euskaraespañol

Eguneko irudia

Berotegien erabilera estalkietan, eraikinen energia-kontsumoa murrizteko

CAVIAR eta ENEDI ikerketa-taldeek egiaztatu dute energia asko aurrez daitekeela eraikinen estalkietan berotegiak jarriz gero

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/25

Joseba Gainza-Barrencua
Joseba Gainza-Barrencua. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

UPV/EHUko CAVIAR eta ENEDI ikerketa-taldeek aireztapen-sistemetako sarrerako airea aurrez berotzea proposatzen dute, eraikinetako estalkietan zenbait berotegi jarrita, eraikinen energia-kontsumoa murrizteko. Berotegi prototipo bat diseinatu eta eraiki dute, portaera termikoa aztertzeko. Berotegi horiei esker, eguzki-erradiazioa jaso eta barneko airea erraz, merke eta eraginkortasunez berotu daiteke.

Eraikin baten ezaugarri guztiek zuzeneko eragina dute eraikinaren energia-kontsumoan eta energia-eraginkortasunean. Oro har, kontzeptu hori klimatizazio-ekipoekin eta eraikuntza-materialekin soilik lotzen da, baina aireztapen-sistemak funtsezko zeregina du eraikinaren energia-eraginkortasunean.

“Etxebizitza-eraikinetako aire kutsatua kanporatzeko aireztatze-beharrak eragiten du energia termikoaren galera gehienak airea berritzearen ondorioz gertatzea. Aireztapenak eragindako galera horiek gero eta garrantzitsuagoak dira, eraikinak gero eta hobeto isolatuta daudelako eta hermetikoagoak direlako. Beraz, epe laburreko helburua energia-kontsumo ia nuluko eraikinak eraikitzea denez, beharrezkoa da aireztapena optimizatzea”, esan du Joseba Gainza-Barrencua UPV/EHUko CAVIAR (Bizi Kalitatea Arkitekturan) ikerketa-taldeko kideak.

Gainzak azaldu duenez, “eraikinetako energia-kontsumoa murrizteko berotegiak estalkietan jartzea ez da asko aztertu, nahiz eta abantaila garrantzitsuak izan: berotegia estalkian instalatzeak nahi den angeluarekin kristaleztatzeko aukera ematen du, eta, horri esker, eguzki-irabaziak handiagoak izango dira; eskakizun estetiko eta urbanistiko gutxiago izango ditu; eraikinaren aireztapen mekanikoko sistemaren bidez, eraikinean aurrez berotutako airea sartzeko aukera eskaintzen du...”.

Horregatik, lan honetan “berotegi prototipo bat diseinatu eta eraiki dugu, eta egun eguzkitsu, lainotuetan eta abarretan nola funtzionatzen duen ikusi dugu. Simulazio informatikoaren bidez ere aztertu da haren portaera, eta prototipoan egindako neurketak erabiliz baliozkotu da. Simulazioa erabili dugu berotegiaren portaera termikoa aztertzeko eta, leku eta klima desberdinetan instalatuz gero, zenbat energia aurreztuko litzatekeen kalkulatzeko”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak.

Berotegiaren diseinua

“Diseinatutako berotegiak triangelu angeluzuzenaren forma du; alde batetik, funtsezkoa da hegoaldera begira jartzea, han jasotzen baitu eguzki-erradiazio gehien, eta, bestetik, garrantzitsua da kristalak eguzkiarekiko ahalik eta perpendikularren egotea. Eguzkiak urtean zehar duen posizioa eta inklinazioa aldatu egiten dira; beraz, angelu optimoa zein den kalkulatu dugu, eta ikusi dugu Espainiako estatuko leku gehienetan berotegian tenperatura altuenak lortzeko angelua 55 gradukoa dela”, adierazi du lanaren egile nagusiak.

“Gure emaitzen arabera, berotegiek nabarmen hobetu dezakete eraikinaren energia-portaera. Sistema horien eraginkortasuna klimaren araberakoa da. Berokuntza gutxi behar den lekuetan negutegia erabiltzea ez da gomendagarria; eremu hotzagoetan, berriz, energia asko aurrezten da, eta are gehiago aireztatze-sistema eta beroa berreskuratzeko sistema konbinatzen badira. Espainiako klima-zona hotzenean, Burgosen, berokuntzan % 58 aurrez daiteke”, dio Joseba Gainza-Barrencuak.

“Gainera, —gehitu du— bero-berreskuratzaile bat akoplatzeko aukera dago, eraikineko aire kutsatua kanporatzearen eta berotegian sartu beharreko airearen artean. Horrela, airea bi aldiz berotzen da, eta sistemaren errendimendua nabarmen hobetzen da”.

“Ikertzaileek uste dute lan honek ikuspegi erabilgarria duela berotegiek izan ditzaketen onurei buruz, bereziki, aireztatze-sistema batekin konbinatzen direnean. Kasu horietan, aurrez berotutako airea erraz banatzen da eraikin osoan, eta horrek energia aurrezteko ahalmena hobetzen du”. “Guretzat —dio Joseba Gainza-Barrencuak—, hori da lanaren ekarpen garrantzitsuenetako bat, aireztapen-sistemak dituzten berotegiak erabiltzeak dituen abantailek ikerketa handiagoa eskatzen baitute. Orain, berotegi horiek beste erabilera batzuetarako edo beste sistema batzuen osagarri gisa erabiltzea aztertzen ari gara”.

Erreferentzia bibliografikoa