euskaraespañol

Eguneko irudia

Barazki eta zizareetan antibiotikoak detektatzeko metodo berritzaileak garatu dituzte

UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak barazkietan eta zizareetan antimikrobiano-maila oso baxuak detektatzea lortu du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/05/23

Irantzu Vergara
Irantzu Vergara. | Argazkia: UPV/EHU.

Irantzu Vergara UPV/EHUko ikertzaileak aldi berean zenbait antibiotiko-familia analizatu ahal izan ditu barazkietan eta zizareetan. EAEko zenbait puntutan egindako laginketa batean jasotako datuen arabera, mikrobioen aurkako medikamentuak eta haien eratorriak daude barazkietan. Testuinguru horretan, Vergarak azpimarratu du ikertzen jarraitu behar dela, mota horretako medikamentuek ingurumenean eragiten duten kutsadura-arazoa konpontzeko irtenbideak bilatzeko.

Irantzu Vergara Euskal Herriko Unibertsitateko IBeA taldeko ikertzaileak adierazi duenez, “Antibiotikoak eta antimikrobianoak pertsonengan eta animalietan modu masiboan erabiltzearen ondorioz, substantzia horiek espero ez zen ingurumeneko laginetan agertu dira”. Gorputzean guztiz metabolizatzen ez diren medikamentuak ingurumenera heltzen dira zenbait bidetatik (adibidez, simaurra, ongarritarako erabiltzen diren araztegietako lohiak, etab.); handik, zoruetara iragazten dira, eta laboreetara eta zizareetara ere igaro daitezke, zeinak elikatze-kateko oinarria baitira. Vergarak azaldu duenez, “Ez da frogatu epe laburrean toxikoak direnik gizakientzat, baina dietaren bidez antibiotikoak nahi gabe kontsumitzeak arazoak eragin diezazkieke alergikoei, eta epe luzeko esposizioaren eraginak ez dira ezagunak oraindik. Hala ere, kutsadura horren ondoriozko arazo nagusia bakterio multirresistenteak ugaltzea da; zaila da haien aurkako tratamendu efektiboa lortzea infekzioak daudenean, eta urtean 33.000 heriotza eragiten dituzte Europan”.

Arazo horri aurre egiteko, barazkietan eta zizareetan antimikrobiano-kontzentrazio oso baxuak detektatzen dituzten bi analisi-metodo garatu ditu IBeA ikerketa-taldeak: Vergarak dioenez, “Simaurrean medikamentu-kontzentrazio handiak izatea espero da, baina substantzia horiek barazkietara edo zizareetara igaro ondoren, kontzentrazio askoz baxuagoak espero dira. Beraz, kontzentrazio horiek detektatuko dituzten metodo sentikorrak behar dira”.

Vergarak Euskal Herriko Unibertsitateko laborategietan garatu dituen metodoei esker, mikrobioen aurkako medikamentuen gama zabal bat zehaztu daiteke, baita haiek eraldatzetik eratorritako zenbait produktu ere. Ikertzaileak azaldu duenez, “medikamentuak jatorrizko forman iraitz daitezke, edo eraldatuta iraitz daitezke, metabolizatu ondoren (gure organismoaren barruan aldaketa batzuk izan ondoren). Gainera, konposatu sentsibleak dira oso, eta tenperaturaren, hezetasunaren, argiaren eta bestelako faktoreen ondorioz, ingurunean oso erraz degradatu eta eraldatzen dira”.

Metodo horiek aurrerapen garrantzitsuak ekarri dituzte. Izan ere, “orain arte ez genuen barazkietan eta zizareetan antimikrobiano-gama zabal bat aldi berean aztertzeko metodo analitikorik; gainera, ez ziren zentratzen eraldatutako produktuen analisian. Antibiotiko-familia bakoitzak propietate fisiko-kimiko desberdinak ditu, eta analisi-metodo berak haiek guztiak analizatzeko balio izatea oso garrantzitsua da. Gainera, detekzio-muga nahiko baxuak lortu ditugu. Horri esker, substantzia horien kontzentrazio oso baxuak detekta ditzakegu ingurumenean.

Barazkien laginketa EAEko zenbait puntutan

Barazkien kasuan, ikerketa-taldeak barazki-laginak hartu ditu Euskal Herriko zenbait puntutan, bai nekazaritza ekologikoko laginak, bai nekazaritza ez-ekologikokoak. Gaineratu duenez, “Gure helburua zen antibiotikoen arazoa EAEn zenbaterainokoa zen neurtzea. Egindako analisi-azterketako datuek erakutsi dutenez, mikrobioen aurkako medikamentuak eta haien eratorriak daude barazkietan: egiaztatu dugu antimikrobianoak eta haien degradazio-produktuak igarotzen direla zorutik barazkietara. Hau da, antimikrobianoen kutsadura arazo bat da Euskadin”.

Zizareei dagokienez, esposizio-kondizio kontrolatuetan egin dute saiakuntza; hau da, “diseinatutako azterketa bat da, eta laborategian egin da zizareak erabiliz. Egiaztatu nahi genuen, zoru kutsatuak izanez gero, zoru horietan elikatzen diren zizareek beren organismoetan antimikrobianoak metatu ditzaketen”. Azterketan ikusi da antimikrobiano horiek organismoan metatzen direla eta orain arte erregistratu ez diren mota askotako produktu eraldatu ugari sortzen dituztela”.

Vergarak nabarmendu duenez, beharrezkoa da “diziplina anitzeko ikuspegiarekin ikertzen jarraitzea ildo honetan, arazo honek gizarte guztiari eragingo baitio datozen hamarkadetan”. Ura tratatzeko instalazioek gaur egun ez dute tratamendu guztiz eraginkorrik farmako-hondakinak erabat ezabatzeko, eta ur horiek ureztatzeko erabiltzen dira askotan. Ikertzaileak adierazi duenez, “Antimikrobiano ugari sartzen da etengabe ingurunean, eta bakterioak haiekin bizitzera ohitzen eta haien aurkako erresistentzia sortzen ari dira. “Hala, kasu batzuetan ez dago bakterio multirresistenteekin kutsatzen diren pertsonentzako tratamendu eraginkorrik. Garrantzitsua da ikertzen jarraitzea, arazoa minimizatzeko eta epe laburrerako eta ertainerako soluzioak bilatzen hasteko”.

Informazio osagarria

Azterketa hau Irantzu Vergara egiten ari den doktore-tesikoa da. Euskal Herriko Unibertsitateko IBeA ikerketa-taldean egiten ari da tesia, eta Ailette Prieto eta Maitane Olivares dira zuzendariak.

Erreferentzia bibliografikoa