euskaraespañol

Adin guztiei irekitako unibertsitatea

Hiru campusetako Esperientzia Gelen azken mailako ikasleen lehen topaketa egin da

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/04/22

Argazkia: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

Lehenengoz, Euskal Herriko Unibertsitateko hiru campusetako Esperientzia Geletako azken mailako ikasleak bildu ziren esperientziak partekatzeko. Jardunaldia Gipuzkoako Campusean egin zen, eta, gainera, sistema demokratikoaren krisiari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazio bat eskaintzea izan zen jardunaldiaren helburua.Horretarako, ‘Demokraziaren krisia’ lelopean, konferentzia bana egin dute gaian adituak diren bi pertsona ospetsuk: Daniel Innerarity, filosofia politiko eta sozialeko katedraduna, eta Cristina Monge, politologoa eta Zaragozako Unibertsitateko doktorea. Topaketaren ondoren, ia 60 ikaslek senidetasun bazkaria egin zuten. Jardunaldia amaitzeko, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa (Tabakalera) bisitatu zuten. Jardunaldiaren buru honako hauek izan ziren: Agustín Erkizia, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Aritz Ruiz, Arabako Esperientzia Gelen zuzendari akademikoa; Idoia Igartua, Bizkaiko Gelen zuzendari akademikoa, eta Amaia Irazusta, Gipuzkoako Gelen idazkari akademikoa. Halaber, Arabako Campuseko errektoreorde Manoli Igartua ere bertan izan zen.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Esperientzia Gelek ikasturte honetan 1.000 ikasle baino gehiago dituzte hiru campusetan (264 Araban, 465 Bizkaian eta 278 Gipuzkoan).  Aritz Ruizen arabera, “Funtsezkoa da euskal unibertsitate publikoa adin eta belaunaldi guztiei irekita egotea, eta, ildo horretan, Esperientzia Gelak proiektu estrategikoa da. Unibertsitateak gizartearen erreferentziazko isla izan behar du, eta belaunaldien arteko hesiak apur daitezen lagundu. Geletako ikasleek irudikatzen dute ez garela inoiz gelditu behar ezagutza eta hazkunde pertsonala adin guztietan eta bizitzako etapa guztietan bilatzen, gizarteratzea eta partaidetza soziala bultzatuz, eta, horrela, bizitza osoa sustatu, non bizitza osoko hezkuntzak funtsezko oinarri izan behar baitzuen”.

Bizitza osoko prestakuntza

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Esperientzia Gelak programa ordaindutako lan jarduerarik egiten ez duten eta aurretiko prestakuntzarik behar ez duten 55 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Esperientzia Geletan bi ikasketa mota egiten dira: Giza Zientzietako unibertsitate titulua, lau ikasturtetan ematen diren irakasgaiak egiten dituzten ikasleek lortzen dutena, eta Helduentzako Unibertsitate Ikastaroak (HUI), aipatutako titulu hori amaitu ondoren egin ditzaketenak. Arabako Campusean, ikasturte honetan 129 pertsona daude matrikulatuta Giza Zientzietako unibertsitate tituluan, eta 135 HUIn; Bizkaian, 309 tituluan eta 156 HUIn; Gipuzkoan, berriz, 165 tituluan eta 113 HUIn.  “Gure helburua da unibertsitate ingurunea kolektibo horrentzako gune inklusiboa izatea, haientzat bereziki diseinatutako ekimenen bitartez, eta adierazteko, gogoeta egiteko eta topatzeko guneak eskaintzea dute xede. Horrela, etengabeko prestakuntzako eskaintza publikoa egiten dugu, ez, halabeharrez, lan jardunera bideratua, jakintzaren plazerera baizik. Izan ere, batetik, garapen pertsonalari mesede egiten dio bizitzako fase guztietan, bai eta gizarte kultu, kritiko eta parte hartzaileago bati ere; eta, bestetik,  pertsonen eta belaunaldien arteko harremanak sustatzen dira, eta hori etorkizuneko belaunaldien prestakuntzarako onuragarria izango da”, azpimarratu du Idoia Igartuak.

Lehenengo topaketa horren arrakasta ikusita, jardunaldiaren beste edizio batzuk egingo direla aurreikusi da, txandaka, hiru campusetan. “Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Esperientzia Gelen lehenengo edizioa antolatu dugu ilusio handiz Gipuzkoako Campusean”, nabarmendu du Amaia Irazustak. Aspaldi geneukan antzeko zerbait egiteko gogoa, eta hiru campusetako Esperientzia Geletako azken mailako ikasleak biltzea oso aberasgarria izan da. Jardunaldiaren programaz harago, elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta ongi pasatzeko espazioa izan da. Ziur gaude datorren ikasturtean beste campus batean elkartuko garela berriro, eta, seguru gaude, era berean, ederra izango dela”.