euskaraespañol

Artea nonahi

UPV/EHUren ondare artistikoaren inbentarioa 470 obra inguruk osatzen dute, eta Arte Ederren Fakultateko ikerketa talde bat aztertzen ari da horiek guztiak

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/23

Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeko ikasleak, 'Figura 1 y 2' (Javier Soto, 1997) artelanari buruzko datuak hartzen.

1982. urtean, Euskal Herriko Unibertsitatearen gobernu batzarrak enkargu bat egin zion Eduardo Chillida artistari. Pozarren hartu zuen hark proposamena, eta gaur egun UPV/EHUren logotipoa dena oparitu zion. Unibertsitatearen ikur bereizgarria da, eta, ziur aski, unibertsitatearen jabetzakoetan garrantzitsuena, baina ez bakarra. Gure ondare artistikoa 470 obra inguruk osatzen dute.

Unibertsitatearen ondare artistikoa garrantzitsua da, baina ezezaguna gehienean, eta hazi egin da urtez urte. Obren jatorria askotarikoa da: lehiaketak, dohaintzak, erosketak eta enkarguak gehienbat. Egileak ere mota guztietakoak dira: UPV/EHUra artelana iritsi zenean jada ezagunak ziren artistak, tartean, Nestor Basterretxea eta José Luis Zumeta; Arte Ederretako irakasleak eta ikasleak, zeinen lana ondarera bildu baitzen unibertsitateak artea eskuratzeko antolatu ohi zuen lehiaketaren bitartez. Horren adibide dira Judas Arrieta eta Mabi Revuelta (Gure Artea saria, 2016) EHUalumniak, gaur egun artista ezagunak.

Enara Artetxek eta Alazne Porcel-ek, Arte Ederren Fakultateko Pintura Saileko Kontserbazio eta Zaharberritzeko irakasleek, ondo ezagutzen dute ondare artistiko horren zati handi bat. Bost urte daramate ondarearekin lanean eta hura katalogatzen. Hezkuntza berrikuntzako proiektu batekin hasi zen guztia: bi irakasleek lortu zuten, Kultura Ondareen Kontserbazioari eta Zaharberritzeari buruzko graduko ikasleekin zeharkako gaitasunak lantzeko, unibertsitatearen ondare artistikoa baliatuta. Proiektua abian jarri, eta berehala ohartu ziren obren katalogoa osatzeko eta hedatzeko beharra zegoela; obrak unibertsitateak bere bilduma artistikoari buruz egindako zenbait argitalpenetan jasota zeuden. «Denbora generaman eskolak ematen artelanak katalogatu eta kontserbatzeari buruz, eta ohartu ginen esku-eskura genituela katalogatu eta ikertzeko moduko hainbat artelan. Unibertsitatearen bilduma balia zitekeen ikasgelan ikusitako kontzeptuak lantzeko; ikasleentzako praktika ezin hobeak ziren», azaldu dute bi irakasleek.

Helburua, hasiera batean, ikasleen prestakuntza hobetzea zen; irakasleek ez zeukaten pentsatuta unibertsitatearen ondareaz baliatzea horretarako. Alabaina, ikerketa lanean aurrera egin ahala, ohartu ziren behar-beharrezkoa zela unibertsitatearen ondare artistikoa ikusgarri egitea, euskal arte garaikidearen garapeneko obra erreferenteen balioa azpimarratuta eta kontuan hartuta UPV/EHUren Arte Ederren Fakultatea dela horien sorkuntza eta ekoizpen zentro nagusia.

Lanak lokalizatzeko eta deskribatzeko lanetan asko lagundu dute proiektuan parte hartu duten ikasleek. Eta lana ez da amaitu, katalogo osoa webgunean kontsultatzeko moduan egotea baita helburua, obren erreferentziak, kokapena, argazkiak eta egileei buruzko azalpenak eskainita.

Oraingoz, Enara Artetxek eta Alazne Porcelek jardunaldi bat antolatu dute datorren abendurako, UPV/EHUren ondare artistikoa ezagutzera emateko. Jardunaldi horretan, besteak beste, bisita gidatua egingo dute Leioa-Erandio eremuko obra batzuk ezagutzeko.