Bi ERC Starting Grant berri lortu ditu UPV/EHUk, guztira 3,8 milioi euro
Sara Barjak 2,3 milioi euro eskuratu ditu hidrogeno berdea ekoizteko katalizatzaile berriak garatzeko, eta Amaia Arranzek 1,5 milioi izango ditu ikertzeko ea zergatik hasi ziren ehiztari-biltzaile populazioak lurra lantzen
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2022/01/12
Euskal Herriko Unibertsitateko bi ikertzaile gaztek Europar Batasuneko dirulaguntzarik garrantzitsu eta lehiakorrenetako bi eskuratu dituzte; bi ERC Starting Grant, hain zuzen ere. Sara Barja eta Amaia Arranz dira ikertzaileak; UPV/EHUko Ramón y Cajal ikertzaile gisa aritzen da lehena Materialen Fisika Zentroan, eta Arkeobotanikan aditua da bigarrena. ERC Starting Grant dirulaguntzek zientzialari gazte bikainenen etorkizun handiko lanak nabarmentzen dituzte, askatasuna izan dezaten beren ikerketa-ildo berritzaile propioa garatu ahal izateko eta, hala, ezagutzaren mugak zabaltzen laguntzeko. Sara Barjaren proiektuak 2,3 milioi euro jasoko ditu, eta helburu du hidrogeno berdea ekoizteko katalizatzaile berriak, eraginkorragoak eta ekonomikoagoak, garatzea itsasoko uraren elektrolisia aztertuz. Arranzen proiektuak, bestalde, helburu du argitzea zer faktorek eragin zuten duela ehiztari-biltzaileak lurra lantzen hastea eta landare-baliabideen ustiapenak areagotzea; proiektua garatzeko 1,5 milioi euroko dirulaguntza eskuratu du.
Eva Ferreira errektoreak lorpen hau euskal unibertsitate publikoan egindako ikerketaren bikaintasunaren berrespen berri hau txalotu du: “Sara Barja eta Amaia Arranz zoriondu nahi ditut euren lanaren kalitateagatik, orain Europar Batasuneko laguntza garrantzitsu honek berresten duena. ERC Starting Grants Europako eszena zientifikoko diru-laguntzarik gogor eta zorrotzenetako bat da. Bere 15 urtetan, UPV/EHUk bederatzi aldiz lortu ditu dagoeneko, goi-mailako ikertzaileen lanari esker" .
Horizon Europe programaren barnean kokatzen den ERC Starting Grant deialdia Europako entzutetsuenetako bat da. Ikerketa-karreraren hasieran dauden edozein nazionalitatetako ikertzaileak finantzatzen ditu, betiere gainbegiratutako lan bikaina egin dutenak, eta modu independentean lan egiteko eta ikerketa-lider bihurtzeko gaitasuna dutenak.
Starting Grant-ek 1,5 milioi euro ematen dituzte gehienez, 5 urtean zehar. Baina, horrez gainera, beste milioi bat euro eska daiteke hirugarren herrialde batetik Europako Batasunera edo herrialde elkartu batera ikertzera mugitzen diren ikertzaileen kostuak ordaintzeko eta/edo ekipamendu garrantzitsua erosteko (hori da Sara Barjaren kasua, 2.345.000 euro lortu baititu).
ERC Starting Grant-ek hiru ebaluazio-talde dituzte: Life Science (LS), Physical Science and Engineering (PE) eta Social Sciences and Humanities (SH). Sara Barja PE taldera aurkeztu da, eta, bertan, 173 laguntza eman dituzte, aurkeztutako 1.762 proposamenen artetik (% 9,8ko arrakasta-tasa); Amaia Arranz, bestalde, SH taldean aurkeztu da, non aurkeztutako 1.191 proposamenetatik 114 finantzatuko baitituzte (% 9,5eko arrakasta-tasa). Bi ERC Starting Grant berri hauekin, programa 2007an hasi zenetik orotara bederatzi dira Euskal Herriko Unibertsitateari eman dizkiotenak.
Sara Barjaren COSAS proiektua
Hidrogeno berdea ekoizteko katalizatzaile eraginkorrago eta merkeagoak lortzea da uretik energia jasangarria ekoizteko erronka nagusietako bat. Ura oxigenotan (O2) eta hidrogenotan (H2) bereizteko ikuspegi orokortuagoa erabili beharrean, COSAS proiektuaren (Controlling Oxygen Selectivity at Atomic Scale) helburua da ura oxidatuz hidrogeno peroxidoa lortzea —O2 baino balio handiagoko produktua— eta elektrolisia itsasoko uretatik abiatzea —horrela, itsasoko ura purifikatzeko prozesu garestia saihesten da prozesu honetan—. Harrigarria bada ere, prozesu horiek nekez ulertzen dira oraindik.
