UPV/EHUko Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea graduko lehen mailako ikasleek arrantza bizitzari buruzko hamazazpi film labur aurkeztu dituzte Bermeoko Arrain Azokan. Ekimena Miren Gabantxo-Uriagereka irakasleak abiatu zuen, Ortube Ontziaren Lagunak elkarteari proposatu baitzion bere ikasleek itsasoko lana ikus-entzunezko hainbat proiekturen bidez jorratu zezaten.
Sormenerako erronka berria
Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleek arrantzari buruzko bideoak aurkeztu dituzte Bermeoko Arrain Azokan
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2022/06/13
Ikasturte guztietan bezala, Miren Gabantxok –Komunikazio, Publizitatea eta Konbentzitzeko Estrategien irakasleak– erronka berri bat proposatu die ikasleei: arrantza bizitza ikusarazteko film labur bat egitea, Ortube arrantza-ontziaren zaharberritzea ardatz hartuta; Ortube Ontziaren Lagunak kultur elkarteak lan egiten du proiektu horretan.
Ekimen horren bidez, Bermeoko irakasleak ikasleak motibatu nahi ditu “sormena eta pertsuasio teknikak garatu ditzaten”. Irakasle horrek Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean ematen duen “Komunikazioa eta Publizitatea: Konbentzitzeko Estrategiak” irakasgaiaren 65 ikaslek parte hartu dute proiektuan. Guztira, Itsasoa Bermeo da arrantza narratibei buruzko ikus-entzunezko 17 proposamen dira, 17 ikasle taldek eginak.
Miren Gabantxok Bermeoko ontziolara eraman zituen ikasleak eskolen lehen astean, herriaren eta itsasoaren historia beste ikuspegi batetik ezagut zitzaten. “Guztiz libreak izan ziren deigarri egiten zitzaienaren berri jaso eta arrantzale herri baten oroimen historikoa –zaharberritzen ari ziren itsasontzi horrek sinbolizatzen zuenarena– nabarmentzeko ideiak garatzen hasteko”, azaldu du irakasleak. Ekimenaren sustatzaileak proiektuaren ideia nola sortu zen azaldu du: “Ohartu nintzenez, tokikoaren ezaugarria, identitarioa, gizartean gero eta garrantzi handiagoa duen gai bat da, eta horregatik, nire ikasleekin proiektu honetan lan egitea pertsuasio estrategien ikuspuntutik oso interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen”.
Ikasleek Bermeoko herritarren laguntza izan dute ikus-entzunezko piezak egiteko; gizon eta emakume horiek itsasbazterreko arrantzaren goraldia eta Bermeoko arrantza komunitateko lan kultura ezagutu zituzten 1970 eta 1980eko hamarkadetan. Egindako elkarrizketekin batera, Fede Merino argazkilariaren eta Bermeoko Arrantzaleen Museoaren laguntza ere izan dute, azken horretan lehenaren “1974-1976 Kresala” argazki erakusketa dago. Ortube Ontziaren Lagunak elkartea izan da ikasleek egindako ikerketarako iturri nagusia; gaur egun Ortube itsasontzia zaharberritzen ari da elkarte hori.
Ikus-entzunezko proiektuen arrakasta
“Ikaskuntza metodologia hau aukera bikaina izan da irakasgaiko ikasleek etorkizunari begira beren sormena eta pertsuasio estrategiak garatu ahal izan ditzaten; izan ere, unibertsitatera sartzeko proba egin berritan, funtsezkoa da gazteak beren gaitasunak deskubritzen saiatzea”, azaldu du Miren Gabantxok. “Ikasleek oso gutxi garatua dute sormenez pentsatzeko gaitasuna, Batxilergotik eta USEtik proba teoriko batzuk buruz ikasi eta gainditzeko moldatuak baitatoz”, dio irakasleak.
“Ikasleentzat erronka handia izateaz gain, ikus-entzunezko proiektuek nabarmendu egiten dute arrantza komunitateetako lanaren eta ahaleginaren kultura, zeinean itsasoa oro baita bizitza aurrera aterako bada. Ortube arrantza ontzia zaharberritzearen garrantzia ikusaraztea da xedea”, nabarmendu du Gabantxok.
Zenbait hilabete lanean aritu ondoren, joan den maiatzeko Arrain Azokan eman zituzten ikus-entzunezko 17 piezak –gehienak elkarrizketa formatukoak– Bermeoko zineman. Miren Gabantxoren esanetan, ekintza hau “modu bat da herriko biztanleak egun horretan Bizkaiko kostaldeko herri hori ezagutzera joandako turistekin konektatzeko eta komunikazioa kultur tresna gisa erabiltzeko”.
Lanak egileen eskubideen mende dauden arren, ikasleek baimena eman diote Ortube Ontziaren Lagunak elkarteari haiek erabil ditzan Ortube itsasontziaren eta haren zaharberritzearen garrantzia zabaltzeko.
“Ikasleek ikus-entzunezko proiektuak erakutsi ondoren jaso duten aitortza nagusia” –azaldu du Gabantxok– “ikasteko abentura eta Bermeoko pertsona oso bereziak ezagutzea izan da”.
Irakasleak zera adierazi du: “esperientzia oso ona izan da niretzat, eta ikasleentzat ere hala izan delakoan nago, horrela jakinarazi baitidate irakasgaiari buruzko balorazioetan. Eginez ikastea da kontua, eta lehen mailako ikasle horientzat oso garrantzitsua da indarrak neurtzea eta beren buruari erakustea zer egiteko gai diren; halere, eskolako lehen astean sekulako sustoa hartu zuten jarri nien erronka ikusita”, ekarri du gogora Gabantxok.
Aurretiazko ekimenak eta beste proiektu interesgarri batzuk
Miren Gabantxok, ikasturte bakoitzean, erronka berri bat planteatzen du ikasleentzat, eta erronka bat da, era berean, bere buruarentzat. “Haien 18 urteekin identifikatzen naiz beti; fakultate honetara ikastera iritsi nintzen ni, eta telebistan igaro nintzen mundu profesionalera, EITBn. Nire espektatibak oso altuak ziren eta horregatik uste dut nire ikasleenak ere halakoxeak direla”, dio irakasleak.
Ikasleek hainbat jarduera eta lehiaketatan parte hartzen dute urtero, batez ere ikus-entzunezko jaialdietan (Zinebi Express, Homeless Film Festival, Invisible Express eta Cortada, besteak beste). Lehiaketa horien bidez, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleek sormena eta trebetasun artistikoenak garatzen dituzte, eta proposamen berritzaileei aurre egiten diete urtez urte.
Jaialdi horiek aukera paregabea dira ikasleentzat; haien arteko parte hartzea sustatzen da, eta horri esker, “Komunikazio Komertziala, Korporatiboa eta Instituzionala” irakasgaia dinamikoagoa eta berritzaileagoa izatea lortzen da.
Proiektu hori amaitu ondoren, Miren Gabantxok ez du zalantzarik datorren urtean beste proiektu bati helduko diola, ikasleei “beren burua probatzeko eta beren gaitasun orokorrak deskubritzeko eta garatzeko aukera emateko. Hortaz, ikasturte bakoitzean nire burua berriz asmatzen dut. Ziur aski beste bide batzuk irekiko ditut ekintzan oinarritutako ikaskuntza proiektu berriak egiteko”, jakinarazi du Gabantxok.