euskaraespañol

Gaurko irudia

Balkanetako zenbait antzinako genomak Europa eslaviarra nola osatu zen erakusten dute

Lehen milurtekoan Balkanetako penintsulan bizi izan ziren 146 pertsonaren antzinako genoma berreskuratu eta analizatu dute

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/12/11

Iñigo Olalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerbasque ikertzaile eta Ramón y Cajaleko ikertzailea. | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Balkanetako penintsulako lehen milurtekoaren historia genomikoaren lehenengo berreraikuntzan hartu du parte UPV/EHUk. Ikerketak agerian utzi du Balkanak, antzinako Erromako mugako erregioa izanik, inperioaren erdigunea bezain kosmopolitak izan zirela, eta gaur egungo Balkanetako herrien jatorriaren % 30 eta % 60 artean VI. mendetik aurrera Balkanetara iritsi zen migrazio eslaviarra dela.

Iñigo Olalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerbasque ikertzaile eta Ramón y Cajaleko ikertzaileak, Biologia Ebolutiboko Institutuarekin (IBE: CSIC-UPF) eta Harvardeko Unibertsitatearekin batera, ikerketa bat gidatu du, zeinean Balkanetako penintsulako lehenengo milurtekoaren historia genomikoa lehen aldiz berreraiki baitute. Horretarako, garai horretan Kroazian eta Serbian bizi izan ziren 146 pertsonaren antzinako genoma berreskuratu eta analizatu du taldeak. Lan horren —Cell aldizkari ospetsuan argitaratua— ekarpena da Balkanak Erromatar Inperioaren muga global eta kosmopolita izan zirela; halaber, eslaviar herriak erregio horretara iristearen historia berreraikitzen du. 

Lehenengo aldiz, taldeak afrikar jatorriko hiru pertsona identifikatu ditu, Balkanak Erromako inperioaren mende zeuden bitartean han bizi zirenak. Bestalde, ikerketak berresten du VI. mendetik aurrerako herri eslaviarren migrazioa Europa osoko aldaketa demografiko iraunkor handienetako bat izan zela; horren eragin kulturalak gaur egun arte iraun du. 

Erromatar Inperioak erregio global bihurtu zituen Balkanak  

Erromatar Errepublikak, lehenik, eta Erromatar Inperioak, ondoren, Balkanak beren barnean txertatu zituzten, eta mugako erregio hura komunikazioen bidegurutze eta kulturen arrago bihurtu zuten. Ikerketak hori baieztatzen du, eta erakusten du inperioaren bizitasun ekonomikoak erregio horretara erakarri zituela leku urrunetako etorkinak. 

Antzinako DNA analizatzeari esker, taldeak identifikatu du ezen, erromatarrek erregioa menderatu zuten bitartean, ekarpen demografiko handia egon zela penintsula anatolikotik (egungo Turkian kokatua), eta horrek aztarna genetikoa utzi zuela Balkanetako populazioetan. Hala ere, aztertutako genometan ez da jatorri italikoaren arrastorik ikusten. “Ekialdetik etorritako herri horiek erabat integratu ziren Balkanetako bertako gizartean. Viminaciumen, adibidez (erromatarren hiri nagusietako bat, gaur egungo Serbian kokatua), sarkofago bereziki aberats bat aurkitu genuen, zeinean bertako jatorria zuen gizon bat eta jatorri anatolikoko emakume bat lurperatu baitzituzten”, dio Iñigo Olalde artikuluaren lehenengo sinatzaileak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) BIOMICs taldeko Ikerbasque ikertzaile eta Harvardeko Unibertsitateko ikertzaile elkartu denak (lehenago La Caixa Junior Leader-eko ikerlaria izan zen IBEko Paleogenomika taldean).

Era berean, taldeak azaleratu du afrikar jatorriko hiru gizabanakok distantzia luzeko lekualdatzea egin zutela, era esporadikoan, Balkanetako penintsula inperioaren menpe zegoenean. Haietako bat nerabe bat zen, jatorri genetikoa gaur egungo Sudanen zuena, antzinako Inperioaren mugetatik kanpo. “Hortz-sustraien azterketa isotopikoaren arabera, analizatutako beste banakoekin alderatuta, haurtzaroan oso bestelako itsas dieta izan zuen”, dio Carles Lalueza-Fox Biologia Ebolutiboko Institutuko (IBE) ikertzaile nagusi eta Bartzelonako Natur Zientzien Museoko (MCNB) zuzendariak.

Gainera, olio lanpara batekin lurperatu zuten, zeinak Jupiterrekin lotutako arranoaren ikonografia bat irudikatzen baitu; hain zuzen, hura zen erromatarrentzat jainkorik garrantzitsuenetako bat. “Haren ehorzketa arkeologikoki analizatzean, agerian geratzen da Erromako indar militarren kide izan zitekeela. Beraz, badirudi K.o. II. mendeko Balkanetara oso urrutitik bidaiatu zuen etorkin bati buruz ari garela”, Lalueza-Foxek adierazi duenez. “Horrek erakusten digu Erromatar Inperioa askotarikoa eta kosmopolita zela, Europako kontinentetik askoz harantzagoko jendea hartzen zuena”.

Erori baino askoz lehenago hartu zituen Erromatar Inperioak herri barbaroak

Ikerketak Europako iparraldeko jatorriko zenbait gizabanako identifikatu ditu, penintsula balkanikoan III. mendean bizi izan zirenak —erromatarren okupazio betean—, bai eta jatorria estepetan zuten zenbait ere. Garezurren azterketa antropologikoak agerian uzten du haietako batzuk artifizialki deformatu zituztela; hori estepetako herri batzuen eta hunoen ohitura bat zen; askotan “barbaroak” deitzen zitzaien.

