euskaraespañol

Igor Minteguia Arregui

Adierazpen artistikoak eta irainduen gizartea

Zuzenbide Fakultatearen Bizkaiko Ataleko irakasle agregatua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/01

Igor Minteguia Arregui
Igor Minteguia Arregui | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Sormen-askatasunak une zaila bizi du. Besteak beste, sentimendu erlijioso katolikoak babesteko helburua duten talde kontserbadoreen jarduerak edo “kantzelazio-kulturaren” hedapenak sorkuntza artistikoan eragin negatiboa izan dute. Sorkuntza-lana baldintzatua ikusten ari da eta zeharkako autozentsura sustatu da, egileak bere lanek hirugarrengan sor ditzaketen irainengatik beldur baitira.

Espainiar Konstituzioaren 20.1 b) artikuluan artearen eta literaturaren eremuko sormen eta ekoizpen askatasuna aitortzen da oinarrizko eskubide modura. Komunikazio-eskubidearen esparruko askatasun bat izan arren, baditu eremu honetako beste eskubideekiko bereizten dituen zenbait ezaugarri. Zoritxarrez, eragile juridiko desberdinek ez dituzte kontuan izan modu orokorrean. Berezitasun horien artean bi azpimarratu daitezke:

  1. Artearen izaera subertsiboa: artea ez dago komunikazioaren ohiko esanahi-kodeetara lotuta. Lan artistikoak ez daude adierazpen-askatasuna modu legitimoan egikaritzeko ezartzen diren zenbait baldintzen menpe, hala nola, hedatutako mezuaren forma eta edukiaren egokitasuna.
  2. Errealitatearekiko lotura eza: lan artistikoek ez dute zertan errealitatea islatu behar. Sormen hauek, normalean, fikzio bat azaltzen dute, eta egilea ez da zertan derrigorrez bere lanaren edukiari atxiki behar. Artistak irakurlearengan, entzulearengan edo ikuslearengan erreakzio emozional bat sorrarazi nahi du eta erreakzioa hori modu askotakoa izan daiteke: plazer estetikotik, desatsegintasun sentsaziora probokazioaren edo errealitatearen deformazioaren bitartez.

Azken urteetan, arrazoi desberdinengatik zenbait sormen-lan iraingarritzat jo dutenek jarduera artistikoa baldintzatu dute. Kasu aipagarrienen artean, sentimendu erlijiosoekiko irainak nabarmendu behar dira.

Nahiz eta jatorri konfesionala izan, indarrean dagoen espainiar Zigor Kodean sentimendu erlijiosoak babesten dituzten profanazio (524 art.) eta eskarnio (525 art.) delituak aurkitzen ditugu; gaur egun, delitu hauen babesa edozein erlijio-sinesmenetatik eratorritako sentimenduetara hedatu delarik. Delitu hauen aplikazioa marjinala izan da urte askotan zehar, baina azken garaian “Abogados Cristianos” bezalako erakundeen jardueraren ondorioz zenbait kasu mediatiko ezagutuak izan dira eskumen organuengatik (azken adibidea, TV3-k egindako Rocioko Ama Birjinari buruzko “gag”-aren kasua dugu). Nahiz eta kasu gehienak artxibatze edo absoluzio erabakiekin amaitu, ekimen hauek sortzaileei arazo eta deserosotasun ugari sortu dizkiete, bere lana baldintzatuz.

Esparru honetan erantzun beharreko galderak hauek dira: Estatu laiko batean sentimendu erlijiosoak penalki babestu behar al dira? Zergaitik merezi dute sentimendu hauek babes berezi bat Zigor Kodearen aldetik?

Niri iritziz, erantzuna argia da: orokorrean, erlijio-sentimenduak mindu ditzaketen sinismen, sinbolo edo erritoen  irainek ez dute zigor penalik merezi. Hots, sentimenduek ez dute babes penalik izan behar. Beste gauza bat da irain horien larritasuna dela eta gorroto-diskurtsoan barneratu ahal izatea eta gorroto-delituak aplikatzeko adinako larritasuna izatea (zigor kodearen 510 artikulutik aurrera arautuak). Hori gertatu ahal izateko, eraso horiek osagai diskriminatzailea izan beharko dute eta irainduak diren pertsona edo kolektibo (kasu honetan) erlijiosoen kontrako indarkeria, etsaitasuna, gorrotoa edo diskriminazioa sustatzeko egokiak izan beharko dira.

Nolanahi ere, kontuan hartu behar da gorroto delituen jatorrizko helburua kolektibo zaurgarriak babestea dela (nahiz eta ezaugarri hau Estatuko Fiskaltza Orokorraren 2019ko maiatzak 14ko zirkularrean guztiz desnaturalizatua izan). Ezaugarri honek delitu honetatik baztertuko lituzke erasoen subjektu pasibotzat Espainiako konfesio nagusiaren jarraitzaileak dituzten irainak, hauek ez baitute osatzen kolektibo zaurgarri bat gaur egun.

“Kantzelazio-kultura”-ri dagokionez, honek ez du oinarri juridikorik, soziala baizik, eta sorkuntza intelektualen eduki jakin batzuen gaitzespen morala du helburutzat. Ez dago ondorio penalarik egileentzat baina, besteak beste, administrazioekin edo enpresa pribatuekin kontratuak galtzea, zentsura eta abar ekar dezake kantzelazio mota honek. Esparru honetan ez da kontuan hartzen arte lanetan ez dagoela egilearen aldetik konpromezurik egia edo errealitatearekin, eta ez da egilea bere sorkuntzatik bereizten ere. Modu berean, beste garaietako sorkuntzak gaur eguneko irizpideekin aztertzen dira, inolako testu-ingururik gabe. Guzti hau kontuan izanik, “kantzelazio-kulturak” sormen artistikoaren askatasuna larriki kaltetzen duela ondorioztatu daiteke.

Sentimenduen eta irainduen babesa nagusi den egoera batean gaude. Gizarte heldu batean, adierazpen-askatasunaren mugak ahalik eta murritzenak izan beharko lirateke. Adierazpen-askatasunaren egikaritzan hedatutako mezuak iraingarriak izan daitezke, baina hauen aurka tresnarik egokiena diskurtso publiko aske eta garden batean eman daitekeen ideien lehia da, hots, kultura anglosaxoian jatorria duen “ideien merkatua”-ren kontzeptua. Zentzu honetan, zigor kodearen bidea “ultima ratio” behar du izan. Testuinguru honetan soilik kolektibo zaurgarrien kontrako indarkeria, etsaitasuna, gorrotoa edo diskriminazioa sustatzeko egokiak diren mezuak zigortu beharko lirateke.