euskaraespañol

Eguneko irudia

27 ikastaro eskainiko dira G9 unibertsitate taldeak graduko ikasleentzat antolatu duen I. Online Prestakuntza Planean

Lehenengo argitaratze data: 2024/05/09

Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotura duten edukiak jorratuko dira ikastaroetan, eta prestakuntza osagarriko kreditu gisa aitortu ahal izango dira graduko ikasketa ofizialetan.

Ekainaren 9ra arte eman ahalko da izena www.uni-g9.net webgunean.

Graduko ikasleentzako Prestakuntza Plan berrian izena emateko epea zabaldu du G9 unibertsitate taldeak. 27 ikastarok osatzen dute eskaintza akademiko berria (guztira 39 ECTS), eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotura duten gaiak jorratuko dira. Kredituok prestakuntza osagarri gisa aitortu ahalko dira graduko ikasketa ofizialetan (unibertsitate hedakuntza). Ekainaren 9ra arte eman ahal izango da izena (14:00ak arte), www.uni-g9.net webgunean dagokion inprimakia betez.

Planean eskaintzen diren edukiei esker, G-9 taldeko kide diren unibertsitateetako graduko ikasleek GJHen gaineko prestakuntza jaso ahal izango dute online, besteak beste honako gai hauen bitartez: genero berdintasuna, desberdintasunak murriztea, klimaren aldeko ekintza, edota bakea, justizia eta instituzio sendoak.

Graduko Ikasleentzako I Prestakuntza Plana

Lehen edizio honetan, 27 ikastaro eskainiko zaizkie G-9 taldea osatzen duten unibertsitate publikoetako graduko ikasleei. 180 plaza eskainiko dira, eta zozketa bidez onartuko dira ikasleen eskaerak. Ikasle bakoitzak bi ikastarotan izena eman dezake gehienez. Ikastaroak online emango dira 2024/25 ikasturtean zehar, eta matrikula doakoa izango da.

David Benito G-9 taldeko Campus Digital partekatuko zuzendariaren hitzetan, “Plan berri hau prestakuntza akademikoa osatu nahi duten graduko ikasleentzako sortu da bereziki, etorkizunerako oinarrizkoak diren ezagutzak bereganatzeko aukera izan dezaten. Planean hainbat ikastaro eskaintzen dira, zeintzuek teoria eta praktika uztartzen duten, gure garaiko erronka nagusiei aurre egiten laguntzeko. Ikasleek aukera izango dute berebiziko garrantzia duten gaiak jorratzeko, hala nola biodibertsitatearen kontserbazioa, arrisku klimatikoen ebaluazioa eta gizarteratzea. Gainera, zenbait gai kritiko ere jorratuko dira, tartean genero berdintasuna eta ekonomia zirkularra, zeinak funtsezkoak baitira jendarte bidezkoagoa eta ekonomia jasangarria bultzatzeko”.

G9 unibertsitate taldea

G9 unibertsitate taldea 1997an sortu zen, elkarte gisa, eta hainbat unibertsitate publiko biltzen ditu bere baitan, beren autonomia erkidegoan publiko diren bakarrak. Hauek dira kideak: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, baita Murtziako Unibertsitatea ere, laguntzaile gisa.

Informazio zabalagoa:

Graduko Ikasleentzako Prestakuntza Plana