COSAS proiektuaren xedea da ulertzea erreakzio horiek nola gertatzen diren oinarrizko ikuspegi batetik, eta, horretarako, oraindik ulertzen ez diren prozesu katalitikoei buruzko gaiak landuko ditu: Zehazki zer gertatzen da elektrodoaren eta elektrolitoaren arteko ukipen-eremu txikian? Ezar daitezke material baten eta haren propietate katalitikoen arteko lotura orokor batzuk? Nola eragiten dio erreakzioak berak katalizatzailearen gainazalari? Horretarako, COSAS proiektuak ikuspegi berritzaile bat proposatzen du, gainazalen zientzia eta esperimentu elektrokimikoak integratu nahi baititu. Jasotako finantzaketaren zati batekin, sistema esperimental bat instalatuko da, zeinaren bidez doitasun atomikoz ikertuko baita elektrodoaren eta elektrolitoaren arteko interakzioa lan-baldintzetatik hurbil. Galdera horien erantzunek aukera emango dute hidrogeno berdea ekoizteko ahalik eta katalizatzaile eraginkorrenak modurik espezifikoenean diseinatzeko.
Sara Barja (Asturias, 1984) Ramón y Cajal ikertzailea da UPV/EHUn, eta Materialen Fisika Zentroan jarduten du. Fisikan doktore da (2012, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa); 2013an, Marie Curie IOF beka bat jaso zuen doktoratu ondoko ikasketak egiteko Lawrence Berkeley National Laboratory-n (Berkeley, AEB) eta Max Planck Institute for Solid State Research-en (Stuttgart, Alemania). 2016an, Ikerbasque Fellow gisa iritsi zen UPV/EHUra, eta gainazalen elektrokimikako ikerketa-ildo berri bat koordinatzen du. 2019an, Zientziako Talentu Gaztearen Hipatia Saria jaso zuen (elEconomista-ren eskutik).
Amaia Arranzen Palaeorigins proiektua
Nekazaritzarako trantsizioa gizateriaren historiako aldaketa garrantzitsuenetako bat izan zen. Asiako hego-mendebaldean (Ilgora Emankorra ere deitzen zaio) hainbat hamarkadatan egindako ikerketek frogatu dutenez, prozesu hori duela 10.000 urte inguru amaitu zen, Neolitoan nekazaritza garatu zenean. Hala ere, ezezagunak dira oraindik ere ehiztari-biltzaileak landare-baliabideen ustiapena landu eta areagotzera bultzatu zituzten faktoreak.
PALAEORIGINSen helburu nagusia da galdera horri erantzutea. Zehazki, proiektuak argituko du ea Neolitoa garatu baino lehentxeago (duela 23.000-11.000 urte) zona hartan bizi ziren ehiztari-biltzaileen taldeek ba ote zuten inolako jakintzarik landare-baliabideak ekoizteko moduen (adibidez, laborantzaren) eta areagotzeko moduen inguruan (hala nola inausketa, mozketa, laborantza, belar txarrak ateratzea, etab.). Proiektuak orain arte planteatutako hipotesirik garrantzitsuenetako batzuk berrebaluatuko ditu, azaltzeko gizakia nola pasatu zen landareak biltzetik elikagaiak ekoiztera. Zenbait teoria berrikusiko ditu, trantsizio hori azaltzeko, bereziki ingurumen-faktoreak (adibidez, klima-aldaketek eragindako elikagaien eskasia) eta faktore soziokulturalak agerian jartzen dituzten teoriak (adibidez, elikagai jakin batzuekiko zaletasuna, hala nola ogiarekiko zaletasuna; izan ere, litekeena da horrek zerealen hazkuntza bultzatu izana).
Horretarako, Jordanian, Israelen eta Zipren hoberen kontserbatutako aztarnategi epipaleolitiko batzuetako material arkeobotanikoak aztertuko ditu PALAEORIGINSek (haziak, ikatzak, janari-hondarrak, etab.), eta analisi arkeobotanikoak konbinatuko ditu isotopo egonkorren ikerketarekin, eredu informatikoen sorrerarekin eta teorian oinarritutako hipotesien baliozkotzearekin.
Azken batean, PALAEORIGINSek ikerketa-aukera berriak irekiko ditu ehiztari-biltzaileen eta haien ingurunearen arteko interakzioen izaera azaltzeko, zeinak nekazaritza garatzea ahalbidetu baitzuten eta, azken finean, gure historiaren bilakaera aldatu baitzuten.
Amaia Arranz Otaegui (Tolosa, 1989) Historian lizentziaduna da (2009), eta Arkeobotanikan doktore (2015) (UPV/EHU). Historiaurrean espezialista da, eta Asiako hego-mendebaldean garatu du bere ikerketaren zati handi bat (Siria, Jordania eta Iran). Haren ikerketa-ildoetan, besteak beste, Historiaurreko landare-dietaren, basa-landareen erabileraren eta ondorengo etxekotze-prozesuaren ikerketa sartzen dira. Ikertzaile gisa lan egin du Kopenhageko Unibertsitatean (2015-2020); Marie Sklodowska-Curie proiektu baten buru izan da Parisko Historia Naturaleko Museo Nazionalean (2020-2021), eta Asiako hego-mendebaldeko azken ehiztari-biltzaileek eta lehen nekazari-komunitateek kontsumitutako elikagai-hondakinak ikertzen aritu da han. Gaur egun, CSICeko Historia Institutuan egiten du lan (Madrilen), baina Palaeorigins proiektua Euskal Herriko Unibertsitatean garatuko du.