EHU Orkestra Sinfonikoak musika tresnak afinatu ditu lehenengo aldiz
Victor Doru Artenie musikariak ikasle eta unibertsitateko langileek osatutako EHU Orkestra Sinfonikoaren lehenengo entsegua zuzendu du
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2016/11/04
Entsegua hastera doa… batutaren soinua entzuten da… isiltasuna Areto Nagusian… EHU Orkestra Sinfoniko jaioberriaren 44 musikariek beren musika tresnak afinatu dituzte estreinako aldiz. Aurkeztutako ia 100 eskaeretatik aukeratutako musikari hauek, EHUko lehenengo orkestra proiektuan parte hartuko dutenak hauxek dira: 11 biolin, 3 biola, 2 biolontxelo, kontrabaxu 1, 8 txirula, 2 oboe, 6 klarinete, 2 fagot, tronpa 1, 4 tronpeta, bonbardino 1, 3 perkusiozko instrumentu. Biolaren birtuoso, Juan Crisostomo Arriagako kontserbatorioan irakasle eta BOSeko (Bilbao Orkestra Sinfoniko) musikari ohia den Victor Doru Artenie musikari errumaniarraren zuzendaritzapean, unibertsitate munduaren eta musikaren arteko sinbiosi artistikoa sortuko dute.
Hiru campusetatik etorritako ikasle, ikasle ohi, langile eta irakasleak, musika tresna besapean, Areto Nagusira heldu dira azaroko lehenengo ostegun honetan, ikasturte honetako lehen entsegu izango den honetara.
UPV/EHUko errektore den Iñaki Goirizelaiak harrera egin nahi izan die orkestrako kideei eta "proiektua, etorkizuneko proiektu erakargarria izateko asmoa" agerrarazi die.
Entzunaldiak
Jende askok egin du orkestra-kide izateko eskaera eta antolatzaileek, erantzun positibo honengatik txundituta eta harrituta, entzunaldiak egin behar izan dituzte musikariak aukeratzeko. Froga horiek, gainera, urduritasun eta tentsioz josita egon dira. Izan ere, zuzendariak azaldu bezala, "negarrak ere egon ziren gogo biziagatik eta entzunaldietara aurkeztu ziren pertsonek beraiek inposatutako presioagatik: baten batek hainbeste desiratzen zuenez, ezin zuela presioa jasan aitortu zuen: "Egin dudana baino askoz hobeto jotzen dut nik… esan zigun parte-hartzaile batek". Zorionez neska hori hautatuen zerrendan dago.
Sarai Campo, adibidez, pozez zoratzen heldu da, "40 urterekin, familia edukita… jotzeko aukera daukadan bakoitzean aprobetxatzen dut eta musika klasikoa jotzea hain zaila izaten denez, oso pozik nago. Esperientzia honetan nire helburu bakarra primeran pasatzea da", azaldu du bere irribarre zabalarekin biola honek.
Ainara Arce ikaslearen eta Laura Benavente EHUalumniaren kasuak antzekoak dira, ilusioz beteta "zerbait handian parte hartu eta gauza politak egiteko" helburuarekin datoz eta biek "horrelako ekimen bat lehenago martxan jarri behar zela" uste dute. 8 eta 11 urterekin biolina jotzen hasi ziren eta elkar ezagutzen ez bazuten ere "instrumentuak asko lotzen duela" deritzote eta berehala hasi dira bata bestearekin hitz egiten. Ainararen kasuan helburua bikoitza da izan ere bere lau urteko alabak amak orkestran jotzen duela ikustean txirula ahaztu eta hari instrumentuen grina piztuko zaiolakoan baitago.
Ainara, Laura eta Sarai EHU Orkestra Sinfonikoaren kide ofizialak dira jada baina entzunaldiak zabalik jarraitzen dute eta beste lau pertsona entsegura etorri dira sarrera froga egiteko asmoz, Beatriz Elorza da horietako bat, orain dela 20 urte biolontxelo ikasketak amaitu zituen eta egun ume txikien musika irakaslea da. "Zaila da taldeetan jotzea eta lagun batek proiektu honen berri eman zidanean aukera paregabea iruditu zitzaidan". UPV/EHUko ikasle ohi horrek proiektu honetan parte hartzeko izena eman berri du; izan ere, orkestran parte hartzeko epea modu iraunkorrean zabalik baitago.
Musikarien goi maila
Orkestraren helburua guztiz amateurra bada ere, proiektuan sartzeko asmoa erakutsi dutenen maila musikala uste baino handiagoa izan da.
"Bazterketa gutxi egin ditugu, aurretiazko bazterketak orkestra batean aurkitzen ez diren musika tresnak jotzen zituztelako izan dira, eta beste batzuk, gutxi batzuk hain zuzen ere, besteen mailara heltzen ez zirelako. Hala ere, ez dugu ahaztu behar hezkuntza dela gure xede nagusia, eta, nahiz eta denek ezingo duten kontzertuetan jo, denek ikas dezakete eta denek lan egin dezakete, txandaka bada ere", azaldu digu Arteniek. Zudendariak, besoko gaitz bat dela eta, BOS utzi behar izan zuen eta orain ekimen honen bidez musikak eman diona itzuli nahi du.
Musika programa
Orkestra Sinfoniko honen errepertorioari dagokionez, musikaren historiaren aldetik garrantzitsuak diren lan errazetan oinarrituko da. "Lehen entsegu honetarako Beethoven-en ‘Coirolano' obertura aukeratu dut. Sinfonia bat ez den arren, bertsio laburrago eta kontzentratuagoa den hamar minutuko pieza hau sinfoniatzat har daitekeelako; programa zalu, askotariko, fresko eta dibertigarri baten bila nabil, gazteei zuzenduta, baina kalitateari uko egin gabe". Arteniek Bartok-en dantza errumaniar batzuk ere jo nahi ditu"klasizismo aurrekoa, barrokoa, klasizismoa, erromantizismoa eta XX. mendean sartu nahiko nuke. Musikan funtsezkoak diren lan laburrak joko ditugu, gazteekin jardun eta gazteei zuzentzen garenez, errepertorio erakargarria eratu nahi dugulako".
Noiz eta non entzun ahal izango ditugun momentuz inork erantzun ezin duen galdera da; kontzertuen datak ezagutzeko oraindik itxaron beharko dugu, ikasturte hau musika tresnak eta taldea ere afinatzeko urtea izango baita, "baina estreinaldia uste baino gertuago egon daiteke". Entseguen hitzordua, estreinaldi horretarako prestatzeko, Areto Nagusian izango da ostegunero bostetatik zortziak arte.
Orkestrako musika tresna bat jo eta EHU Orkestra Sinfonikoko musikari izan nahi baduzu ezin duzu huts egin: https://www.ehu.eus/eu/web/bizkaia/ehu-orkestra-sinfonikoa
Fotos: Mitxi. UPV/EHU