euskaraespañol

Eguneko irudia

Amazoniako landare batek giza tumore-zelulen kontra darabilen mekanismoa argitu dute

Vismia baccifera landareak gibeleko minbizi-zelulei eragiten dien estres oxidatiboa eta heriotza azaldu du UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/27

José Ignacio Ruiz-Sanz, Jenifer Trepiana eta M. Begoña Ruiz-Larrea. Argazkia: MItxi (UPV/EHU)

UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erradikal Askeak eta Estres Oxidatiboa ikerketa-taldearen lan batean argitu dute zer eragin duen jatorriz Amazonas kolonbiarrekoa den Vismia baccifera landareak giza gibeleko minbizi-zelulen kontra.

Heliyon aldizkariak argitaratu ditu ikerketaren emaitzak. Ikusi dutenez, zeluletan estres oxidatiboa eragiten du landareak, eta, horrek, azkenean, zelulen heriotza dakar.

Landareetatik eratorritako produktuek zientzialarien arreta gero eta handiagoa bereganatzen ari dira beren gaitasun antioxidatzailea, antiinflamatorioa eta antitumorala dela-eta; “interes handia dago gaur egun landareetatik eratorritako konposatuak identifikatzeko eta kimioterapiarako gai gisa erabiltzeko, tumoreen hazkuntza gelditzeko gaitasuna dutelako edo metastasia tratatzeko balio dutelako, besteak beste”, azaldu du Jenifer Trepiana doktoreak, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erradikal Askeak eta Estres Oxidatiboa ikerketa-taldeko kide eta ikerketaren egileetako batek.

Vismia baccifera landarea aukeratu zuten ikerketarako, Kolonbiako Amazonian jasotakoa. “Talde indigenek hanturari aurre egiteko erabiltzen dute, edo gernu-traktuko gaixotasunen edo larruazaleko gaitzen kontra, baina guk aukeratu genuen aurreko ikerketa batzuetan ikusi genuelako hark zuela gaitasun antitumoral handiena guk erabilitako gibeleko minbizi-zelulen kontra”, dio ikertzaileak.

Ikerketa in vitro egin zuten, giza gibeleko tumore-zelulen eredu batekin, eta zelulak tratatzeko Vismia baccifera landarearen hostoen estraktu akuoso bat erabili zuten, infusio-eran prestatua, alegia, medikuntza tradizional indigenan erabiltzen duten bezala. Estraktu horrekin berarekin tratatu zituzten, halaber, giza gibeleko zelula osasuntsuak, “egiaztatzeko zelula osasuntsuei ere eragiten ote zien”, zehaztu du Trepiana doktoreak.

Toxikoa tumore-zelulentzat, baina ez osasuntsuentzat

Frogatu ahal izan dutenez, Vismia bacciferaren estraktuak erantzun toxikoa sorrarazten du tumore-zeluletan. Zehazki, erradikal askeak ugaritzea eragiten du, bereziki hidrogeno peroxidoa, eta horrek, azkenerako, tumore-zelulen heriotza dakar. Hidrogeno peroxidoak, besteak beste, “ziklo zelularra blokeatzen du (zelulek ugaltzeari uzten diote), material genetikoa kaltetzen du, eta apoptosi deritzon heriotza-prozesua aktibatzen du zeluletan”, nabarmendu du ikertzaileak.

Vismia bacciferak tumore-zeluletan eta zelula osasuntsuetan duen eragin zitotoxikoa alderatzean, ikusi dute “minbizi-zelulak bakarrik kaltetzen dituela; frogatu dugu giza gibeleko zelula arruntei ez diela halakorik eragiten, eta aurretik ere hori bera ikusi genuen arratoi-zeluletan —dio—. Oso interesgarria da hori, zelula osasuntsuek kalterik ez izatea delako garrantzitsuena”.

Ikertzailearen iritziz, “oso ona da ezagutzea zer eragin duen landareek zelulen barruan. Hemendik aurrera, onena litzateke ikerketarekin aurrera jarraitzea, eta in vivo azterketak egitea, ondoren, animalia-ereduekin ikertzea, eta, hala, etapak gainditzen joatea, landare hori minbiziaren kontrako terapia gisa erabiltzera iristeko. Hala ere, jakin badakigu bidea oso luzea dela”, dio bukatzeko.

Erreferentzia bibliografikoa