UPV/EHUko irakasle Alfredo Rodríguez-Antigüedad, SEN saria gaixotasun neurologikoetan
Espainiako Neurologia Elkarteak (SEN, gaztelaniaz) aitortza egin dio esklerosi anizkoitzaren ikerketari 35 urtetik gora eskaintzeagatik
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2023/07/12
Alfredo Rodríguez-Antigüedad neurologo eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak 2022 SEN saria jaso du Gaixotasun Neurologikoen modalitate zientifikoan. Espainiako neurologoei zuzendutako saria da, aurrerabide zientifikoan edo gaixotasun neurologikoen sustapen sozialean lagundu dutenak aitortzeko. Zuzendaritza Batzordeak erabaki zuen saria ematea “esklerosi anizkoitza eta beste gaixotasun neurologiko batzuk (dementzia, alzheimerra, parkinsona, iktusa eta ELA, besteak beste) aztertzen 30 urte baino gehiagoko ibilbide profesional bikaina egin duelako”.
Rodríguez-Antigüedad ikertzaileak aitortu du “SEN saria merezi duten” pertsona asko daudela, eta saria ibilbide profesional osoaren aintzatespentzat hartzen du: “Garapen handia izan dut kudeaketan eta plangintzan, Osasun Sailean eta neurologo eta ikertzaile gisa lan egin baitut”. Gehien gustatzen zaiona mediku asistentziala izatea da, baina kontziente da ikerketaren garrantziaz: “Ikertzen ari garenean, ez gara gaixo batengan pentsatzen ari, gizarte osoan baizik. Egiten ari naizen bidaia luze honek Neurologiaren arloko nabigatzaile bihurtu nau, eta horregatik saritu nautela uste dut”, azaldu du. “Horrelako aitorpenak harro egotekoak dira. Pizgarri bat dira, aurrera egiten, hobetzen eta beste proiektu eta jomuga batzuk planteatzen laguntzen dizutelako”.
Rodríguez-Antigüedadek azaldu duenez, aurrerapen handiak egin dira esklerosi anizkoitzaren ikerketan, neurologiaren barruan “gaixotasun enblematiko” bat dena: “Ez da gaixotasuna sendatu, ezta prebenitu ere, baina neuroimmunologian aurrera egin dugu, beste gaixotasun batzuekin oso lotuta baitago; alzheimerrarekin, beharbada”. Izan ere, datu batzuek adierazten dute badagoela “immunitate osagai bat, gaixotasunaren progresioa baldintzatzen duena. Esklerosiari buruzko ezagutza beharrezkoa izan da neuroimmunologia ezagutzeko eta gaixotasun neurologikoetan betetzen duen eginkizuna ezagutzeko”.
Neurologoak, halaber, etorkizuneko profesionalei aholkatzen die adimen irekia izan dezaten eta lan eremu bakarrera ez mugatzeko: “Funtsezkoa da doktoreek irakaskuntza, kudeaketa, asistentzia, ikerketa eta dibulgazio soziala egitea”, ziurtatzen du; “hau da, esperientzia izatea alderdi guztietan, nahiz eta pazienteei asistentzia ematea medikuen funtsa izan”. Izan ere, gaixo horien gaitz neurologikoak ikusezin bihurtzen dira, pairatzen dituztenek ez dituztelako publiko egin nahi, oraindik ere estigmatizatzaileak direlako, eta gizarteak haiei buruz oso gutxi dakielako. Hala ere, laino isil hori gorabehera, “gogoratu behar da —ohartarazi du irakasleak— gaixotasun neurodegeneratiboak garrantzitsuak direla eta horien eragina izugarria dela, adinari estu lotuta daudelako eta gure bizi itxaropena gero eta handiagoa delako”.
Gaixotasun neurologikoen arazo nagusietako bat da ikertzeko zailagoak direla, garunean baitaude, eta egitura oso konplexua duen organoa da. Izan ere, eremu bakoitzak funtzio espezifiko bat du, eta, beraz, miaketa delikatua da, gainerako organismotik isolatuta baitago. “Substantzien trafikoa kontrolatuago dago; horrek garunean gertatzen dena erakutsiko duten odol analisiak egitea mugatzen du. Zorionez –dio Rodriguez-Antiguedadek–, biomarkatzaileei dagokienez aurrerapen bat egon da, eta badira laborategiko teknikak odoleko molekulak edo substantziak kopuru oso txikitan detektatzeko gai direnak, eta garuneko prozesu fisiologiko edo patologiko batzuei buruzko informazioa eman diezaguketenak”, azaldu du.
Biomarkatzaile horiekin, alzheimerra odol lagin batekin aztertu ahal izango da, eta substantzia anormal hori burmuinetik datorrela eta odolean ikusi beharko ez litzatekeela frogatzeko. “Biomarkatzaileen aurrerapena oso premiazkoa zen”. Gainera, gaixotasun neurologikoak prebenitzeko, Rodriguez-Antigüedadek gomendatzen du jarduerak egitea, irakurtzea eta bizitza sozial aktiboa izatea, etxean sartuta bizi diren pertsonena baino garun trebatuagoa izateko. “Bizitza osasungarria izan behar da, eta horrek alderdi emozionala eta psikologikoa barne hartzen ditu”. Are, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek, hala nola depresio kronikoa edo agorafobia dutenek, “joera handiagoa dute gaixotasun neurologikoak eta bestelakoak izateko. Beraz, horrelako nahasmenduak dituenak espezialistarengana joan eta arazoari aurre egin behar dio, ondoriorik egon ez dadin”.
Gaur egun, Rodriguez-Antigüedadek esklerosi anizkoitzaren esparruan jarraitzeaz gain, bere eremua gaixotasun neurodegeneratiboetara eta biomarkatzaileetara zabaldu du, esparru horiek elkarri lotuta baitaude. “Erronka nagusia”, aurreikusten du, “neuroendekapena da; neuroimmunologiarekin duen lotura, berriz, datozen urteetan haziko den ikerketa ildoa”.