euskaraespañol

Gaurko irudia

UPV/EHUk Euskadi ordezkatuko du Quality Innovation Award 2022an, nazioarteko fasean lehiatuz

Ikasleen Zuzendaritzak kudeatzen duen Arrakasta programa nazioarteko finalista da, publiko-sektorean kategorian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/10

Euskal Herriko Unibertsitatea (Ikasleen Zuzendaritza-Arrakasta Programa) aukeratu dute, beste sektore batzuetako beste 7 erakunderekin batera, Euskadi ordezkatzeko Quality Innovation Award 2022 lehiaketan, nazioarteko fasean lehiatuz. Erakunde horrek irabazi du euskal fasea sektore publikoaren kategorian, nabarmenduz "Unibertsitatea-Babeserako Sistema Publikoen Estrategia, Euskadiko babes-sistemetatik datozen eta unibertsitate-ikasketak arrakastaz egiten dituzten gazteen kopurua handitzeko, goi-mailako hezkuntzan aukera-berdintasuna bermatuz."

Hemendik aurrera, nazioarteko Quality Innovation Award saria lortzeko lehiatuko da, urtero lehiaketan parte hartzen duten gainerako herrialdeetako 500 erakunde baino gehiagorekin batera. Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera aukeratu dituzte: Osakidetzako TOLOSALDEA ESI, ITP Aero, Cyber Surgery, CF Somorrostro, Nazaret eta Zabalburu - Lanbide Heziketa, Spouted Bed Solutions, RKL Integral eta Estampaciones Rubi.

Berrikuntzaren kudeaketa eta bultzada aintzatesteko, euskal fasearen irabazleak egiaztatzen dituen diploma bat jasoko dute Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Sariaren Galan, abenduaren 14an, Donostiako Kursaalean. 

Lehiaketa hau 2007an sortu zen Finlandian, produktu, prozesu eta antolaketa-berrikuntzak sortzeko eta garatzeko, eta herrialde hauek hartzen dute parte: Finlandia, Estonia, Hungaria, Israel, Kazakhstan, Lituania, Letonia, Txekiar Errepublika, Suedia, Espainia (Euskal Herriko CEX eta EUSKALITen bidez), Txina, Errusia, Serbia, India eta Afrikako hegoaldeko hainbat herrialde. Gaur egun, Txina da presidentea eta Euskadik, Euskaliten bitartez, Advisory Board-ean parte hartzen du. 

Nazioarteko lehiaketa honetan EUSKALITek laguntzen du 2015etik, eta parte hartzen duten erakundeen eta herrialdeen lehiakortasuna areagotzen laguntzea du helburu, bi faseren bidez: bata Euskadikoa eta bestea nazioartekoa. Tokiko fasean, EUSKALITeko Kudeaketa Aurreratuko Ebaluazio Klubeko 30 lagunek ebaluatzen dituzte hautagaitzak, eta UNIBASQek, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak, identifikatu dituen berrikuntzako adituen talde batek lagundu du kategoria bakoitzeko finalistak aukeratzen. Azkenik, EUSKALITeko Patronatuko erakundeetako ordezkariek, Innobasquek eta IHOBEk osatutako epaimahai batek euskal fasea irabazi duten hautagaiak aukeratu ditu.