euskaraespañol

Zelula amen bidez burmuina konpontzeari buruzko dibulgaziozko hitzaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2014/06/04 Noiz arte: 2015/01/19, 18:30 - 11:51

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Achucarro zentroak (Achucarro Basque Center for Neuroscience, Ikerbasquek eta Euskal Herriko Unibertsitateak 2012an sortutakoa) Achucarro forumaren beste edizio bat antolatu du; foruma burmuinaren ikerketaren eremuko gaurkotasun gaiei buruzko dibulgaziozko hitzaldien zikloa da. Bertaratzea doakoa da, eta edonor joan daiteke. Hala ere, aurretik izena eman behar da, edukiera mugatua baita.

Ekainaren 4an, asteazkenean, arratsaldeko 18:30ean, Isabel Fariñas Valentziako ikertzaileak zikloko bigarren hitzaldia emango du  Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Bilbo). Hona hemen izenburua: "Células Madre ¿Es posible reparar el cerebro por dentro?" Hitzaldia amaitutakoan, galderak egiteko txanda zabaldu, eta eztabaida egingo da.

Hitzaldia

"Zelula ama" kontzeptua birsorkuntza-medikuntzari lotuta dago, eta dagoeneko gure eguneroko hizkuntzako hitza da. "Zelula ama" kontzeptuaren barnean, hainbat jatorritako zelulak sartzen ditugu: zelula ama enbrionarioak, zelula pluripotente induzituak, zelula ama helduak. Horiek guztiak haztegi-plaka batean modu mugagabean hedatu daitezke, eta lesioagatik edo endekapenezko prozesuengatik galdu diren zelulak berreskuratzeko erabilgarriak izan daitezkeen zeluLa motak sor ditzakete. Horrek itxaropen handiak dakartza zelulen terapiarako.

Baina ugaztun helduen (gizakiak barne) ehun eta organo ia guztietan dauden zelula amek (ZA) ehun horien etengabeko berriztapen zelularra oinarritzeko eginkizuna dute, baita nerbio-sisteman ere. Zelula ama heldu horiek kokapen oso zehatzetan daude, eta horien mikrogiroak edo berariazko nitxoak haien plastikotasun handia eta  iraunkortasuna erregulatzen ditu.

ZAen nitxoetako portaera erregulatzen duten seinaleetako asko oraindik ezezagunak dira, eta oraindik ere kontzeptu asko ulertu behar dira ZA helduen oinarrizko biologiari buruz. Hala ere, ehun helduetako zelula horien azterlanetik ondorioztatutako jakintzek, gaur egun egiten diren hazkuntzak hobetzeaz gain, ZA endogenoen balizko berraktibazio kontrolatua proposatzea ekar lezakete, terapia zelularraren estrategia terapeutikoetan transplantearen beharra desagerrarazita.

Isabel Fariñas

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Biologian lizentziatu zen, eta tesia Madrilgo CSICeko "Ramón y Cajal" Neurobiologia Institutuan egin zuen ikus kortexeko konexio sinaptikoei buruz, Javier de Felipe doktorearen (burmuinari buruzko "Brain Activity Map" Europako ikerketa proiektu handiko kidea) ikuskaritzapean.

Bartzelonako Unibertsitatean hiru urtez neurotransmisio kolinergikoko irakaslea eta ikertzailea izan ondoren, Kaliforniako Unibertsitateko (San Frantzisko, AEB) Louis F. Reichardt doktorearen taldean sartu zen, Fulbright eta Human Frontier Science Program Organization programetako doktorego ondoko bekadun gisa eta gero ikertzaile gisa. Hor neurotrofinek nerbio-sistemaren garapenaren erregulazioan duten eraginari buruzko ikerketak garatu zituen, sagu mutanteen anduiak erabilita.

1998an Valentziako Unibertsitatean sartu zen, eta bertan gaur egun Biologia Zelularreko katedraduna da eta Neurobiologia Molekularreko Atala zuzentzen du. Haren taldeak burmuin helduko zelula amen portaera eta indarra aztertzen ditu.

Burua izan da neuroendekapenari eta terapia zelularrari buruzko hogei bat ikerketa proiektutan, eta unera arte nazioarteko aldizkari ospetsuetan (adibidez, Cell, Nature, Nature Neuroscience, Neuron, PNAS, Cell Stem Cell edo Genes & Development) argitaratu dituen 80 lanek baino gehiagok 8.000 aipamenetik gora izan dituzte. Horrez gain, horietako batek osasun zientzietako lan zientifiko onenerako Fiscam (2007) eta Alberto Sols (2009) sariak eskuratu ditu. Terapia Geniko eta Zelularreko Espainiako Elkarteko eta International Society of Differentiation elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea da, eta 2013an European Molecular Biology Organization erakundeko kide hautatu zuten. Haren taldea Neuroendekapenezko Gaixotasunen Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroko eta Terapia Zelularraren Nazioko Sareko kidea da, eta Valentziako Erkidegoko Prometeo bikaintasun taldea ere bada.

Achucarro zentroa

Achucarro Basque Center for Neuroscience BERC (Basque Excellence Research Centres) ikerketa zentro bat da, Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa, eta honako hauek parte hartzen dute horretan, patroi gisa: Ikerbasque - Zientziarako Euskal Fundazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Osasun arloko Berrikuntza eta Ikerketarako Euskal Fundazioa (Bioef).

Achucarro zentroa neurozientziaren ikerketara bideratuta dago, eta haren helburu nagusia burmuinean gertatzen diren neuroendekapenezko gaixotasunetarako eta gaixotasun immuneetarako tratamendu eta terapia berriak garatzeko jakintza erabilgarriak sortzea da.

Zentroaren izenean Nicolás Achúcarro Bilboko neurozientzialaria agertzen da, burmuinaren eta haren gaixotasunen ikerketako aitzindarietako bat izan baitzen. Achúcarro Santiago Ramón y Cajalen eta Alois Alzheimerren ikaslea eta lankidea izan zen, eta nazioarteko ospea zuten Europako eta AEBko zentroetan  garatu zituen bere ikerketak. Haren karrera intelektual bikaina 37 urte zituenean eten zen, bere buruari diagnostikatu zion Hodgkinen linfoma agertu zenean.

Informazio gehigarria