekuntzak egin ere. Aro digitalean hizkuntza aniztasunarekiko agertu duen sentikortasunari eta ekoizpen zientifikoan lortutako kalitateari esker, baliabide gutxiko hizkuntzetarako eredu apropos bilakatu da HiTZ”.

Era berean, Sara de la Ricak, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia katedradunak, Humanitate eta Komunikazioaren kategorian jaso zuen saria, “publiko zabalari ekonomiaren arazo konplexuenak hurbiltzeko dibulgazio-gaitasun handia izateagatik. De la Rica, ISEAK Fundazioko zuzendaria, Genero, Immigrazio, Langabezia eta Lan Erakundeetan aditua da eta ikerketa eta transferentzia ekonomiko eta sozialaren bikaintasunagatik nabarmentzen da. Sara de la Ricak zuzendu eta koordinatu du Euskadiko Enpleguaren Liburu Zuria, euskal gizarte osorako produktibitatea eta kalitatezko enplegua bultzatuko duten neurri zehatzak eztabaidatu eta adosteko gogoeta-esparrua.”

Gaur egun, Iseak Fundazioko zuzendaria da, bai eta ikertzaile elkartua ere erreferentziazko nazioko eta nazioarteko zentroetan, hala nola IZAn (Institute for the Study of Labour – Bonn) eta CreAMen (Immigrazioari buruzko ikerketa-zentroa – Londres). European Society for Population Economics (ESPE) erakundeko presidentea izan zen 2012an, Emakumearen Azterketa Ekonomikorako Batzordeko (COSME) presidentea 2012an eta 2013an, eta Journal Iza of European Studies aldizkari akademikoko argitaratzailea, 2012-2016 urteen bitartean. Euskadiko eta Espainiako lan-erakundeekin lankidetzan aritu da, baita Europako Batzordearekin ere, langabeen aktibazioari buruzko proiektuetan. Bere ikerketa lerro garrantzitsuenak generoa, immigrazioa, langabezia, lan-erakundeak eta enpleguaren etorkizuna dira. Bestalde, nazioarteko aldizkari akademiko askotan argitaratu du.

Bikaintasun Sarien ekitaldia Campos Elíseos Antzokian ospatu zen, Bilbon, eta bertan saritu zituzten honako hauek ere: Sara de la Rica, Euskal Herriko Unibertsitateko ekonomia katedraduna eta Iberdrolako kontseilaria; Ingeteam enpresa; Iñaki García Ergüin margolaria; La Putxera - Olla Ferroviaria kofradia; Kepa Junkera musikaria; Gogora - Memoriaren Institutua; Ziortza Villa txirrindularia, eta AZTI Teknologia Zentroa.

Galaren bideoa: Hitz zentroa (1:07) eta Sara de la Rica (3:59)