euskaraespañol

Eguneko irudia

Ahanzturatik atera dituzte Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban 2.000 urtez gaindi ibilitako haizeolak

UPV/EHUko GIPYPAC taldeko kide batek zuzendutako ikerketan, 300 haizeola prehidrauliko baino gehiagoko inbentarioa egin dute EAEn

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/17

Javier Franco, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko GIPYPAC (Paisaia Kulturalen eta Ondarearen ikerketa-taldea) taldeko kidea

UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko GIPYPAC (Paisaia Kulturalen eta Ondarearen ikerketa-taldea) taldeko kide batek zuzendutako ikerketa batean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeolen inbentarioa egin dute. Lan horri esker, boskoiztu egin da ezagutzen diren aztarnategien kopurua. Halaber, orain arte Europan beste inon aurkitu ez den labe-mota bat deskribatu da ikerketa horretan.

Burdin minerala burdina metaliko bihurtzeko industriaurreko tailerrak dira haizeolak, zeintzuetan eskuz baino ez baitzuten lan egiten. “Garai prehidraulikoko labe garaiak ziren”, dio Javier Franco UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Paisaia Kulturalen eta Ondarearen ikerketa-taldeko kide eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko Arkeologia Taldeko arduradunak. Diziplina anitzeko talde bat da azken hori, eta hark egin du azterketa. “Badakigu euskal lurraldeetan K.a. V. mendetik XV. mendera bitartean erabili zituztela, zeharrolak (urak ibilarazten dituen olak) iritsi eta gero ere. Hau da, 2.000 urtez, gutxi gorabehera, burdina modu berean ekoitzi zuten, eskuz eta oso teknologia finduarekin”.

Orain dela 15 urte hasi ziren ikerketa-lanarekin, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren ekimenez, “oso gutxi ezagutzen baitziren haizeolak, eta, izatez, lurpean daudenez, asko suntsitzen ari zirelako”, azaldu du ikertzaileak. Eusko Jaurlaritzari proposatu zioten halako aztarnategi arkeologikoak babestea, eta, arriskuan zeudela ikusita, hiru probintzietako haizeolen inbentarioa egitea eskatu zieten Eusko Jaurlaritzatik. “Gure inbentarioari esker, boskoiztu egin dira aztarnategi ezagunak: Bizkaian 170 katalogatu ditugu; Gipuzkoan, 150, eta, Araban, 25”, zehaztu du. Horretarako, EAEko ingurune menditsuetara egokitu behar izan zituzten prospekzio arkeologikoko teknika ezagunak, baita arrakastaz lortu ere.

Europan parekorik ez duen labe-mota

“Prospekzioari eta indusketei esker, parekorik ez duen labe-mota bat deskubritu dugu, Europan aurkitu diren gainerakoak ez bezalakoa. Egia da ia eskualde bakoitzean soluzio tekniko jakin bat sortu zutela burdin minerala metal bihurtzeko, baina gure labe-motak ez du bat egiten Europan orain arte deskribatu direnetako batekin ere —argitu du Francok—: aho zabaleko ontzien itxurako labeak dira, eta, gainerako labeak ez bezala, goiko aldetik sartu eta ateratzen da karga. Hori du berezia”.

«2.000 urtez, gutxi gorabehera, burdina modu berean ekoitzi zuten, eskuz eta oso teknologia finduarekin»

Berezitasun horrek aldatu egin du Europako historian labeek izandako eboluzioari buruz pentsatzen zena. Zaharrenak katilu-formakoak dira, lurrean egindako barrunbeak; ondoren, erromatarrek labe eboluzionatuagoak eta eraginkorragoak egin zituzten, kono-enbor formakoak. “Teorian, gurea, ontzi-formakoa, erromatarrena baino lehenago agertu zen, baina, egiaz, askoz beranduago ere erabili izan zen Bizkaian eta Gipuzkoan, Erdi Aro betean”, dio Francok. Gainera, “ohartu gara labeen profil horrek guztiz bat egiten duela zeharrolen profilarekin, alegia, gerora funtzionatu zuten horien profilarekin: aireztapen-sistemak egokitu behar izan zizkioten dagoeneko primeran ezagutzen zuten teknologia bati, besterik ez”.

