euskaraespañol

PLPF8 kongresuak Artikutza bisitatuko du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/19

PLPF8 (Plant Litter Processing in Freshwaters 8) nazioarteko kongresuan materia organikoak ibai eta hezeguneetan duen garrantzia aztertu da. Bilbon, uztailaren 17tik 19ra egindako kongresua UPV/EHUko Ibai-Ekologia taldeak antolatu du. Utzailaren 20an zientzialariek Artikuntza bisitatuko dute.

Materia organikoa, adibidez, lehorretik datorren orbela, ibai eta hezeguneetako bizidunen janari-iturri nagusia da, baina horrez gain, ingurumen-arazoen iturri ere izan daiteke, adibidez, urtegietan kantitate handitan metatzen bada. Horregatik, materia horrek naturan duen prozesaketak ekosistema urtarren osasunaren inguruko informazioa ematen du eta uraren kalitateari lotutako inplikazio praktiko garrantzizkoak ditu.

PLPF8 kongresuak 15 herrialdeetako 80 inguru zientzialari bildu ditu, arloan izandako azken ekarpenak eztabaidatzeko. Uztailaren 20an, ostegunean, Artikutzara irteera zientifikoa egingo da, partaideek inguruan hobekien kontserbatutako erreketako batzuk ikusteko aukera izan dezaten, UPV/EHUko taldeak egindako ikerlanak eztabaida ditzaten, eta bertatik bertara ezagut ditzaten Donostiako Udalak bertan egindako kontserbazio eta hobekuntza lanak. Irteeraren  punturik interesgarriena Enobietako urtegiaren bisita izango da, 50 urteko biziaren ondoren desgaitu egingo dena, bertako materia organikoaren metaketa handiek kudeatzaileentzat erronka handia eta zientzialarientzat aukera aparta eskaintzen baitizkiete.