Emaitza horiek ikerketa historiko eta arkeologikoen alde jokatzen dute. Mendebaldeko Inperioa erori baino asko lehenago Inperioaren mugez kanpotik —Danubioaz haragotik— etorritako banakoen presentzia erakusten dute. “Inperioaren mugak gaur egungo estatuenak baino askoz lausoagoak ziren. Danubiok Inperioaren muga geografiko gisa jokatzen zuen arren, komunikazio-bide gisa jarduten zuen, eta oso irekia zen pertsonen joan-etorriei dagokienez”, dio Pablo Carrion IBEko ikertzaile eta ikerketaren lehenengo egilekideak.

Eslaviar herriek erregio balkanikoaren demografia aldatu zuten.

Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori ondoren, eta, bereziki, VI. mendetik aurrera, azterlanak erakusten du Balkanetara gizabanakoen oldeak iritsi zirela, genetikoki Europako ekialdeko eslaviar hizkuntzetako egungo herrien antzekoak zirenak. Haien aztarna genetikoa gaur egungo herri balkanikoen jatorriaren % 30 eta % 60 artekoa da. Hain zuzen, Migrazio Handien garaian Europako edozein lekutan izan den aldaketa demografiko iraunkorrik handienetako bat da.

Nahiz eta azterlanak detektatzen dituen Europako ekialdetik noizean behin iritsitako gizabanakoak ere, VI. mendetik aurrera migrazio-olde handia nabarmentzen da. “Gure antzinako DNA-analisien arabera, zenbait belaunalditan zehar iritsi ziren eslaviar hizkuntzetako populazio horiek Balkanetara, eta gizon eta emakumez osatutako familia-talde osoek hartu zuten parte horretan”, azaltzen du Carriónek.

Halaber, ikerketak identifikatzen du eslaviar populazio gehiago finkatu zirela Balkanen iparraldean; hala, horren arabera, egungo Serbian % 50 eta % 60 arteko ekarpen genetikoa egin zuten, eta, hegoalderantz goazela, gero eta txikiagoa: % 30 eta % 40 artekoa Grezia kontinentalean, eta % 20 artekoa Egeoko irletan. “Haien ondare genetikoa nabaria da eslaviar hizkuntzetako egungo populazioetan ez ezik, baita gaur egun eslaviar hizkuntzarik mintzatzen ez den erregioetako beste talde batzuetan ere, adibidez Errumanian eta Grezian", zehazten du David Reich Harvardeko Unibertsitateko ikertzaileak, zeinaren laborategian egin baitzen antzinako DNAren berreskurapena eta sekuentziazioa.

Balkanetako historia berridazteko koordinazioa eta elkarlana

Jugoslaviako gerraren eraginez, herri balkanikoak banandu eta gaur egungo erregioa osatzen duten herrialdeak sortu ziren; orduko ondorioek gaur egun oraindik bizirik diraute. Hala eta guztiz ere, azterlanean erregio osoko ikertzaileek hartu dute parte. “Azterlanean kroaziar eta serbiar ikertzaileak aritu dira elkarlanean. Elkarlan-eredu bikaina da penintsula balkanikoaren historia hurbila kontuan izanik. Aldi berean, horrelako lanek erakusten dute nola datu genomiko objektiboek lagundu dezaketen iraganeko narrazio epikoetan oinarrituta egon diren identitate kolektiboei lotutako arazo sozial eta politikoak atzean uzten”, dio Lalueza-Foxek.

Lantaldeak lehenengo aldiz sortu zuen Serbiako populazioaren datu-base genetiko bat, Balkanen historia berreraikitzeko. “Ohartu ginen ez zegoela egungo serbiar populazioaren datu-base genomikorik. Hura eraikitzeko eta azterlan honetan konparazio-erreferentzia gisa erabiltzeko, partekatzen zituzten ezaugarri kultural jakin batzuen arabera  beren burua serbiartzat zuten pertsonen bila ibili behar izan genuen —nahiz eta Serbiaz besteko herrialdeetan bizi, hala nola Montenegron edo Ipar Mazedonian—”, dio Miodrag Grbic Wester Ontarioko irakasle eta Errioxako Unibertsitateko irakasle bisitariak.

Balkanetako historia hurbilak nabarmendu duen alderdi identitarioa gorabehera, kroaziarren eta serbiarren genomek herentzia partekatu bat erakusten dute, neurri berean partekatua orobat eslaviar populazioen eta Mediterraneoko populazioen artean.

“Gure iritziz, antzinako DNAren analisiak lagundu dezake, datu arkeologikoekin eta erregistro historikoekin batera, herri balkanikoen historia nahiz Europako hegoaldeko eslaviar herri deiturikoen sorreraren historia berreraikitzen”, ohartarazten du Lalueza-Foxek.

“Sortzen den irudia ez da zatiketarena, historia partekatuarena baizik. Burdin Aroan Balkanetako erregioan bizi ziren pertsonek migrazioen antzerako eragina jaso zuten Erromatar Inperioaren garaian eta, geroago, eslaviar migrazioen garaian. Biak batuta, eragin horien emaitza egungo Balkanetako profil genetikoa izan zen, estatuen mugak gorabehera”, ondorioztatzen du Grbicek.

Informazio osagarria

Ikerketaren gidari Biologia Ebolutiboko Institutua (IBE) —zentro mistoa, Ikerketa Zientifikoen Batzorde Nagusiaren (IZBN) eta Pompeu Fabra Unibertsitatearen (UPF) artekoa— eta Harvardeko Unibertsitatea izan dira, eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Western Ontarioko Unibertsitateak eta Errioxako Unibertsitateak (UR) hartu dute parte.

Erreferentzia bibliografikoa