euskaraespañol

Aurrerapen berriak doitasun handiko grafeno-nanozinten diseinuan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/09/07

Aurelio Mateo Alonso irakaslearen ikerketa-taldea | Argazkia: Polymat

Euskal Herriko Unibertsitateko POLYMAT zentroari atxikitako Ikerbasqueko ikertzaile Aurelio Mateo Alonso irakaslearen ikerketa-taldeko kideek, Polimeroen Ikerketarako Max Planck Institutuko (Alemania) eta Aveiroko Unibertsitateko (Portugal) ikertzaileekin batera, doitasun handiko grafeno-nanozintak ekoizteko metodo berri bati buruzko duen artikulua argitaratu dute Chem aldizkarian.

Grafenoaren aurkikuntzak aukera ugari zabaldu ditu material berrien garapenari dagokionez. Grafenoa tamaina nanometrikoko zintetan mozten denean (grafeno-nanozintak), propietate elektriko eta magnetiko desberdinak dituzten materialak lor daitezke, zinten ertzak ebakitzeko moduaren nahiz zinten zabaleraren eta luzeraren arabera. Horren harira, garrantzi handikoa da grafeno-nanozintak doitasun atomikoarekin ekoizteko moduko metodoak garatzea, horien aplikazio potentzialak garatze aldera. Material berri horiei esker, gailu elektroniko eta espintronikoak miniaturizatu ahal izango dira, eta hau funtsezkoa da elektronikaren zein konputazio kuantikoaren arloko teknologia berriak garatu ahal izateko.

UPV/EHUko POLYMAT, Polimeroen Ikerketarako Max Planck Institutua (Alemania) eta Aveiroko Unibertsitatea (Portugal) tarteko dituen ikertzaile-talde batek grafeno-nanozintak sintetizatzeko metodo berri bat garatu du, doitasunari zein luzerari dagozkien marka guztiak hautsiz. Metodo berri honek 2 nanometroko nanozinta osagarriak konbinatu ditu, Legoko piezak balira bezalaxe, erabateko doitasun atomikoa duten 36 nanometroko nanozintak sortzeko.

Zintak zenbat eta luzeagoak izan, orduan eta eroankortasun elektriko handiagoa dute, eta honek eraginkortasun handiagoko gailu elektroniko berrien garapena ekar lezake. Gainera, argia xurgatu eta igortzeko ezohiko propietateak dituzte, puntu kuantikoenak baino dexente handiagoak, eta ondorioz, grafeno-nanozintak energian, LED teknologian, medikuntza-irudian eta beste eremu batzuetan aplika litezke etorkizunean.

Mateo Alonso irakasleak Kimika Organikoan lizentziatu (1999) eta Masterra (2000) egin zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Ondoren, Kimikan doktoratu zen Londresko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Queen Mary College delakoan (2004). 2004tik 2009ra bitartean, doktorego ondoko ikertzailetzat lan egin zuen Triesteko Unibertsitatean (Italia). 2009an, ikerketa-karrera independentea hasi zuen, taldeburu bezala, Friburgoko (Alemania) Ikasketa Aurreratuen Institutuan. 2012az geroztik, UPV/EHUko POLYMATeko Material Molekularren eta Supramolekularren taldeko buru da Ikerbasqueko ikertzaile bezala. Haren ikerketa-lanak  hainbat sari jaso ditu estatuan zein nazioartean: Triesteko Unibertsitateko Ikertzaile Gazteen Saria (Italia 2007); Friburgoko Unibertsitateko Eugen-Graetz Saria (Alemania, 2009); Espainiako Kimikako Errege Elkarteko Ikertzaile Gazteen Saria (Espainia, 2011); Estatu Batuetako Elektrokimika Elkarteko Nanokarbonoen Dibisioko Ikertzaile Gazteen Saria (AEB 2012) eta RSEQeko Ikerketa-Bikaintasunaren Saria (2021).

Mateo Alonso irakaslearen ikerketa-taldeak nanokarbono berrien sintesi eta karakterizazioan eta horiek elektronika zein energia arloetako aplikazioetan izan ditzakeen potentzialaren esplorazioan dihardu.

Erreferentzia bibliografikoa