Teknologiaz gain, ikerketan aurrera egin ahala deskubritu ahal izan dute, adibidez, euskal Erdi Aroko ekonomiaren historian orain arte ezagutzen ez zen hartu-emanetarako sistema konplexu bat izan zela lurraldeen artean: “Dokumentazio-iturri batean egiaztatu dugu Donemiliaga Kukula monasterioak, XI. mendean, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko errentak kobratzen zituela. Bada, arabarrei burdin hesitan kobratzen zieten, eta gipuzkoar eta bizkaitarrei, berriz, aberetan. Beti pentsatu izan da, horrenbestez, Araban burdin produkzio handia zegoela garai hartan. Aitzitik, azterketa arkeologikoak frogatu du lehen mailako produkzio siderurgikoa Bizkaian eta Gipuzkoan egiten zela, garaiko labe garaiak zirela, eta Arabak burdina horren zati handi bat inportatzen zuela, eta zeramika esportatu. Hala ikusi dugu hiru lurraldeetan orain arte egindako indusketetan”, azaldu du Francok.

«Azterketa arkeologikoak frogatu du lehen mailako produkzio siderurgikoa Bizkaian eta Gipuzkoan egiten zela»

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko Arkeologia ikerketa-taldea, ekinaren ekinez, erreferente nazional bihurtu da arkeometalurgiaren arloan, eta eskaera asko jaso ditu beste unibertsitate batzuetatik, “ikasitakoa transferitzeko, eta beste lurralde batzuetan aztarnategiak lokalizatu eta prospekzioak egiteko. Izan ere, hau da aztarnategi arkeologikoen kartografia egina duen erkidego bakarra. Baina gure sistema beste edozein eremutara esporta daiteke. Eta interesgarri jotzen dute, halaber, gure indusketa-protokoloa, merkeagoa baita halako ikerketetarako”, dio, bukatzeko.

Aztarnategiak aurkitu, aukeratutakoak induskatu eta CSICekin (Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena) batera materialak aztertzeaz gain, lehenengo haizeoletako langileen lana erreproduzitzeko gai ere izan da Javier Francoren taldea, garai hartako artisau-tailerretan arkeologia esperimentala eginez eta zenbait entseguren ondoren (urrian izango da hurrengo saioa, arkeologia-museoan). Halaber, ahalegin handia egin dute ikerketa gizarteratu eta euskaldun guztien ondare ezezagun hori ezagutzera emateko.

Ikerketak emaitzak ematen darrai oraindik orain, eta aurten Bizkaiko haizeola zaharrenetako hiru ikertuko dituzte, Erromatarren garaikoak eta Antzinaro Berantiarrekoak Diman, Galdakaon eta Artzentalesen, baita Gipuzkoako Intxaurreta haizeola ere, Basagain kastroaren azpian dagoena, Anoetan. Harrigarriak izan dira haizeola horretako karbono-14aren datuak, orain arte EAE guztian ezagutzen zirenak baino 500-700 urte zaharragoa dela adierazten baitute, eta, hortaz, haizeolen industria are antzinagokoa dela erakusten baitute (Bigarren Burdin Arokoa).

Informazio osagarria

Ikerketa-lanetan 15 urte jardun ondoren, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Paisaia Kulturalen eta Ondarearen ikerketa-taldeko kide eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko Arkeologia Taldeko arduradun Javier Francok doktoretza-tesi gisa aurkeztu ditu 15 urte horietan lortutako emaitzak.  Arqueología y Paleosiderurgia prehidráulica en Bizkaia (siglos III-XIV). Tras las  huellas de los antiguos ferrones (Arkeologia eta Paleosiderurgia prehidraulikoa Bizkaian (III-XIV). Antzinako haizeoletako langileen arrastoen bila) da tesiaren izenburua, eta Juan Antonio Quirós Castillo doktore eta Erdi Aroko Arkeologiako irakasleak zuzendu du.